«Bezeroak behar ditugu»

Erabiltzailearen aurpegia Gipuzkoako Hitza 2017ko ots. 10a, 12:47

Asteazkena da, eta hiru baserritarrek dute postua jarria Tolosako Zerkausian: Maria Arrutik (Ibarra), Maria Luisa Aginagak (Tolosa) eta Pilar Imazek (Hernialde). Azokak larunbatetan izaten duen itxuraren oso bestelakoa du; postuz beteta eta jendez gainezka izaten da larunbatetan, eta ia hutsik dago. Kazetaria hurbiltzean ideia bera aipatu dute hirurek. “Bezeroak, bezeroak behar ditugu, ekarritakoa etxera bueltan ez eramateko”.

Arrutik esan du itzuli izan direla etxera generoa deskargatu bezala kargatuta: “Izaten dira ezer saldu gabeko egunak, eta amorrarazita joaten zara etxera. Gu pixka bat arinduta joaten gara gustura etxera”. “Lehen, ekarritakoa saldu egiten genuen, eta ia hutsik itzultzen ginen etxera”, gehitu du Imazek. Ordutik, bezeroa eta plaza bera asko aldatu direla dio. “Astean zehar adinekoak izaten dira, batez ere, bezeroak; eta gazteagoak larunbatetan etortzen dira gehiago. Lehen, egunean egunekoa erosten zen, baina orain astekoa erosten dute. Egia da lanak askori ez diela uzten egunero azokara etortzen”, esan du Aginagak.

Baina aldatu den bakarra ez da izan bezero kopurua eta bezeroen adina. “Garai batean, jende asko ibiltzen zen xuhurtzen, prezioak jaitsi nahian. Genero asko ekartzen genuela ikusten bazuten, jende batek bukaera arte itxaroten zuen, prezioa jaitsiko genion esperantzan. Baina niri xuhurtzea ez zait inoiz gustatu, ez erosterakoan ez saltzerakoan; prezioak itxuraz jarri eta eutsi egiten diot prezioari”, azaldu du Arrutik. Aginagak dio pare bat bezero oraindik joaten zaizkiola horrela; “beti izan dute xuhurtzeko ohitura, eta jarraitu egiten dute”.

Bezero gehienek esandako prezioa ordaintzeko arazorik ez dutela jartzen adierazi dute hiru baserritarrek. “Nik uste dut bezeroak badakiela baloratzen hemen zer erosten duen, badakite produktu freskoa dela, egunekoa dela, bertakoa eta guk landutakoa dela, eta esandakoa ordaintzen dute. Hori bai, argi utzi behar da ere urte askotan ez ditugula prezioak igo”.

Bezeroak baserriko produktuen inguruan duen ezagutzan ere aldaketa handia izan da urteekin. “Lehen, jendeak bazekien garai bakoitzean zer aurkituko zuen azokan; orain, jendeak ez du batere ezagutzen”, dio Imazek. “Baina lehen ez zeuden hor kanpoan dauden negutegi handi horiek, eta ezta orain dauden garraiobideak ere. Urtarrilean marrubiak… Halakorik ez zegoen. Baina, orain, gauzak horrela daude, eta, hemendik ez bada, handik ekartzen dituzte, eta bestela Ameriketatik ere bai”.

Hiruren artean ia 150 urte pilatzen dituzte azokara joaten. “Amarekin hasi nintzen esnea partitzen, eta 48 urte dira bakarrik hasi nintzela”, dio Imazek. “54 urte nik, egunero-egunero azokara etortzen, lehen jaiegunetan ere bai”, Arrutik. Aginaga ere amarekin hasi zen, eta 40 urte daramatza azokan postua jartzen. “Eta nik bukatutakoan, bukatu da”, dio Aginagak, erreleborik baduen galdetuta. “Gu gara azkenengoak; guk uzten dugunean, egunero etortzen denik ez da geldituko”, amaitu du Imazek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!