Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2017ko mar. 12a, 16:01

Gaurkoan ohi baino beranduago sartu naiz ikasgelan. Jada eguneko errutinak eginda, garrantzitsua zirudien gai batekin zebiltzan bueltaka. Ikasgelan daramadan minutu pare batean, lau bat aldiz deitu dio irakasleak arreta ikasleari.

Ondo ahoskatu, eta ozen hitz egin. Ez ezazu burua makurtu irakurtzean, eta, saia zaitez aulkian ondo esertzen. Ara, neroni ere lehen agindua ahaztu zait. Irakasleak esaldia amaitzerako, lapitza lurrera erori zaio. Aulkitik altxa, lapitza jasotzeko behar baino buelta luzeagoa egin, eta bere tokira zuzendu da.

Haurrak atsekabez begitandu dio irakasleari. Ea, ziur ez dakit zer esan nahi izan dion begi hutsez. Baina, ez nuke esango gogoko duenik. Goizeko hamarrak dira, oraindik egun osoan egon behar du haurrak eserita. Bere zorionerako, Heziketa Fisikoko saiorik tokatzen ez bazaio behintzat. Ez da nik diodana, ikasgelan sumatzen dudana baizik. Tutoretzako saioan, ikasgaien inguruan hizketan jardun dugu, eta ara, ia denek, gogokoen duten ikasgaia dela diote.

Bazkal orduan, ikasgelan gertatu denaren harira, gaiak luzerako eman du. Curriculumak, Heziketa Fisikoko saioez gozatzeko dituen ordu kopuru gorenak ez dira inolaz ere betetzen. Gainera, gutxitzen doaz, eta gero, gizarte aktibo batean pentsatu nahi dugu.

Jarduera Fisikoarekiko eta kirolarekiko atxikimendua askorentzat ikasgelan hasten da. Hau izan ezean, prebentzioan baino sendaketan lan egingo duen gizarte batean oinarrituko gara. Eta egiten ez dutenek, ziurrenik ez egin nahi ez dutelako, zein kirol gustuko duten ez dakitelako, edota euren abilezi edota ahalmenetara egokitu ez direlako.

Hezkuntza, osasuna ere bada, eta kalean hainbatetan entzuten den gutxiago jan eta kirol gehiago egiteak, tamalez, ezer gutxirako balio duela esango nuke. Saia gaitezen gizartea hobeto eraikitzen. Hobeto jan, eta kirola hobeto egiten. Horrela, orain arte baino gutxiago inbertituko da gaixotasun kronikoetan, piluletan. Izan ere, gure esku dagoenari uko ez egitetik hastea izaten da onena.

Ni bitartean mendira noa, ideiak taxutzeko modurik onena baita. Eta zeurea?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!