Kale Kantoitik

Logika berriak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2017ko ots. 14a, 12:04

Ada Colau Bartzelonako Alkateak hiriko enpresa elektrikoen kontratazio prozedurarekin egin duenak uste baino garrantzia handiagoa dauka. Endesa eta Union Fenosaren haserrerako, Colauk baldintza moduan jarri du pobrezia energetikoa ekiditeko hainbat hitzarmen onartzea.

Eta noski, enpresa handienek, galtzeko gehiago dutela argudiatuz, ez dute hitzarmenik onartu nahi izan. 

Giza-eskubideak ahulak dira maiz enpresen eskubide eta botere trinkoaren aurrean, eta Kataluniako hiriburuko alkateak egin duenak argi eta garbi lehenetsi ditu herritarren interesak enpresen mozkin edo irabazi asmoen aurrean. 



Ez bakarrik hori, ez da herritarrak, indibiduoak, defendatzea bakarrik. Kontratu publikoen alorrean logika berriak sortzea baizik. Eredu berriak sortzen dituzten enpresei bide horretan exijitu eta egiten duten hori aintzat hartzea, azken finean. 

Hori izan liteke eraldaketa sozioekonomikoaren ardatzetako bat, hain zuzen ere, administrazio publikoen indarra baliatzea eraldaketa hori sustatzeko. Datuak, bai Europan eta baita espainiar estatuan ere azpimarragarriak dira.

Barne Produktu Gordinaren ia %20a administrazio publikoaren kontratazioetan baitago. Botere handia suposatzen du horrek. Eta botere hori erabiltzeko ardura dute administrazioek. Euskal Herrian bertan askotan ausardia falta nabarmena izan da aldarrikapen hauek betetzeko orduan. Eskumenik eza behin baino gehiagotan argudiatuz, legeari ezin aurre egin eta... Eta horren atzean dagoena hain zuzen ere hori da, logikak aldatzeko gogo edo gaitasun falta. Administrazio publikoa kudeatzerakoan sektore pribatuaren estres ekonomikoa bereganatuz. Egin beharrekoa juxtu kontrakoa denean. Eredu berriekin sektore pribatuan eragina izan, azken finean honek gizartean duen inpaktuarekin arduratsu jokatzeko; pertsonen bizitzak hobetzeko. Kontratazio publikoan prezioa edozerren gainetik lehenesteko logikak, kanpaina politikoen aldarriak guztiz kontraesaten ditu.

Azken finean, prekarietatearen aurka borrokatzeko ere logika berriak, legearen zirrikituak, bilatu behar dira, asmo teorikoetan itota gera ez daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!