Gu euskaldunak gara, Patagoniakoak

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Pilota: Argentina bira 2017ko api. 20a, 20:00

Genituen guztiak eskaini ditugu Patagonian, euren grinari erantzunez. Gehiagorako gogoz geratu gara, ordea, eurak eta gu. Euren folklorea euskaraz ikasi ahal izateak ez du preziorik, baina euskararekiko duten konpromisoa ulertzeko balio du. Euren lehen bertsoak sortzen ikusi ditugu eta ereserki bihurtu dituzte. Preziorik ez duenak balio osoa du.

Ederra zela aipatu ziguten, abegikorrak izango zirela ere bai. Patagoniako euskal txoko honetara iristeko gogo biziz ginen. Ordea, aurreikuspen guztiak gainditu zituzten.  Andeetatik Atlantikoraino isurtzen den Rio Negrok bereizten ditu Patagones eta Viedma, Buenos Aires probintzia eta Patagonia. Herria, bere txikitasunean handia da; ederra, indartsua eta goxoa.

Herria bezalaxe, viedmarrak berdin. Uste genuen ez genuela harrera hoberik lortuko gure bidaian, aurrez hain maitekor eta leial hartu gaituztela ikusita; baina Viedmara iristeak, beste gauza batzuen artean, begiak irekiarazi dizkigu.

Euskararekiko, euskal herriarekiko, kulturarekiko, paisaiarekiko duten sentimendua zaila da hitzez azaltzea. Begiak argitzen zaizkie, malko-distiraz hitz egiten dute euren arbasoez. Eta berezi egiten dituen beste puntu bat, euskal kultura hori ez dutela arbasoen kontu bezala bizi, baizik egunez egun biziarazi, euren folkloreari lotuz; folkloretik kulturara ekarri dute. Ikuspegi horri eskerrak, bertako abestiak ere ezagutu ahal izan ditugu eta fandango arin-arinaz gain Chacarera ere dantzatu dugu elkarrekin (bertako ohiko dantza, korroan, gure sueltokoen ahizpa patagoniarra).

Euskal kulturarekiko duten grinaren erakusle da gure bisita laburrari atera zioten zukua: egin ditugu haur txikientzat abesti tailerrak, euskara ikasleentzat mintzapraktikak, afalosteko kantu-dantza-bertso emanaldia, euskara ikasleentzat bertso-tailerra, bertsopilota emanaldia eta dantza ikastaroa. Aipagarria da, bertsoa eta eskuzko pilota lehen aldiz ikusi dituztela bertakoek. Bertsoaren kasuan ez dakigu ziur, baina eskuzko pilota historia osoan lehen aldiz jokatu da Viedman eta Patagonian. Gu historiaren parte izateak hunkitu egiten gaitu, oraindik ez gara jabetzen aste honetan bizi dugunaren garrantziaz. Euskal etxeko jendeaz gain, herriko beste hainbat lagunen interesa piztu du hitzordu historikoak eta alkateak ere bere begiz ikusi nahi izan du lehen eskuzko partida. Bertsoak ere harritzeko moduko interesa piztu du bertakoengan, arreta handiz segi dute keinu, hots eta hitz bakoitza. Pentsa, bertso tailerrean euren lehen bertsoak osatu dituzte, ereserki bilakatu dituztenak. Partidu amaieran, haur mordoa gerturatu da eta irribarre txikietatik galdera handiak planteatu dizkigute. Jendeak harriduraz jarraitu ditu pilotarien hitzak eta eskuak, denek ikusi nahi nola izatean den.

Goizean herria ezagutzeko aprobetxatu nahi izan dugu eta kostari segiz loberia izeneko itsaslabarrera iritsi gara. Paisaiak badu mutu uzten zaituen handitasun bat. Piszina naturaletan bainua hartu (biluzik ezin dela esan digute poliziaren txistu hotsek!) eta loroei begira egin dugu bueltako bidea. Harritzekoa den moduan, asadoa afaldu dugu (arkumea, patagoniar erara) eta gero, ardo-dastaketa inprobisatua egin dugu eta hainbat probintzietako botilak ireki genituen (Patagonia, Mendoza, Jujuy).

Ate guztiak zabalik ditugula esaten digute eta ez da hitz hutsa: euren etxeko giltzak ematen dizkigute, literalki. Kasu honetan, hondartzako etxe eder batean egon gara, (kanpoan izena kontxaz dotore idatzia: ‘itsasoko etxea’). Beste aste pare bat bertan pasatzeko gogoarekin egin dugu alde, beti bezala. Itzultzeko promesarekin euren 'Ikusi Mendizaleak' abestiaren bertsioa gure egin dugu: "gu euskaldunak gara, Patagoniakoak". Rio Negrori begira egin dugu lehen urruntzea eta hiru egunetan eraikitako zubi honen ostean denok daramagu zainetan erreka beltz bat.

 

Oihana Iguaran eta Iñaki Lizaso

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!