Gutuna: Ama hil ondoren, Andoni Otegik herritarrei idatzitakoa

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 6a, 12:39

Maitasunez eta elkartasunez gainezka egin zuten Leaburuko plazak eta elizak gure ama Maritxuren agur eta oroimen ekitaldian. 

Hamalau urteren ondoren, berandu xamar, baina iritsi ginen gure herriko berotasunera, eta bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuet bertan bildu zineten herritar, lagun eta ezagun guztiei. Bero egiten du Andaluziako espetxeetan baino bero goxoagoa euskal herritarren babesean; hor izan zen Maritxu, Almeriako puntan, hainbat seniderekin batera 1.000 kilometroko joaneko bidaia egin ondoren, hil aurretik hiru aste eskas lehenago. Ez zen ondo sentitzen, eta, halere, indarrak atera zituen dispertsioaren gainetik.

Ekartzen gaituzte Euskal Herriko espetxeetara gure etxekoei lur ematera edo agur esatera, baina ez ezer gehiagorako, ez bertan gelditzeko. Lepoa bihurritu nahi digun legedi berezia gainditzeko garaia dugu zuek denon laguntzarekin. Euskal gatazka politikoan gertatu den egia osoa aitortzeko eta justiziazko elkarbizitza bat eraikitzeko garaia baitaukate euskal preso politikook, euskal gizarte eta eragiletatik gertu, parte hartzen. Gure historiaren orri hau txukun pasatzeak herri honen askatasunerantz oinarri sendo bat jarriko baitu.

Maite ditugun senide eta lagunak joaten zaizkigunean, batzuetan damu izaten gara halako edo halako esan gabe, agurtu gabe edo bakeak egin gabe gelditu izanagatik, beti gerorako uzteagatik, ausardia faltarengatik edo gure zilborretik harago ezin pentsatzeagatik. Ez gaitzala utzikeriaren gaitzak gaitzerdian harrapatu, euskal gatazka honen sustrai eta ondorioak konpontzen beti gerorako utzi ditugulako. Etorkizuna dugu libre bizitzeko.

Andoni Otegi Eraso Euskal preso politikoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!