48. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Koroa hobea da taulatik jaitsi denean, eta hori da lortu dugun saririk hoberena»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2016ko aza. 1a, 09:45

Euskal abesbatzen hutsunea izan du azken urteetan lehiaketak, eta aurten Vocaliak bete du. Basilio Astulez Vocalia Abesbatzaren zuzendaria da.

Azken urteotan euskal abesbatzarik ez da izan Tolosako Lehiaketan, baina aurten Vocaliak parte hartu du, lehen ere ezaguna eta saritua hemen. Gainera ahots taldeetan eta abesbatzetan hartu du parte, lau modalitate desberdin prestatuz. Zuzendaria gustura agertu da hartutako erronkarekin eta emaitzarekin.

Euskal talde bakarra zarete Lehiaketan, nolatan ausartu zarete?

Duela hamar urte izan ginen bigarren aldiz parte hartzen eta esperientzia zoragarria izan zen. Taldearentzat motor polita da horrelako erronketan sartzea. Hamar urte beranduago zergatik ez itzuli esan genion geure buruari. Orduko talde berdintsua mantenduz gainera.

Sariak jasotzea zer den badakizue gainera.

Bai, 2006an lehen saria irabazi genuen polifonian eta bigarrena folklorean. Eta 2002an izan ginenean lehen aldiz bi sari berdinekin joan ginen, urrea eta zilarra.

Ahots taldeetan abesbatzetan aurkeztu zarete. 

Ausardi handia izan dugu, normalean talde handian aritzen garelako. Lana bikoiztu egiten da eta lau modalitateak prestatu behar dira: ahots taldean sakroa eta profanoa eta abesbatzarekin polifonia eta folklorea. 

Prestakuntza nola izan da? 

Duela urtebete egin genuen erronka. Urte osoko lana izan da, beraz. Intentsua baina polita izan da. Gurea ez da ohiko koroa, astero biltzen dena. Euskal Herri osoko kantariak ditugu eta hilean behin elkartzen gara zortzi orduz Gasteizen. Batzuk beste koroetan aritzen dira, besteak musika irakasleak dira… Esperientzia handikoak denak. Irundik edo Nafarroatik datoz entseatzera. Oso ariketa polita izan da.

Errepertorioa nola aukeratzen duzue? 

Denetatik aukeratu nahi izan dugu. Eta garai desberdinetakoa: XVI. mendea, XIX.a, garaikidea, noski… Euskal egileen bospasei kanta prestatu ditugu: Xabier Sarasola, Josu Elberdin,Eva Ugalde, David Azurza, Junkal Guerrero... Gero Itoiz talde ezagunaren Lau teilatu kanta ospetsuaren moldaketa berezia ere ekarri dugu, italiar bati eskatua. Estreinaldi mundiala izan da. Plazer handiz prestatu dugu gainera.

Ejea de los Caballeroseko (Zaragoza) lehiaketa irabazi duzue aurten. Sariak pilatzen ari zarete. Etorkizunera begira zein plan dituzue?

Aurrera begira gonbidapen batzuk ditugu atzerrira joateko, grabaketaren bat ere… Ikusiko dugu. Lanean jarraitzeko prest gaude.

Tolosako Lehiaketa zer iruditzen zaizu?

Niretzat, aburu pertsonala da, katedrala da, toki sakratua bezala ikusten dugu. Gure lana Leidorren aurkeztea oso intentsitate handiz bizitzen da. Balantze oso positiboa. Lana oso gogorra izan da, baina gustu handiz. Koroa hobea izaten jaitsi da taulatik eta hori da lortu dugun saririk hoberena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!