«Jende askok espero zuen nik irabaztea, eta espero zutena eman nahi nien»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2016ko aza. 29a, 10:45
Leire Agirrezabala. Argazkilaria: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Gaur ere ez dio muzin egin korri egiteari. Beharra sentitzen du. Azken bi urteetako zailtasunek ez diote oraindik irribarrea kendu Leire Agirrezabalari (Ibarra, Gipuzkoa, 1987). Mendi lasterketen lehiatik aldendu behar izan zuen. Hala ere, ez du baztertzen lehiaketara itzultzea, baina beste gisa batean. Oraingoz, mendiaz beste era batera gozatzen du.

Denboraldi bat bada ez zaitugula ikusten mendi lasterketetan. Nola zabiltza aspaldi honetan?

Ondo, ondo. Lasterketetan ez nabilen arren, mendian gauza ezberdinak egiten ari naiz: oinez ibiltzen, eskalatzen eta gauza berriak probatzen.

Mendi lasterketengatik ezagutzen zaitugun arren, zu errepideko lasterkaria zaitugu. Noiz hasi zinen korrika?

Korrika 9 urte ingururekin hasi nintzen, ikastolan, eskolaz kanpoko kirol jarduera moduan. Pixkana-pixkana herri lasterketetan, krosetan eta Tolosaldeko olinpiar jokoetan parte hartzen hasi nintzen, eta poliki-poliki atletismoa nire kirol jarduera nagusi bihurtu zen. Hala, ikastolako atletismo taldea utzi, eta Tolosako atletismo taldean hasi nintzen; taldearekin lehiatu eta entrenatu nintzen 20 urte bete nituen arte.

Maratoia ere egin zenuen, gainera, oso gazte zinela.

20 urterekin lehiaketak uztea erabaki nuen, baina sekula ez nion utzi korrika egiteari. 22 urterekin Donostiako maratoian parte hartzen hasi nintzen .

Beste kirolik egiten al zenuen gazteagoa zinenean?

Txikitan kirol ugari probatu nituen: tenisa, pilota, saskibaloia, futbola, eskubaloia, igeriketa, bizikleta eta mendia. Gerora, horietako batzuetan aritzen naiz oraindik ere, hala nola mendia, bizikleta eta igeriketa.

Zein distantziatan ibiltzen zinen pistako garaietan?

Pistan, azken urteetan 800 metroko eta 1.500 metroko lasterketetan lehiatzen nintzen. Tartean 400 metroko lasterketaren bat ere egiten nuen. Baina, egia esan, distantzia motzetarako beti izan naiz motelegia, eta izugarri sufritzen nuen 400 metroak egiten. Beti esan ohi dut inoiz lehiatu naizen distantziarik gogorrena dela. 400 metroko lasterketa bat egin eta gero, arratsaldea eztulka pasatzen nuen.

Errepideko lasterketak ez zenituen utzi, baina mendira joaten hasi zinen. Gogoan al duzu mendian korrika ibili zinen lehen eguna?

Gogoan dut, bai. 2013ko martxoan izan zen, igande goiz batean. Bezperan lagunekin afaldu ostean, eta trago pare bat edan ondoren, ekainean mendiko lasterketa batean parte hartu nahi nuela esan nien. Beroaldian, hurrengo egunean mendira probatzera joatea erabaki nuen. Ibarratik atera eta Uzturre igo ostean, San Lorentzora joan nintzen, eta handik berriro Ibarrara. Egia esan, lehenbiziko aldia izateko, gustura ibili nintzen mendian korrika.

Zein izan zen mendian egin zenuen lehen lasterketa?

Lehenbizikoz, Iratiko basoan egin zen mendi lasterketa batean hartu nuen parte, maiatzean. Maratoi erdi bat zen, eta ibilbidea lokaztuta zegoen. