Hamabost urte, Tolosaldean egunero idatziz

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko abe. 22a, 15:37

Abenduaren 18an hamabost urte bete dira Tolosaldeko euskarazko lehen egunkariaren lehen zenbakia argitaratu zenetik. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraren ondorioz, egunkari nazional izatera pasa behar izan zuen 'Egunero'-k. Proiektu hura eredu hartuz sortu ziren, ondoren, eskualdeetako 'Hitza'-k.

Bi mila eta bateko abenduaren 18a da, asteartea. Tolosaldeko etxeetako postontziek gutun-azal, Eguberrietako eskaintzak iragartzeko aldizkari eta abarrez gain, albiste bat dute barruan: Iruran bizi den Aitor Mendiluzek hirugarren postua lortu du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, eta Jexux Mari Irazu larrauldarra zortzigarren sailkatu da.

Hori izan zen Tolosaldean Egunero egunkariaren azalak azpimarratu zuen albistea duela hamabost urte. Ordutik hona, eskualdeko berriak euskaraz eta egunero lantzen zituen egunkaria izan dugu Tolosaldean, hainbat izen desberdin izan dituen mantxetapean. Lehen azaleko aurkezpen laburrean adierazten zenez, «Galtzaundik eta Euskaldunon Egunkariak egin duten elkarlanaren emaitza» zen Egunero, «Tolosaldeari zerbitzu informatiboa eskaintzeko intentzioarekin jaioa».

AURREKARIAK ESKUALDEAN

Izan ere, ordura arte Tolosaldean informazioa euskaraz lantzeko asmoarekin proiektu batzuk martxan jarri baziren ere, mende hasierarekin batera bultzada berri bat jaso zuen euskarazko komunikabideen alorrak eskualdean. Aurretik, Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkarteak Kontxo izeneko aldizkaria atera zuen. Argitalpen horrek asko iraun ez bazuen ere, 1990eko abenduan sortu berri zen Galtzaundi Euskara Elkarteak izen bereko aldizkaria argitaratzeari ekin zion 1991. urteko maiatzean. Baina mende hasierarekin batera, Txolarre irratiak bere uhinak lehen aldiz zabaldu zituen 2000. urteko abenduaren 26an, eta Tolosaldean Egunerok, Galtzaundi aldizkaria argitaratu eta hamar urtetara kaleratu zuen bere lehen zenbakia.

Joxemi Saizar tolosarra izan zen Eguneroren zuzendaria. Garai hartan Galtzaundi aldizkariaren koordinatzailea zen Saizar. «Bilera potolo bat» gogoratzen du Saizarrek aitzindari izango zen proiektu horri forma emateko giltzarri moduan. Bileraren data ere gogoan du: irailaren 11, dorre bikien erasoa gertatu zen egun berbera. Denboraren poderioz, bilera haren kokalekua ere bitxikeria bilakatu da; gaur egun, Eguneroren oinordekoa den TOLOSALDEKO ATARIAren egoitza den eraikinean egin baitzen bilera hura. Garai hartan, Tolosaldea Garatzen zegoen bertan.

Ordutik aurrera, proiektua egingarri izateko prozesua indarrean jarri zen. Adibidez, lan taldeko kazetariak hautatzeko azterketak egin ziren eta jende ugari aurkeztu zen Aitzol euskaltegiak Tolosako Euskal Herria plazan zuen egoitzara. Alor teknikoa Euskaldunon Egunkariatik landu zuten eta Tolosaldeko euskarazko egunkariaren hastapenetan garrantzia berezia izan zuen pertsona bat ere aipatzen du Joxemi Saizarrek: Enekoitz Esnaola. Garai hartan, Egunkariako kazetaria zen Esnaola azpeitiarra eta gaur egun, Berrian dihardu lanean.

Kazetaren egoitza Tolosako Araba etorbidean kokatu zen, Tolosako Udalak utzitako lokal batean. Hasieran batean, azpi-eskualde bakoitzean azpiordezkaritza bulego bat izatea pentsatu bazen ere, berehala ikusi zen ezinezkoa zela ideia hori gauzatzea.

GERTUKO INFORMAZIOAREN TALAIA

Maila honetako proiektua martxan jartzeko Tolosaldea eremu egokia zelako hautatu zuten. Eguneroren bitartez, bailarako herri askok egunkari paperean beren tokia izatea lortu zuten. Joxemi Saizarrek gaineratzen duenez, «Egunero iritsi arte, eskualdeko herri txiki askotako albisteak ez ziren inon agertzen. Euskaraz behintzat ez, eta gaztelaniaz ere, oso gutxi».

