Plaza dantzek hartuko dute Lizartza

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 4a, 11:55

Otsolar dantza taldeak Erromeria Eguna antolatu du hirugarrengoz, larunbaterako

Erromeri giroa izango da nagusi, larunbatean, Lizartzan. Erromeria Eguna antolatu du hirugarrengoz Otsolar dantza taldeak, eta helburua « erromeri giroa suspertzea» dela esan du Otsolarreko Malen Arrospidek. «Lehenagotik Dantzari Txiki Eguna antolatzen genuen, baina batez ere, haurrentzako eguna zen eta motz geratzen zela pentsatu genuen. Haur eta gazteek, gainera, aste guztia entseatzen eman eta gero, dantzak erakusteko tokia behar zutela ere pentsatu genuen», gaineratu.

Arrospidek esan duenez beraien nahi baino jende gutxiagok hartzen du parte egun berezi honetan, eta horregatik egiten diete dei dantza ikasleei eta herritar guztiei parte hartzera; «gure helburua hori da, pixkaka jende gehiago erakartzea Erromeria Egunera».

Otsolar dantza taldeko kideak esan duenez, azken urteetan erromeriak egiteko eta bertan parte hartzeko ohiturak behera egin du, eta zenbait kasutan plazan dantza egitea «arraroa» ere bada, «gure ahalegina dantzarako grina suspertzeko da». Giro gehiago sortzeko herritarrei euskal jantziekin joateko deia ere egin diete.
Eguna eguerdian hasiko dute. Plazan elkartu eta plaza dantzak egingo dituzte: «Dantza errazak izango dira, dantza eskolan ez daudenak ere erraz egiteko modukoak; Txulalai, Zazpi jausi... Bestetik, pauso bereziagoak dituzten bestelako plaza dantzak ere egingo ditugu, binaka egiteko oso dantza politak direnak. Baita, Fandango eta Arin-Arinak... Pausoen azalpenak emango ditugu». Tolosako Udaberri dantza taldekoen laguntza izango dute, urteroko moduan.

Aurtengo berrikuntza eguna bukatzeko egingo duten sagardo eta pintxo dastaketa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!