Zer eskatu 2017ari?

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2017ko urt. 8a, 19:00

Joan da 2016a. Zer ekarriko ote digu 2017ak? Milaka izango dira zure eskariak, baina batez ere, ondasun materialak (dirua) eta prestigio soziala eskatuko zenituen: familia, lagunarteko giroa, lanean hobeto ikusia izatea, bikotekidea, e.a.

Gizakiak behar ditu besteak, baita zuk ere. Ez zara ezer besteak gabe. Dependientea zara. Horregatik, lana, lagunak, familia, bikotekidea eta abar izatea lorpentzat dauzkazu. Babesten zaituzte. Ingurune soziala behar duzu. Baina, jakin behar duzu: ezer ez dela betiko. Daukazunak kaduzidade fetxa dauka: lanak, familiak, lagunek... baita bizitzak berak ere. Egunen batean zure izateari utziko dio (inoiz izan bada zure).

Lagunak, familiakoak, bikotekideak eta zure inguruko guztiak egunen batean joan egingo dira: hil egingo dira eta utzi egingo zaituzte. Eta hor dolua dator. Nolabait esateko pertsona osoa ingurukoei esker zara eta horiek agur esatean, zure tarta zatiari pusketa bat (handiagoa edo txikiagoa) kentzen zaio. Zati hori berregite prozesua da dolua. Eta nahitaez, behin baino gehiagotan bizi beharreko zerbait da.

Daukazuna kadukatuko bada, zein garrantzia eman behar diozu? Zenbateraino atxikitu behar zara horrengan? Baina, egia da laguntza edo atxikimenduak behar direla. Hanka bat duenak hanka hori galtzen duenean, dena galtzen du. 10 hanka dituenak 9 ditu bat galdu arren.

2017ari begira, hona nire gomendioa: eskertu bizitzan dituzun helduleku guztiak. Onartu behar dituzula eta onartu egunen batean joan egingo direla. Eskertu zure ondoan daudelako eta ez behartu zure ondoan egotera. Gauzak ditugunean apreziatzeak eta gal ditzakegunaren kontziente izateak dolua errazten duelakoan nago. 2017 zoriontsua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!