Hasiera hartan, Eguneroren zortzi orriak betetzeko adina informaziorik ez izateko beldurra ere bazuten lan taldean. Hala ere, berehala lortu zuten eguneroko orriak osatzeko lain eduki biltzea. Hasiera hartan, 10.000 ale doan banatzen hasi ziren eskualdean zehar, sozializazio kanpaina moduan. Hala ere, gerora, aleen tirada gutxitu egin zen eta nahi zuenak, soilik, jaso zuen Egunero etxean.

LEHENENGO ALEA

Egunkaria martxa jarri aurretik zero zenbaki ugari egin zituzten erredakzioan, egunero egunkari bat osatzeko martxa hartzen trebatzeko helburuarekin. Baina iritsi zen lehenengo zenbakia kaleratzeko ordua. Joxemi Saizarren gidaritzapean, honela banatu ziren erredakzioko zereginak: Tolosako albisteak lantzen, Leire Montes eta Aitor Elduaien zeuden; Anoetaldean, Garbiñe Mendizabal; Alegialdean, Maider Jauregi; Ibarraldean, Iratxe Etxebeste; eta Villabona-Aiztondoko ardura Unai Urreagak zuen.

2001eko abenduaren 18 hartan, egunkaria kaleratzearekin batera, aurkezpenak egin ziren Tolosan, Ibarran, Anoetan, Villabonan eta Alegian. Udaletxeetako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, eskualdeko pertsonaia ezagun ugari ere gerturatu ziren aurkezpen ekitaldietara, baita Euskaldunon Egunkariako arduradunak ere. Harrera beroa egin zioten labetik atera berria zen Egunerori eta ordutik aurrera, asteartetik igandera argitaratu zen, etenik gabe.

TOLOSALDETIK EUSKAL HERRIRA

Bere ibilbidea hasi eta gutxira baina, 2003ko otsailean, Tolosaldea mailako egunkaria izatetik egunkari nazional izatera pasa behar izan zuen Egunerok. Zehazki, 2003. urteko otsailaren 20ko ordu txikietan jasotako dei batekin ohartarazi zuten Eguneroren zuzendaria gertatzen ari zenaz: «Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen eta egunkariarekin harremana zuten hainbat pertsona atxilotu zituen».

Egoeraren larritasuna ikusirik, Tolosaldeko egunkariaren mantxetak nazio mailara egin zuen salto. Horrela, Euskal Herrian Egunero izena hartu zuen ordura arte Tolosaldean Egunero jartzen zuen mantxetak. Bitartean, Tolosaldeko albisteak Galtzaundi izeneko egunkarian jaso ziren.

Otsailaren 21erako bi egunkariak, nazio eta eskualde mailakoa, kalean ziren. Euskal Herrian Egunero, orduko Egunkariako kazetariek ekoitzi zuten Tolosaldean Eguneroren egoitzan. Eta Galtzaundiizenpean kaleratu zen eskualdeko egunkaria Galtzaundi Euskara Elkartearen egoitzan osatu zen. Galtzaundi egunkariaren lehen zenbaki hori, fotokopien bidez argitaratu zen. Hasieran, tamaina txikiko hainbat Galtzaundi egunkari atera ziren, nahiz eta ondoren, 2003ko otsailaren 27ko ostegun gizenean, ohiko formatura itzuli zen.

Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, inauteriak gainean zeuden eta informatiboki eta publizitarioki data garrantzitsua zen hori dagoeneko Galtzaundi izenarekin finkatu zen egunkariarentzat. Hasiera batean egunkaria Galtzaundi Euskara Elkartearen egoitzan egiten jarraitzea pentsatu bazen ere, egoera horrek teknikoki zituen zailtasunak ikusita, Eguneroren egoitzara bueltatu ziren eskualdeko kazetariak. Beraz, egoitza berean osatu zituzten Galtzaundi herri egunkaria eta Egunero nazionala. Eskualdeko mailako kazetariek eguerdirako bukatzen zuten beren egunkaria, eta nazionalekoek arratsaldez osatzen zuten bestea.

IA 4.000 ZENBAKI EUSKARAZ

2003. urteko ekainera bitarte argitaratu zen Egunero nazionala. Orduan jaio zen Berria, Euskaldunon Egunkariaren oinordekoa. Eta horrekin batera, hasieran Tolosaldean Egunero zen egunkaria, gerora Galtzaundi izena hartu zuena, Tolosaldeko Hitza bilakatu zen. 3.014 zenbaki egin zituzten guztira izen desberdineko eskualdeko egunkari horiek, 2013ko udazkenean TOLOSALDEKO ATARIA sortu zen arte. ATARIAn elkartu zen Galtzaundi aldizkariaren aleak kontuan hartuta, eta orain arte kaleratuta TOLOSALDEKO ATARIAren egunkariak nahiz astekariak gehituz gero, gaurko ale honekin, 3.990 zenbaki argitaratu dira eskualdeko informazioa euskarazko lantzen. Ibilbide luze eta oparoa, Tolosaldeko informazioa euskaraz egunero lantzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!