Arnasguneak, kutsatzen

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2016ko abe. 2a, 10:31

Amazonian baldin badaude munduaren birikak, euskararenak, hein handi batean, Gipuzkoan daude. Hizkuntza gutxitu batek irauteko ezinbesteko ditu arnasguneak; euskara nagusi den gune geografikoak dira —herriak, eskualdeak edo hiri barruko eremu zehatzak izan litezke—. Herri txikiak dira asko. Euskararen nagusitasun hori, ordea, gero eta gehiago ikusten da kolokan, eta horrek kezka eragiten du. 

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea buru-belarri ari da lanean arnasguneen gaiarekin, eta Miren Segurola koordinatzaileak azaldu du zergatia. “Hizkuntza bat berreskuratu nahi bada, arnasguneak ezinbestekoak dira, eta azken neurketetan ikusten duguna da hain indartsu ikusten genituen herriak ez daudela uste bezain osasuntsu. Arnasguneak erdalduntzen ari dira; hori da joera orokorra, eta kezkagarria da”.

Uemak bereizi egiten ditu arnasguneak eta udalerri euskaldunak. Euskararen indizea (euskaldunak gehi ia euskaldunak direnen erdiak) %70etik gorakoa dutenak dira udalerri euskaldunak, eta Uemako kide izan daitezkeenak. “Udalerri euskaldun guztiak, ordea, ez dira arnasgune”. Herri bat edo gune bat arnasgune dela esateko, ezagutzaz gain, faktore gehiago hartu behar dira kontuan, eta hor pisu handia du erabilerak, baita herriko zerbitzu guztietan edo ia guztietan —pribatu zein publiko— euskaraz egiteak ere. “Egun udalerri euskaldun direnak garai batean arnasgune izandakoak dira, baina azken urteetan egoera aldatuz joan da, eta askok arnasgune izateari utzi diote”.

Mankomunitateko herri guztietan erabilera datuak neurtu nahi ditu Uemak 2017an, eta, datu horien arabera, neurgailu moduko bat ezarri eta arnasgune gisa har daitezkeen herriak zehazten saiatuko direla azaldu du Segurolak. Euskararen osasun egoera neurtzeko soilik ezagutza datuak baliatzea ez du nahiko jotzen, eta are gutxiago herri euskaldunetan erabilera datuak etengabe beherantz doazela jakinik. “Herri erdaldunetan ezagutza gorantz doa, eta hori ona da, baina erabileran ez dago gorakada nabarmenik; eta herri euskaldunetan, berriz, ezagutza beherantz doa, eta erabilera ere bai”.

Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketak baliatzen ditu Uemak egoeraren azterketa egiteko. Hamar urtean behin egin izan ditu, eta 2011koak dira azken emaitzak. Aurten ere ari dira egiten neurketa, eta hurrengo urtean ezagutaraziko dituzte datuak. Baina, 2001-2011 hamarkadan izandako jaitsiera eta joera ikusita, Uemako koordinatzaileak ez du esperantza handirik emaitzekin.

Neurketa horietan, ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera hartzen dira kontuan, eta, lagin bat hartuta, herritarrei galdetzen zaie hizkuntza ohiturei buruz. 2011ko neurketan, Gipuzkoa osoa kontuan hartuta, etxeko erabilerak 1,2 puntu egin zuen behera. Gipuzkoako 88 herrietatik hamarretan soilik egin zuen gora etxeko erabilerak, eta oso modu apalean; tartean daude Donostia, Irun, Eibar, Zumarraga, Legazpi eta Pasaia, erabilera datu baxuak dituzten herriak guztiak. Gainerako herrietan, etxeko erabilerak behera egin zuen, eta herri txikienetan oso modu nabarmenean, gainera. Hego Euskal Herria kontuan hartuta, etxeko erabileraren batez besteko jaitsiera 8 puntukoa da, eta Gipuzkoako herri askok gainditzen dute kopuru hori; herri txiki batzuetan, gainera, hirukoiztu egiten da: besteak beste, Zegaman (25,3 puntu), Bidania-Goiatzen (26,1) eta Hernialden (25,1). Etxeko erabileran 16 puntutik gorako jaitsiera izan zutenen artean, berriz, Mendaro, Altzaga, Ataun, Ezkio-Itsaso, Mutiloa, Legorreta, Orendain, Aizarnazabal eta Aia daude.

