Nintzenaz oroitzean (oroimenaren oraina)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2016ko mai. 15a, 16:30

Bazen behin lurrera jauzi zen hazi bat. Hazi hori lur barnera sartu eta erne egin zen, landaretxo bat bilakatu arte. Landaretxoak pozik zioen: «Ni landaretxoa naiz, ez naiz hazia».

Landaretxoa denboraren poderioz enbor bilakatu zen. Enborrak pozik zioen: «Ni ez naiz landaretxoa, ni enborra naiz». Enbor horretatik adartxoak atera ziren eta adarrek pozik zioten: «Ni ez naiz enborra, ni adarra naiz». Adarretan hostoak ateratzen hasi ziren eta hostoek pozik oihukatzen zuten: «Ni ez naiz adarra, ni hostoa naiz». Hostotik landarea; landaretik fruitua…

Fruitua heltzen joan zen eta une batean bere pisuz, lurrera erori zen. Pozik oihukatu zuen: «Ni ez naiz fruitu berdea, ni fruitu guztiz heldua naiz». Norbaitek fruitua jan eta sobratzen zena lurrera bota zuen, hazi eta guzti. Haziak aske zioen: «Ni ez naiz fruitu, ni hazia naiz». Hazi horretatik, landaretxoa erne zen…

Bizitza osoa daramagu iragana ukatzen: Oinez ikasten duen haurra oinez ez dakienaren ukazioa da; nerabea haurraren ukazioa da; gida-baimena duena nerabearen ukazioa; 35 urtekoa gazte buruarinaren ukazioa; erretiratua langile estresatuarena…

Hazia benetan da hazi, enborra benetan da enbor eta fruitua benetan da fruitu. Etapa bakoitza autentikoa da. Errepika ezina. Benetakoa. Etapa bat ez da bestea baino egiazkoagoa. Baina, aldi berean, naturala da ukazio hori, berezkoa.

Bizitza etengabeko aldaketa da eta horrek berarekin dakar aurrekoa ukatzea. Ukazioa berez ez da txarra. Txarrena da sarri esaldi absolutuegiak botatzen ditugula, jakin gabe, etorkizunean orain hau ukatu egingo dugula. Zalantza eta erlatibismo gehiago behar du gure bizitzak, nik uste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!