Txintxarri abesbatzak Ikaztegietan abestuko du Santa Zezilia egunean

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2015ko aza. 20a, 20:28

Alegiako Txintxarri abesbatzak emanaldia eskainiko du igande honetan, hilak 22, Ikaztegietako Lorenzo Deunaren elizan eguerdian, 12:00etan. Ikaztegietako Udalak antolatu du kontzertua, Jubilatuen Eguna dela eta. Emanaldia herritar guztiei zuzenduta dago.

Ikaztegietako Udalak urtero antolatzen du Jubilatuen Eguna, eta aurten, Herrigintza elkartean eskainiko zaien bazkariaz gain, Alegiako Txintxarri abesbatzaren emanaldia ere izango dute. Ikaztegietako Kultura Batzordeak iragarri duenez, kontzertu hori herritar guztientzat eta Ikaztegietara etorri nahi duten guztientzat izango da.

Emanaldia Santa Zezilia egunean izango da, musikarien egunean hain zuzen. Hamabietatik aurrera, alegiarrek dozena bat doinu eskainiko dituzte Garbiñe Orbegozok zuzenduta eta Mariaje Rekondok pianoan lagunduta.

Emanaldiaren lehen zatian hainbat obra sakratu abestuko dituzte. Christopher Tye Errenazimendu garaiko musikagilearen “Laudate Nomen Domini” abestuko dute lehendabizi. Josu Elberdin konpositore pasaiatarraren “Exultate justi” obra edota Lighfoot musikagile estatubatuarraren “Dona nobis pacem” ere eskainiko dituzte.

Ondorengo minutuetan euskal kantu sorta bat eskainiko dute. Horietako batzuk oso ezagunak dira, “Nerea izango zen”, Sorotan Beleren “Arratsalde honetan”, “Lau teilatu” edota Pier Paul Berzaitz zuberotarraren “Baratze bat” kasu. Xabier Sarasola beasaindarrak sortutako pieza bat ere abestuko dute Alegiako abeslariek, “Neskatx ederra”. Eta aspaldiko doinu bizi batekin amaituko dute emanaldia, Junkal Guerrero andoaindarrak moldatutako “Mutil txaleko gorri” abestiarekin hain zuzen. Ibon Azpilikueta eta Mirari Mendizabalek lagunduko dute albokarekin eta panderoarekin.

Jubilatu Eguneko bazkaria

Herriko Adinekoek bazkari legea elkarrekin egiteko aukera izango dute urtero legez. Bazkaria Ikaztegietako Udalak antolatu du, Kultura Batzordeak hain zuzen, eta Herrigintza elkartean izango da. Herrian erretiroa hartuta dauden pertsonak elkartu eta egun eder bat elkarrekin pasatzeko aukera eskaintzea da jarduera horren helburua. Beste era bateko patxadarekin, eguneroko loturak alde batera utzita, solasean aritzeko aukera paregabea izango dute igande honetan Ikaztegietako jubilatuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!