«Duela hamar egun bete zen zerrenda»

Asier Imaz 2016ko mar. 17a, 11:06
Iñigo Ruiz eta Andres Aristi antolatzaileak

Larraul-Ernio-Larraul 15,5 kilometroko mendi lasterketa igandean izango da, 10:30ean. Irteeran 200 korrikalari inguru egongo dira.

Duela zazpi urte iritsi zen Larraulera Iñigo Ruiz (Donostia, 1976). Urtebetera Larraul-Ernio-Larraul proba martxan jartzen ari zen, beste hainbat herritarrekin batera. Larrauldarren babesarekin gustura dago Utseta talde antolatzaileko kidea. Aurten ibilbideko marka hobetzea zaila izango da, baina parte hartzearena hausteko aukera handiak dituzte.  


200 parte hartzailetan jarri zenuten muga.
Eta duela hamar egun bete zen kupoa. Pixka bat gehiago sartzen saiatuko gara, baina ez askoz gehiago. Alde batetik, herrian kotxeekin eta zailtasunak izango genituzke, eta bestetik, Zelatunetik Herniorako zatian ez da komeni jende asko pilatzea, segurtasunari begiratuta.


Egunean bertan izena emateko aukera utzi zenuten hasieran. Orain?
09:00etatik 10:00etara dortsalak banatuko dira, izena eman dutenen artean. Bateren bat libre geldituko balitz, dortsal horiek hartzeko aukera izango luke igandean 10:00ak inguruan agertzen denak. Baina ezin dugu ezer ziurtatu.


Parte hartzaileen artean, zenbat emakumek eman dute izena?
Hogeik, hau da, %10ak. Gustura gaude goranzko bilakaera horrekin. Lasterketa bertikala eta gogorra da, eta oso pozgarria da horrenbeste emakume izatea irteera puntuan.


Azken urteetan izen ematea beheraka zihoan. Nola lortu duzue bilakaera hori aldatzea?  
Alde batetik, azken urteetan beste lasterketa batzuekin batera tokatu da gure proba, eta horrek min dezente egin izan digu. Bestetik, aurten kirolprobak.com plataformarekin hastea erabaki dugu, izen emateak egiteko, eta nabaritu da.


Azken egunetako eguraldia ikusita, markak haustea zaila izango da.
Duela ez asko itzulia egina naiz, eta ibilbidean lokatz pixka bat bazegoen. Zelatundik Herniora elurra ere badago. Hori bai, parte hartzaileei gomendatu euren mugetatik haratago ez asko arriskatzeko, batez ere jaitsierakoan. Hassan Ait Chaouk 1:09an dauka marka, eta Nerea Amilibiak 1:28. Azken hau lasterketan izango da, baina zaila izango da markak haustea.


Non egongo da lasterketaren gakoa?
Jende guztiak bi gako aipatzen ditu: Zelatundik Herniorako tartea, eta jaitsiera.


Nondik sortu zitzaizuen proba hau antolatzeko ideia?
Duela sei urte mendi lasterketen boom moduko bat egon zen. Hernio, Gipuzkoan eta Euskal Herrian mendi ezaguna da, baina ez zuen horrelako lasterketarik. Larrauldik bertara doan bidea oso polita da, eta nahiko ezezaguna. Guzti horiek kontuan hartuta, mendi lasterketa antolatzen hastea erabaki zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!