Eguberri doinuek hartuko dute Alegiako eliza

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Pikabea 2016ko abe. 23a, 13:53
Txintxarri abesbatza, orain bi urte emandako Eguberri kontzertuan. EDUARDO ARRAYET

Eguberri doinuz beteko da Alegiako Juan Bataiatzailea Deunaren eliza gaur, abenduak 23. Herriko bi abesbatzek Eguberrietako emanaldia eskainiko dute gaueko bederatzietan. Gabon abesti desberdinak entzuteko aukera izango da gainera.

Bi taldeak Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean arituko dira eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianoan zenbait kantutan. Ohi bezala, taldeko txikienek emango diote hasiera kontzertuari eta bost abesti eskainiko dituzte: Argi berriak doinu herrikoia, Xanti Espinak moldatutako Mendi aldetik, David Azurzak moldatutako Urte berri berri, Juan Karlos Irizarrek konposatutako Lo dago gure haurtxoa eta Iñaki Tolaretxipik moldatutako Eguberri on.

Segidan, helduek beste zazpi abesti abestuko dituzte. Lehendabizi, XVII. Mendeko Benjamin Parry musikagile irlandarraren Gaudete! obra eskainiko dute. Ondoren, Earlene Rentz musikagile estatubatuarraren Gloria abestuko dute. Segidan, Asturiasko eta Kataluniako doinu herrikoi bana eskainiko dute: Repica y prepica el panderu asturiarrez eta Fum fum fum kantu kataluniarra euskaraz. Junkal Guerrero andoaindarrak moldatutako Orra Mari Domingi ere abestuko dute. Eta bi doinu herrikoiekin amaituko dute: Gabaren erdian eta Haur eder baten bila.

Kontzertuaren amaiera aldera, bi abesbatzek elkarrekin abestuko dute: Aintza zeruan. Arkaitz Baldak joko du trikitia, eta Mirari Mendizabalek, berriz, panderoa.

Urtero bezala, Haendelen Alleluia abestuko dute emanaldiaren amaieran.

Eguberri egun guztiak kantari

Txintxarri abesbatzako abeslarien lanak ez dira hor amaitzen. Abenduaren 24an kantu eskean ibiliko dira eta Olentzerori egingo zaion harreran parte hartuko dute herriko beste hainbat talderekin batera.

Eguberri egunean, berriz, meza nagusian abestuko dute, besteak beste, Adeste fideles, Aurtxo maite edota Abestu dezaiogun zortzikoa abestuko dituzte. Abesbatzan kantari ibili eta hil direnen aldeko meza izango da.

Urteberri egunean elkartuko dira berriro Txintxarri abesbatzako abeslariak meza nagusian kantatzeko. Oi Bethlehem edota Mesias sarritan ezaguna abestuko dituzte; azken kantu horretan Xefe Balerdi arituko da bakarlari lanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!