Txapartegiren tortura salaketari sinesgarritasuna aitortu diote bi adituk

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Sagarzazu 2017ko urt. 30a, 19:24
Nekane Txapartegiren aldeko argazkia, Asteasun.

Torturapean eginiko deklarazioetan oinarritutako epai batengatik estraditatu nahi dutela salatu dute. Suitzan dago preso, iazko apiriletik.

"Adituen ondorioa da benetakoak direla salatutako torturak, espetxean eginiko azterketaren ondoren eta agiri medikuak analizatu ostean". Hala dio Txapartegiren abokatuak komunikabideetara bidalitako oharrak. Adituen txostena Suitzako Justizia Bulego Federalera igorri dute.

Istanbulgo Protokoloa jarraituz, bi adituk "sinesgarritasuna" eman diote tortura salaketari. "Inkomunikatuta atxilotuta egon zen 10 egunetan torturatua izan zela ondorioztatu dugu, aintzat hartu ondoren [torturen] diagnostiko psikologikoak eta arrasto fisikoak", azaldu du Onder Ozkalipci auzitgei medikuak. Pertsona bat torturatua izan den frogatzeko NBE Nazio Batuen Erakundeak erabiltzen duen ikerketa metodoa da Istanbulgo Protokoloa. Txapartegiren kasua aztertu dute Ozkalipcik eta Thomas Wenzel psikiatrak.

Protokoloaren sortzaileetako bat da Ozkalipci eta aditu gisa parte hartu du, besteak beste, Nazio Batuen Giza Eskubideen goi mandatariarentzako, Giza Eskubideen Europako Auzitegiarentzako eta Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiarentzako. Wenzelek, berriz, 30 urteko esperientzia dauka psikiatriaren alorrean eta Istanbulgo Protokoloari buruz artikulu ugari idatzi ditu eta ikastaroak antolatzen ditu.

Preso, iazko apiriletik

Txapartegi behin behinean preso dago Suitzan, iazko apiriletik, Espainiako Estatuak eskatuta. Haren estradizioa galdegin du, 2007tik ihesean dela argudiatuta. Horrekin batera, Suitzako Justizia aztertzen ari da Txapartegiren defentsak aurkeztutako argudioak: bereziki, 1999. urtean eginiko tortura salaketa.

Defentsak azaldu duenez, atxilo zegoenean eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Txapartegi, 18/98 sumarioan. Sei urteko zigorra ezarri zioten, baina espetxeratu aurretik ihes egin zuen, 2007an. ETAko nazioarteko aparatuko kide izatea egotzi zioten.

Estradizio eskaera ez onartzeaz gain, Txapartegik asiloa eskatu dio Suitzari. Torturetan oinarritutako epaietan eginiko estradizio eskaerak ukatu dituzte aurretik Europako estatu batzuek.

Jarraitu albistea irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!