Oihuaren oihartzuna

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2016ko abe. 11a, 19:04

Bere etxeko leihotik sartzen diren eguzki izpiek itzarri dute izeba panpoxa. Nahikoa egingo zuen lo gaur. Amonak dio, ohetik altxa, leihotik begiratu, eta zelaian sumatu duen ihintzari begira jarri dela, bart freskatutakoari begira.

Txorien kantuaz gozatzen ari zela, eskuak sabelera eraman, burua makurtu, eta gurari bat eskatu du bien partez. Bai, bien partez, izan ere, gaur bi dira jada. Jarraian, ostikada entzun du bere sabelean; jakina, ilusiorik ez zaio falta. Mila eta bat gau gehiagoz saiatu ondoren, jada barnean du-eta, bere maitea. Erronkak atsegin ditu, ezin izebak zailenari uko egin, alajaina.

Oinutsik, ibilera leunez, logelako pianora joan eta nota batzuk jotzea otu zaio. Aulkia pianoagandik ohi baino atzerago kokatu du; besoak ohi baino gehiago luzatu ditu; hankak zertxobait zabaldu. Eta bere senak zioen kantua jotzen hasi dela esatera ausartzen naiz. Atzamarrek irrist egiten zioten teklatuaren gainean, bizinahiaren notak entzuten zituen bitartean.

Eztizko ametsak egia bilakatzen direla bazekien, benetan nahi dena iritsiko denaren sentsazioaz; izebatxori iritsi zaio, behintzat. Kosta ahala kosta. Orain, prozesuan, ezin hobeto zainduko du, hilabete hauek gozatuz, eta ilusio biziz itxaronez.

Izan ere, badaki oraingoan ez dela etengo landare alai baten bidea. Bigarren hegaldi honetan indartsuago sentitzen dela, hegaldi librea bailitzan. Eta ibilian ibilian, beste bati bidea ematea komeni dela ikasi du.

Logelara zihoala, ia irrist egin du; baldar dabil eta anaiak eramango du ospitalera. Dena prest dauka. Ez dakit, ordea, izena argi ote duen. Berdin dio, bururatuko zaio, bitartean dena ondo joan dadila.

Amonak dio zintzoa izango dela, noizean behin gaiztakeriaren bat-edo eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!