«Estiloa DNA bezalakoa da; nirea ausarta izatea da, eta ez dut aldatuko»

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Magro Eizmendi 2017ko ots. 22a, 14:18
Argazkia: Berria

Abel Barriolak eta berak emaitzek erakusten dutena baino txapelketa hobea egin dutela uste du Altunak, eta lesioen zorte txarrari egotzi dio azken asteetako bolada txarra. Buruz burukoa ondo prestatu nahi du.

Goiz lasaia izan du, arratsaldean entrenamendua egingo baitu pilotalekuan. Lan fisikorik ere ez, astean hirutan egiten badu ere. Debutatu zuenetik, Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) aldea egin du gorputzean. Jende askok esan dio. «Nik argazkietan sumatzen dut aldaketa, duela bi urtetik hona. Horretarako egiten dugu lan». Bi partida falta zaizkio binakakoaren ligaxka bukatzeko, eta Abel Barriolak eta berak ez dute finalerdietan sartzeko aukerarik. 

Bost partida jarraian galdu dituzue, eta binakakoaren finalerdietan sartzeko aukerarik gabe zaudete. Zer gorputzaldi duzu?

Emaitza txarrak izan ditugu azken partidetan, eta, moralki, horrek ez du laguntzen, baina ez dut uste joko gutxiko bolada batean nagoenik. Hiru jardunaldi min hartuta egon ondoren, hiru partida irabazi genituen, eta jendeak uste zuen finalerdietan egongo ginela. Baina guk bagenekien oso zaila izango zela. Nahiz eta bost partida jarraian galdu, ni ilusio handiarekin nago Abelekin [Barriola] jokatzeagatik; ea hark azken bi partidak joka ditzakeen. Itxura ona emanez bukatu nahi dugu txapelketa, eta, ahal bada, irabaziz.

Lehen itzulia 4-3ko balantzearekin bukatu zenuten, goian. Zer pasatu zen gero?

Zorte oso txarra izan dugu lesioekin. Aurrena, nirea, eta Abel garai hartan eskuetatik justu ibili zen. Gero, itzuli nintzen, eta, hobekien geunden garaian, Abeli bronkitisak erasan zion. Arazoekin arrastaka ibili gara. Bikote batzuetan, bi kideek partida guztiak jokatu dituzte. Guk, berriz, bat edo bestea falta izan delako, lau ez ditugu jokatu. Bederatzi partida jokatu ditugu elkarrekin, eta lau irabazi; hori ez da hain balantze txarra.

Lesioei buruz ari zarela, zer moduz duzu belauna?

Ondo. Itzuli nintzenean, lehen partidetan, nabaritu nuen zerbait, baina orain ondo nago. Belaunak beti denbora pixka bat gehiago behar izaten du, baina orain ahaztuta daukat.

Ikusle baten erruz hartu zenuen min, edalontzia erori eta lurra busti zuelako. Azalpenik jaso edo eskatu al duzu?

Ez. Egia esan, bere garaian gustatuko zitzaidan barkamenen bat jaso izana. Nork jakin, agian hura gertatu izan ez balitz orain punturen bat gehiago izango genuen. Eragina izan zuen, eta haserre eta pena dezentea izan nuen. Ez nuen deirik jaso, eta, orain arte jaso ez badut, jada ez dut nahi.

Nolakoa izaten ari da Barriolaren azken txapelketa jokatzea?

Harekin jokatuta, galdu edo irabazi, ez naiz inoiz atsekabetu. Ilusio handia egin dit bere azken txapelketan laguntzeak.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!