TTIParen tranpa

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2016ko aza. 13a, 10:02

Donald Trump dugu Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente berria. Txarra ala okerragoa aukera egin behar zuten herritarrek eta arriskatzea erabaki dute. Egunotan nahi beste balorazio eta balantze dugu irakurgai. Bada Trumpen garaipena «AEBetako emakume matxistei» egotzi dienik ere; hamaika ikusteko gaude.

Gerra gizonak bakearen nobel izatetik, pailazo bat etxe zurira iristeraino, dena da posible. Kanpaina eta emaitza, biak izan dira harrigarriak. Eta, harrigarria bada ere, hara non, Trumpekin adostasun puntu bat topatu dudan, zer eta TTIParen aurkako jarreran. Arrazoiek bereizten gaituzte eta gaitz erdi.

TTIP, CETA, GTISA, NAFTA... Inbertsio eta merkataritza libreko itunak dira guztiak, ezezagunak eta ulergaitzak. Segurtasuna, oparotasuna, diplomazia, hazkundea eta tankerako hitz potoloekin ahoa betetzen zaie kapital handiei eta botere politikoari. Bitartean, ordea, isilpeko negoziazioetan jarraitzen dute, hizkuntza teknokratiko zail eta lauso baten bueltan. Negoziaziatzaileek konfidentzialtasun klausulak sinatzen dituzte adostutakoa 30 urtez isilean mantentzeko konpromisoarekin. Hortik ezer onik ezin daiteke espero.

Pertsonentzat, herrientzat eta naturarenganako mehatxu argia dira aipatutako itunak. Herritarron eskubideak eta bizi kalitatea arriskuan jartzen dituzte. TTIP, Lankidetza Transatlantikoaren Ituna, Europar Batasunaren eta AEBen arteko merkataritza akordioa da eta ozeanoaren bi aldeetako araudiak parekatzeko helburua du.

Merkataritza librea bermatuz, etekinak ateratzeko oztopo guztiak gainditu nahi dituzte, eskubide sozial eta laboralak, zerbitzu publikoak, ingurugiroa eta gure osasunaren bermea transnazionalen interesentzat oztopo izan daitezkeela ulertuta.

Lehiakortasunaren eta ekonomikaren funtzionamenduaren mesedetan saldu digute TTIPa. Itunak milioika enplegu berri sortuko dituela diote. Gezur borobila. Lehendik ere badira esperientziak eta guztiek emaitza bera utzi dute: lanpostu galera, nekazaritzako sektoreek hondoa jotzea, enpresa txikien desagerpena.

TTIPak aurrera egiten badu lan eskubideen galera azkartuko du; elikaduran, okel-hormonatuari eta transgenikoei, adibidez, aro berri bat irekiko die, gure osasunaren eta naturaren jasangarritasunaren kaltean (bidea libre utziz ere Fracking-aren gisako praktikei), eta zerbitzu publikoak interes pribatuen jomugan egongo dira.

Trumpen ezetzak baiezko bihurtzea denbora kontu bat izango da. Eta ozeanoaren bestaldean erabakitzen denak Tolosaldeko nekazari eta abeltzainen etorkizunean, kontsumitzen ditugun elikagaietan, gure lanpostuetan, zerbitzu publikoetan, gure bizimoduan izan dezakeen eragina handia da, gehiago, gaurko Europar Batasunaren jarrera ezagututa.

Oraindik garaiz gabiltza TTIPaz irakurri, hitz egin eta eztabaidatzeko, bakoitzak bere eremutik, ituna geldiarazteko anbizioz. Txikitik handira eragin dezakegu, lan sakon eta kolektiboarekin. Guk badugu gure ituna, itun alternatiboa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Bertan esaten den moduan, merkatuaren diktadurari aurre egitea biziraupen kontu bat da, «premiazkoa, gure herrian, eta munduko herri guztiekin batera, bultzatzea eredu ekonomiko, sozial eta politiko bati buruz erabakitzeko eskubidea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!