Kale Kantoitik

Oso denbora gutxi

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2016ko aza. 25a, 13:15

Planeta hau hondatzen ari gara egunetik egunera, kasik begi bistakoa da. Populazioa munduan handitzen ari da erruz, emisioak ere bai, tenperaturak laster batean jo dezake bere limite planetarioa.

Egun on, Joxemari Iturralde naiz, idazlea.


Errusia jartzera doa misil pilo bat Europarantz apuntatuz. Halaxe abisatu du Putin presidenteak. Misil potente eta beldurgarrienak, Iskander eta S-400 deiturikoak, laster egongo dira prest zuzenean guri apuntatzen. Eta beste aldetik, datorren urtarrilean emango diote Estatu Batuetan Donald Trump presidenteari aginte osoa. Horren bitartez bere eskura izango du botoi gorri famatua nahi duenean sakatu eta hainbeste bonba atomiko istant batean bota eta mundu erdia txikituta uzteko. Ipar Korea agintzen duen beste ero hura ere saitzen ari da, hainbeste proba indartsu egin ondoren, bonba atomiko mordoa lortzen, prest dagoelarik edozein momentutan hara eta hona botatzen hasteko.
Stephen Hawking zientifiko jakintsuak garbi asko esan du bere azken liburuan: gizakiak ez badu modua bilatzen gure planeta honetatik alde egiteko bostehun urte geratzen zaizkio, eta ez gehiago.

Hau da, gizakiak gure planeta honetan jarraitzen badu bostehun urte baino lehenago desagertu egingo da betirako, duela milioika urte dinosauroak planeta honetatik betiko desagertu ziren bezalaxe. Horregatik esaten du Hawking zientifikoak ahalegin guztiak egin behar direla ikerketa espazialean jo eta ke lanean jarraitzeko, dirua inbertituz eta ikerlan bereziak horretara bideratuz. Mundu hau erabat txikituta gertatuko den baino lehen gizakiak oinak jarrita izan beharko ditu beste hainbeste planetatan, hara joan eta hantxe bizitzen jartzeko. Eta hau guztia ez da zientzia-fikzio hutsa, behar bezala informatu gabe dagoen norbaiti irudituko litzaiokeen moduan, alderantziz, zientzia serioa da, benetako ikerketa zientifikoetan oinarritutako zerbait.

Eta nola hondatu eta txikituko da ba gure planeta hau, orain arte milaka urtetan bertan bizi izan bagara? –galde dezake apika pertsona guztiz desinformatu horietako batek. Bada, erantzuna oso erraza eta sinplea da, zoritxarrez. Bi modutara puskatu eta txikitu dezake mundu hau gizakiak: bat, modu azkarrean eta bi, modu motelago batean. Lehen moduan, txikizioa berehalaxe suertatu daiteke, lehen aipatutako ero horietako batzuk bonba atomikoak han eta hemen botatzen hasiko direnean. Bigarren modua, esan bezala, motelagoa da baina modu honetan ere, lehen esan bezala, ez daukagu denbora soberan, soilik bostehun bat urte eta ez gehiago. Eta gure planeta honen historian bostehun urte ez da ezer, huskeria bat, oso denbora gutxi da.

Planeta hau hondatzen ari gara egunetik egunera, kasik begi bistakoa da. Populazioa munduan handitzen ari da erruz, emisioak ere bai, tenperaturak laster batean jo dezake bere limite planetarioa. Hirietako kutsadura, errekurtsoen ustiatze basatia, deforestazioa, zoruen erosioa… Trump presidenteak esan du planetaren berotzea gezurra dela, asmazio bat eta, beraz, laster hasiko dela Estatu Batuetan ikatza eta petrolioaren industriak oraindik are gehiago bultzatzen eta indartzen. Gure gainbehera, gizakiona eta Lur gure planeta honena, hasi da dagoeneko. Biodibertsitatea guztiz suntsitu dugu jada. Adibide bat, duela hamar mila urte, gure planeta hau indartsu zegoen bere indarrean eta garai hartan, gu gizakiok apenas ginen mamifero ornodunen ehuneko bat. Horrela zen garai hartan Lur planeta honen oreka egokia. Gaur egun ehuneko laurogeita hamabosta gara, gizakia bihurtu delako planeta honetan jaun eta jabe. Oreka egoki hura pikutara joan zen aspaldi. Nola berreskuratuko dugu oreka natural hura guztia guretzat nahi badugu?

Bostehun urte barru ez gu eta ezta Stephen Hawking zientifikoa ere ez gara planeta honetan biziko, baina gure ondorengoak ere nahiko larri ibiliko dira gauzak ez badira erabat aldatzen. Gaur gure esku dago.

Ondo izan

                    Joxemari Iturralde
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!