Leaburu «gaugirotan»

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 28a, 12:11

Leaburuko Ostatuak 'Gaugirotan' ekitaldiak antolatu ditu udan.

Gaugiroa sortu nahian, Leaburuko Ostatuko langileek, asteburuetako gauetarako musika eta gastronomia uztartu dituzte. Afaltzeko saiheskia eta sardinak eskaintzen dituzte sagardoarekin lagunduta. Horrekin batera, trikitilariak aritzen dira doinu ezberdinekin giroa alaitzen. Herria ere partaide izateko, trikitilariak, Leaburu bertakoak izaten dira.

Lehenengo asteburuek harrera beroa izan dute, bai herriko jendearen partetik eta baita inguruko herrietako jendearen aldetik ere. Pello Urangak azaldu duenez «Facebook eta WhatshApp bezalako bideek gaur egun asko balio dute ikusten denez jendearengana iristeko». Leaburuko ostatuak, ateak itxi egingo ditu abuztuaren 8tik 21era bitarte udako oporrak direla medio. Abuztuaren 8ra bitarte izango dira astebururo, eta jendearen harrera ona izanez gero, abuztuaren 21aren ondoren, jarraitzeko gogoarekin daude.

PEÑASKAL KOOPERATIBAREN ESKU

Ostatu bat baino gehiago da, ostalaritza eskola ere bada, non sukaldaritza, salako zerbitzari, barman, gozogintza, hoteleko zerbitzari, sommelier, birziklatze profesionala, elikagaiak manipulatzeko agiria, eta abarren inguruan formakuntza eskaintzen den. Langabezian edota aktiboan dauden langileentzako eta Hezkuntza saileko Lanbide eta Hobetuz programak ere ematen dituzte. Eskaintzen diren ikastaroak guztiz doakoak dira Peñaskal kooperatibaren eskutik.

Jada lau urte daramatzate Leaburuko Ostatua beraien gain hartuta, eta langileak berritzen joaten dira kooperatibako ikasleekin urtez urte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!