Garazi Esnaola (Eraul): «Ordu beteko emanaldian poesia tartekatuko dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 24a, 10:00

Eraul Asier Beramendiren izen artistikoa da. Donostiarra duela lau bat urte hasi zen euskaraz eta ingelesez abestiak idazten eta mikro irekietan parte hartzen eta Suediako agertokietan ere aritu izan da. Asier Beramendirekin  batera, taldean, Lizartzako Garazi Esnaolak hartzen du parte. Sei lagunek osatzen dute taldea.

Asier Beramendiren proiektuan sartu eta kontzertuak ematen zabiltzate. Maketako hiru abestiak ere berak sortuak dira, taldea osatu eta gero moldatu egin al dituzue?
Berak Kutxak eskaintzen zuen aukera bati esker sortu zuen Eraul eta bere abestiak dira maketakoak, baina behin taldea osatuta, denon artean osatu eta moldatu ditugu abestiak.

Zertan ari zarete orain?
Alde batetik, eginda ditugun abesti berriekin disko bat osatu nahi dugu, horretan gabiltza, eta bestetik, eskuartean dugun hori zuzenekoetan zabaltzen ari gara.

Nola definituko zenukete egiten duzuen musika mota?
Ez da erraza. Folk doinuetan ibiltzen gara eta bluesa ere ukitzen dugu. Gauza askoren nahasketa da Eraul.

Berezia izango da herrian jotzea.
Guretzat berezia izango da, eta batez ere, niretzat. Talde guztiak donostiarrak dira ni izan ezik, beraz, handik gehiago jotzen dugu. Ordu bete inguruko emanaldia izango da eta poesia ere tartekatuko dugu. BiHozkada taldeko Tomas (Lizardi) eta Nahikarirekin (Calleja) proiektuak konpartitu izan ditut, eta Oinkarirekin musikari bezala aritu nintzenean ere batera egon ginen, kontzertua berezia izango da alde horretatik ere.

Eraul ez da zure lehen taldea, beraz.
16 urterekin edo hasi nintzen kantaldiak eskaintzen Garazi Egigurenekin eta eskualdeko beste zenbait kantarirekin batera, eta ordutik musikaren munduan nabil. Tomas eta Nahikarirekin Kantuki eta Margot taldeetan aritu nintzen. Margot izan zen nire lehen proiektua. Eta kolaborazio eta ordezkapen batzuk egiteko aukera ere izan dut, baina orain, Eraul taldean nago zentratuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!