«Gogorrenak diren gaiei ere buelta eman diezaieke clownak»

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 9a, 11:00

Aurtengo Donostiako Poltsikoko Antzerkiaren Sariketan bigarren saria eskuratu zuenetik, Itziar Saenz de Ojerrek (Donostia, 1976) Pituxa pertsonaia herriz herri darama harreman erotikoen inguruko begirada umoretsu eta kritikoa zabaltzen. Sexijentziak askatuz proiektuan Peio Arnaezen zuzendaritzapean ari da lanean lizartzarra. Aurtengo Amarotzeko Antzerki Astean izango da, ekainaren 28an.

Nola sortu zen orain esku artean duzun proiektu hau?

Sexologia ikasketak egiten hasi nintzen, eta sexologoa den lagun bati eta bioi bururatu zitzaigun harreman erotikoen inguruko antzezlan bat egitea. Bestalde, aprobetxatu genuen, Donostiako Udalak Poltsikoko Antzerki Sariketa antolatzen duela urtero, eta horretan izena eman eta proiektu bat aurkeztu genuen. Saria jaso genuenez prestatzeko data eta motibazioa bagenituen.

Harreman erotikoen inguruko begirada umoretsua eta kritikoa eskaini nahi duzue, eta horretarako clown hizkuntza erabiltzen duzue.

Bai, badira dozena bat urte lana zuzendu duen Peio Arnaezekin lanean nabilela. Ikastaro batzuk egiten hasi nintzen eta oraindik ikasten jarraitzen dut. Duela dozena bat urte sortu genuen Bazen behin clown taldea. Clowna tresna indartsu bat da berez serioak diren gaiei beste buelta bat emateko. Iruditzen zait clownaren bitartez nahi den guztia kontatu daitekeela, begirada umoretsu eta kritiko batekin askotan. Gogorrenak diren gaiei ere buelta bat eman diezaieke clownak, eta umorea egin goxotasunetik eta errespetutik, mindu gabe, baina edozein gaiekin egin daiteke umorea.

Peio Arnaezen zuzendaritzapean lan egin arren, gidoia talde lanean osatu duzue.

Peiok esaten dit oholtza gainean bakarra dagoenean ematen duela inor ez dela existitzen. Nik azpimarratu nahi dut talde bat dagoela antzezlan honen atzean. Zuzentzen Peio ari da, zuzendari laguntzaile Mentxu Arrieta egon da Bazen behin clown taldearen sorreratik egon dena. Bestalde, ni Sexune sexologia taldean nabil eta bertako Elena Jimenez sexologoa laguntzen egon da prozesu guzti honetan. Jantziak nire amak, Coro Martinezek, egin ditu. Beste lagun batek, ordenagailuko lanak egin dizkit. Oholtza gainean ni bakarrik egon arren, atzean talde bat dago eta jende askoren ideiak eta proposamenak. Antzezlan hau prestatzen konturatu naiz zenbat jende daukadan inguruan laguntzeko prest.



Pituxa da obrako protagonista, baina agertokia pertsonaia ezberdinekin konpartitzen du. Hau da, paper asko interpretatu behar dituzu. Nola bizi duzu zuk hori eta publikoak nola jasotzen du?

Nik uste dut pila bat aberasten duela eta publikoak asko eskertzen duela. Aktorea ni naiz, Pituxaren paperean eta bere historia kontatzeko hainbat pertsonaia ateratzen dit. Orduan, aldaketa oso gutxirekin pertsonaia horien papera hartzen joaten naiz. Niretzat momentu batzuetan ez da erraza hain aldaketa azkarrak egitea, baina egia da obra jostariagoa egiten duela eta nik uste dut publikoak hori eskertzen duela. Batzuetan identifikatuagoak senti daitezke pertsonaia batekin edo bestearekin. Adibidez, nik uste amaren paperak jende helduarengan arrakasta handia daukala garai bateko pentsaera eta izaerarekin bat egiten duelako. Bi lagunen pertsonaietan, berriz, gazteek errazago ikusten dute islatuta gaur egungo pentsaera.

Hain zuzen ere, publikoari zuzenean hitz egiten diozu obran, eta ondorioz inprobisatze lan bat ere eskatzen dizu.

Clownean beti dago inprobisazio puntu bat. Ez da antzerkian bezala, esaten den laugarren horma hori dagoela. Clowna publikoari begira egiten den antzerkia da, orduan beti kontuan hartzen duzu publikoa. Antzezlana ez da inprobisazioa, gidoia dago, baina bide horretan publikoaren arabera ateratzen zara eta berriz sartu... Joko hori beti dago, are gehiago bakarra badago agertoki gainean, ez dio beste norbaiti eragiten. Publikoarekin harremana beti dago eta clowna pila bat aberasten du horrek. Niretzako inprobisazioak badauka magia puntu hori, leku bakoitzean desberdina dela. Batzuetan tresnarik gabe gera zaitezke, baina nik uste dut nahiko ongi moldatzen naizela bat-batekotasun horretan, eta askotan disfrutatzen da asko; zeren ikusten duzu jendea sartzen dela.

Jendeak, hortaz, zer nolako harrera izan du emanaldietan?

Nik uste dut ona. Donostian estreinatu genuen, Poltsiko Antzerkiaren barruan eta izugarria izan zen, ehun pertsonatik gora etorri ziren tabernara, eta gero beste hiru tabernetan ere egin genuen. Lizartzan eta Iruran ere jende dezente etorri zen. Bukaera aldatu egin diot, orain papertxo batzuk banatzen ditut jendeak idazteko, hori Donostiako emanaldian ez nuen egin. Gero Pituxak irakurri egiten ditu, eta hori oso ondo atera izan da. Era berean, sentsazioa daukagu adin guztietarako obra bat atera zaigula, eta inprobisazioak duen alde ona ere bada, zauden lekuaren arabera molda zaitezkeela. 15 urteko gazteak edo 80koak etorri dira ikustera eta asko gustatu zaie denei; niretzako oso polita da hori.

