Txaramarrek badakite 'bingo!' abesten

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 22a, 11:34

Bi asteazkenetik behin elkartzen dira Txaramako kultur etxean bingoan jokatzeko.

Hiru urte daramatzate bi asteazkenetik behin bingoan jokatzen egun bat bera ere galdu gabe Txaramako bost emakume hauek. Eguraldi ona edo txarra egin, ez dute oporrik hartzen, beti dute tarte bat partidatxo batzuk botatzeko Txaramako kultur etxean. Kafea, pastak eta lagun giroa, ez dute besterik behar.

Pakita Bengoetxea, Demetri Sarasola, Ana Alkorta eta Juana Artola dira partida botatzera gerturatzen diren lau emakumeak. Karmen Lasa berriz, antolakuntzan ibiltzen da eta bera da bingoari bueltak ematen dizkion arduraduna. Lehen gehiago ziren partida jokatzera gerturatzen zirenak baina urteak aurrera joan ahala, hauek dira geratzen direnak eta jarraitzeko gogoz nabari dira. Gazteenak 80 urte ditu baina arrosak bezala mantentzen dira eta umorea ez dute falta.

Beraiek hasi aurretik, lehen ere egiten ziren bingo partidatxoak, orduan ordea, udalak hartutako langile bat gerturatzen zen antolakuntzarako eta bingo jokoa aurrera ateratzeko. Gaur egun, ez dute laguntzarik jasotzen udalaren partetik eta Karmen Lasak hartu zuen partidekin aurrera jarraitzeko ardura. Berak aitortu bezala, gainontzeko lagunak «ezer gabe» uztea ez zitzaion egokia iruditzen eta bera da bi astez behin joateko ardura hartzen duena. Berari ez diote ordaintzen, baina gerturatzen diren lau emakumeren maitasuna, pastak eta kafeak «nahikoa» direla aitortzen du Karmen Lasak. Hala ere, urtean bi edo hiru afaritara «gonbidatzen» dutela ere aitortu du Lasak, bai berari eta baita bere bikotekideari.

Arratsaldeko bostak aldera elkartzen dira eta bi edo hiru orduz egoten dira Txaramako kultur etxean partidatxoak kantatzen. Askotan, partida bota baino gehiago, elkartu eta kontu batzuk esateari ekiten diote. Horretan ez dute parekorik. Merienda egin, kafeak eta pastak janez eta partida jokatzeari ekiten diote. Jarraitu dezatela horrela urte askoan zehar umore hori galdu gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!