Osasungintza publikoa Tolosaldean posible da

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Maioz 2014ko ira. 3a, 19:00
Aste honetan bertan eskualdeko alkateon izenean, Osasun sailarekin bildu gara, eskualderako osasun arreta kalitatezko eta publikoa bermatzeko gogoz.

Hala izan beharko luke beti osasun arretak, leku guztietan eta baita Tolosaldeko eskualdean ere. Zoritxarrez, gure eskualdea da, duen biztanle kopurua edukita, eskualde ospitale publikorik ez duenik.

 

2011ean, alkateon eta herritarroi bizkarra emanda Osasun sailak eta Asuncion klinikak (Inviza) akordioa sinatu zuten. Asuncion klinika zen erreferentziako ospitale eta Donostia ospitalera ordura arte genuen sarrera zuzena galari egiten zen. Honetaz gain, ordura arte anbulatorioan zeuden mediku espezialistak pixkanaka rekolokatu eta zerbitzu hori klinika pribatura pasatzen hasi ziren. Azken helburua espezialitate guztiak pribatizatu eta eskualdeko herritar guztiak ospitale pribatura bideratu. Pribatuaren mesedetan publikoa desegitea izan da prozesu honen gakoa. Hau diru publikoarekin ordaintzen da eta horregatik engainatu nahi izan gaituzte, herritarrak zuzenean ordaintzen ez duelako.

 

Ditugun baliabide publikoak deuseztatu eta zerbitzuak enpresa pribatu bati erregalatu zaizkio. Horrek izen bat du: pribatizazioa.

 

Urteak aurrera doaz, eta eskualdean ikusi dugu herritarren aldetik zer nolako erantzuna izan duen afera honek. Goraipatzeko Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformaren amaigabeko lana. Sekula ez diegu behar bezala eskertuko gure osasun arretaren kalitatearekin harturiko konpromisoa.

 

Eskualdeko alkateok, gure ardurari ez diogu muzin egin eta gure herrietako aldarria are gehiago zabaltzen lagundu dugu. Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lortze bidean egin ahalak eta bi egingo ditugulako.

 

Aste honetan, Osasun sailarekin egon gara. Ez da lehen bilera ezta azkena ere seguru. 2015 urtean Inviza eta Osasun sailaren arteko akordioa bukatzen da eta OSI, eskualdeko kudeaketa eredu berria martxan jarriko da. Argi eta garbi adierazi genion osasun sailari, sekulako aukera dugula. Pribatizazio jomuga duen egungo akordioa erabat baztertu eta osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko hitzarmen batetara joateko. Itzul daitezela espezialitateak anbulatorioetara lehen pauso bezala. Erabateko aldaketa honen alde lan egiteko eskualdeko alkateon prestutasun osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!