«Taldeari laguntzea, maila ona ematea eta erritmora moldatzea dira helburu nagusiak»

Irati Saizar 2016ko abe. 21a, 11:49

Kirolaririk ez da falta Tolosaldean. Txikitatik buru belarri kirol batean murgildu eta profesionaletaraino iristea lortu dute batzuek. Horietako bat da Jon Irisarri txirrindulari leaburuarra. Datozen bi denboralditan profesionaletan ariko da Caja Ruralekin.

Txikitako ametsak egia bihurtzeko bidean da Jon Irisarri. Azken denboraldiko garaipen eta erregulartasunaren saria jaso du; profesionaletan debutatuko du egun dabilen taldearekin, Caja Ruralekin.

Noiz jakin zenuen profesionaletan debutatzeko aukera izango zenuela?

Aspaldi jaso nuen. Lehenengo urteko denboraldi erdialdean edo esan zidaten igoko nindutela eta egia esan, momentu horretan oso-oso pozik jarri nintzen. Orain, ilusionatuta nago denboraldia hasteko. Ez da asko geratzen eta pozik, ilusionatuta eta gogo handiz nago.

Esperotakoa izan da?

Caja Ruralean egonda aukera neukan igotzeko. Denboraldi ona eginez gero, banekien igoko nindutela eta ondo irten ziren gauzak aurreko denboraldian, karrera onak egin nituen eta aukera eman zidaten.

Txirrindularitzan hasi zinenean pentsatu zenuen inoiz honaino iritsiko zinenik?

Ez, egia esan, txirrindularitzan hasten zarenean beti edukitzen duzu profesionaletara iristeko eta honetara dedikatzeko ametsa. Baina, inoiz ez nuen imajinatu honetara iritsiko nintzenik eta ez nuen espero. Iristea izugarria izan da.

Aurreko denboraldian lortutako garaipenen ordaina da profesionaletan debutatzea?

Ez da hori bakarrik izan. Egia da lau garaipen esanguratsu lortu ditudala; Legazpiko Santikutz Klasikoa, Bidasoako etapa bat, Gran Premio Macario eta Gran Premio Sanroma. Baina, nik uste denboraldi erregularra egitea ere izan dela gakoa, horiek irabazteaz gain. Emaitza onak daudenean, aukerak izaten dira.

Zer eskaintzeko gai zara profesionaletan?

Nik uste aldapan gora aguantatzen duen esprinterra naizela. Talde txikietan sprinterako balio dudala uste dut. Baina, oraindik ez dakit seguru zer izango nazien. Igotzen nazienean ikusiko dut neure burua non dagoen eta nire lekua aurkitu beharko dut. Lehenengo urtean taldeari laguntzen ariko naizela pentsatzen dut, baina, bigarrenetik aurrera kokatzea tokatuko zait.

Afizionatuetatik profesionaletara aldea dagoela esan ohi da. Zein aldaketa espero dituzu zuk?

Gehiago zaindu beharko naiz eta gehiago entrenatu beharko dut. Gauzak detaile gehiagorekin eraman behar dituzu, baina, nire ustez erritmoa da bereziki aldatzen dena. Karreretako erritmoa askoz handiagoa da profesionaletan eta beraiek daukaten puntu hori ez daukat oraindik. Orduan, erritmo hori hartu beharra dago, gogor entrenatu, asko saiatu eta pixkanaka-pixkanaka ea lortzen dudan.

Entrenatzeko moduan izan du eraginik?

Lehengo entrenamendu berdinak dira, baina, ordu batzuk gehiago sartu behar izaten ditut orain. Lehengo urtean lau ordu eta erdi egiten banituen, aurten bost eta erdi edo horrela egiten ditut. Gimnasioan antzeko egiten ari naiz, igeri ere bai, belodromora ere joaten gara. Azken finean, lehengo urteko berdina da pixka bat gehiagorekin, entrenamendu luzeagoekin. Baina bueno, afizionatuetarako entrenatu behar duzunaren antzekoa da. Ezin da ordea aldaketa handiegirik eman, gehiegi entrenatzea ere ez baita ona.

Aurrera begira, zein helburu jarri dizkiozu zeure buruari?

Kategoriara moldatzea lehendabizi. Horrekin gustura geratuko nintzateke. Azkenean, taldeari laguntzeko gaitasuna edukitzea eta taldeak nigandik espero duena ondo betetzea da helburua. Oraingoz, ez dakit zer espero duen taldeak nigandik, baina laguntzea, maila ona ematea eta erritmora moldatzearekin konformatzen naiz. Aurrera begira, beste helburu batzuk jarriko ditut aurrez egindakoaren arabera.

Txirrindularitzaz gain, ikasten ere ari zara. Nola koordinatzen dituzu bi gauzak?

Aurten, ikasgai gutxiago egiten ari naiz. Entrenamenduak eta orokorrean txirrindularitza lana da niretzat, beraz, egunerokotasunean entrenamenduei ematen diet garrantzia eta gero ahal badut klasera joaten naiz. Tartea dudanetan, akademietara joaten naiz eta horren bidez, ahal ditudan azterketak egiten ditut. Ikasgai gutxiago hartuta, urte gehiago beharko ditut gradua amaitzeko, baina, azkenean, txirrindularitza nik nahi nuena da eta lehentasuna horri emango diot.

Profesionaletara pasata, famatua egingo zara beharbada. Prest zaude?

[Barreak]Jende gehiagok ezagutuko nau egia esan, baina, Espainia mailan eta leku guztietan futbolariak dira famosoak direnak. Txirrindularitza jarraitzen dutenek ezagutzen gaituzte, batez ere Euskal Herrian, asko jarraitzen baita txirrindularitza. Baina, ez pentsa hainbesterako denik. Nik garrantzia taldearen irudia zaintzeari ematen diot. Jendearen aurrean ezin duzu irudi txarra eman, taldearen irudia mantentzen saiatu behar dugu. Ni prest nago horretarako. Taldea asko gustatzen zait eta bere irudia transmititzea gauza polita iruditzen da niretzat.

Ingurukoek nola jaso dute albistea?

Oso pozik. Familiak eta lagunek nire egunerokotasuna ikusten dute, eta baita nola saiatzen naizen ere. Ametsa bete dudala ikustea pozgarria da denentzako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!