Arnasguneen garrantzia

Udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia “erakunde guztiek” onartzen dutenez, erabileraren jaitsierari aurre hartzeko bideak jarri behar direla dio Segurolak. “Garrantzi hori aitortzen bazaie, egiten diren politiketan ere isla izan behar du horrek, eta jaitsiera eragiten duten adierazleei erreparatu behar zaie, egoera okertu ez dadin”.

Gaindegiarekin egina du Uemak ezagutza eta erabileraren jaitsieraren erantzule izan daitezkeen eragile sozioekonomikoen azterketa. “Eta azterketa horretan nahiko argi agertzen dena da etxebizitza berrien eraikuntza izan dela udalerri euskaldunetako beheranzko joera hori eragin duena; batez ere, herri txikiagoetan. Alegia, kanpotik, inguruko herri erdaldunagoetatik bertara bizitzera joandakoen eraginez izaten da beherakada, bai ezagutzan eta, ondorioz, baita erabileran ere”. Beste faktore batzuk ere ezin direla ahaztu dio Uemako koordinatzaileak. “Azken finean, bi kultura indartsuren pean dago gure hizkuntza, telebistan erdara da nagusi, erakundeekiko harremanetan ere erdara gailentzen da… Baina, guk aztertu ditugun datuetan, faktore garrantzitsuena herrien hazkundea dela ondorioztatu dugu”.

Ildo horretan, arnasguneak batez ere herri txikiak direla eta, ondorioz, bertara kanpotik joandako bizilagun berrien eragina handiagoa dela nabarmendu du Segurolak. “Dudarik ez dago, zaurgarrienak herri txikiak dira. Batetik, herri txiki euskaldun horien inguruko herri handiak, ia beti, erdaldunagoak direlako; bestetik, biztanle gutxi direlako, eta bertara joandako erdaldunak gutxi izanda ere eragin handia dutelako kopuruetan; eta, azkenik, euskaraz ez dakien jendea etortzeak herritarren hizkuntza ohituretan eragin handia duelako”.

Gaiari buruzko gogoeta egina du Uemak, eta herri euskaldun horietan beheranzko joera hori gelditzeko “hiru ildo estrategiko” landu behar direla ondorioztatu du. Batetik, udalerri euskaldun horietan euskaraz bizi ahal izateko egon daitezkeen hutsuneak gainditzea. “Administrazioak, batez ere udalak, eredu izan behar du; baina beste administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak ere euskaldundu behar dira; eta baita eremu pribatuan euskara sustatu ere”.

Bigarren lan ildoa hizkuntz komunitateari dagokio. “Udalerri euskaldun hauek bertako hizkuntz komunitateak euskararekiko hartu duen jarrerari esker mantendu dira horrela, eta komunitate hori aktibo mantentzea eta ahalduntzea ezinbestekoa da. Hizkuntza jokabidearen aldaketari begira, oso inguru hauskorrak dira herri txiki hauek, eta, horregatik, ezinbestekoa da herritarrek euskararen aldeko jarrera aktibo bat izatea eta arriskuen kontziente izatea”. Beti euskaraz bizi izan diren herrietan “bertan goxo” egiteko eta euskara arriskuan ez ikusteko aukera ikusten du Uemakoak, “euskaraz aritzea modu inkontzientean egiten den aukera” baita maiz.

Eta hirugarren lan ildoa udalerri horien zaintza litzateke. “Inportantea da herri horietako egoera sozioekonomikoaren berri izatea, balio soziolinguistikoen jarraipena egitea, eta herri horietan hartzen diren erabaki politiko-instituzional guztietan euskara zehar lerro bat izatea, eta ez bakarrik hizkuntzari buruzko erabakietan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!