Hezkuntzara ere zabaldu nahi duzue obra.

Orain lanean ari gara institutuetara eta, obra eramateko. Osatzen ari gara, dinamikaren batekin, gazteekin egiteko; zeren azkenean, jorratzen den gaia oso zabala da eta nik uste dut denei eragiten digula.

Sexologia ikasketak ere eginak dituzu, eta hori probestuko duzu, ezta?

Bai, oraindik ere harreman erotikoen gaia nahikoa tabu da. Gizartean informazio asko dago, asko hitz egiten da, baina ikuspegia oso hertsia da. Lanean Pituxak ez dauka orgasmorik eta horren aurrean itobeharra sentitzen du, zeren gaur egun iristen zaigun mezua da orgasmoa zoragarria dela eta hori ez baduzu lortzen... Horregatik, hortik abiatzen da lana eta nik uste dut gazteei, zaharrei edo denei gertatzen zaigula, gure buruari jartzen dizkiogula helmuga eta betebehar batzuk (baita sexu harremanen gaian, beste askotan bezala), eta ematen du ez bazara horra iristen arraroa zarela. Horri heldu nahi genion, iruditzen zaigulako gizartean presio handia dagoela gai honekin eta gazteek ere hori bizi dutela. Pentsatzen dugu gure aitona-amonen garaian zeinen zapalduta bizi ziren, baina orain beste muturrera pasa gara; ematen du dena libre dela eta oso aske garela, baina gero zenbateraino gara gure buruarekin zintzoak, eta noraino dakigu zeintzuk diren gure desirak, nora jo nahi dugun, zer konfiantza daukagun beste pertsonarekin guri zer gustatzen zaigun eta zer ez esateko... Gehiago edo gutxiago nik uste dut jendea hausnarketa puntu batekin joaten dela.



Gustura zaudete lan honekin Poltsikoko Antzerkiaren saria jaso ondoren?

Bai, guretzako opari bat izan da. Aurten 2016aren kontuarekin, bi sari eman dituzte, guri bigarrena egokitu zaigu. Horrek guretzako alde batetik, ekonomikoki laguntza bat suposatzen du obra prestatzeko eta poltsiko antzerki barruan lau emanaldi izan genituen, hau da, obra prestatu aurretik lau emanaldi dituzu ziurtatuta, jende pila batek ikusteko aukera izango duela. Taldearentzat oso aukera ona izan da, oso pozik gaude.

Hala ere, honakoa ez da Bazen behin taldeak jasotzen duen lehen saria.

Taldea duela hamabi urte sortu genuen, eta bitan Donostiako Antzerki Gazte Lehiaketan aurkeztu ginen, 2006 eta 2008, eta bi sari jaso genituen. Gero, Asvinenean egiten den antzerki motzen lehiaketan behin edo bi aldiz irabazi dugu. Peio Arnaezek eman zuen clown ikastaro batean elkartu ginen leku desberdinetako jendea eta horren ondoren atera genuen taldea. Taldean jendea ateratzen eta sartzen joan da, eta Peio Arnaiz, Mentxu Arrieta eta hirurok hasieratik gaude.

Clowna ez dago oso zabaldua, ezta?

Nahikoa jende dabil Tolosa inguruan, Intujai Teatron esaterako, Bea Larrañaga eta May Gorostiaga. Egia da ez dagoela oso zabaldua, eta oraindik clowna edo pailazoa umeen zerbait bezala ikusten dugu. Hala ere, uste dut gero eta jende gehiagorengana iristen dela, eta gauza gehiago egiten direla. Gauzak egiten dira, eta oso interesgarriak gainera. Lanean gabiltza haurrentzako bakarrik den kutsu hori kentzen. Oraindik, clowna edo pailazo sudurra duen norbait agertzen bada kartel batean argitu behar duzu emanaldia helduentzat dela, zeren bestela jendeak umeentzat dela pentsatzen du. Probatzen duen eta ikustera datorren jendea gustura gelditzen da.

Aurrera begira 'Sexijentziak askatuz' lana zabaltzen joatea al da zure asmoa?

Bai, horretan gabiltza. Obra prestatuta dago, jada sei emanaldi egin ditugu eta jarraitzeko asmoz gaude. Edozein lekutara egokitzen den obra bat da, zeren formatu txikikoa da, aktore bakarrarekin, eta aulki bat eta esekitoki bat besterik ez da behar. Ez da teknikorik behar, eta taberna, kultur-gune, gaztetxe, gazteleku, eskola edo edozein lekutara molda daiteke. Asmoa ahalik eta leku gehienetan egitea eta ahalik eta jende gehienak ikustea da.

Beste zerbait gehitu nahi al duzu?

Lehen aipatu dugu sexologia ikasitakoa naizela, eta esan obraren oinarriak badituela eduki sexologiko batzuk. Gaia pentsatu genuenean argi genuen nondik nora jo nahi genuen, eta gidoia eta pertsonaiak eduki horien ondorioz pentsatuta daude. Sexologo talde bat egon da hor atzean, eta ondo pentsatuta dago zer esaten den eta zer ez, nork esaten duen, nola... Gai asko ukitu nahi izan ditugu, eta beste asko ere kanpoan geratu dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!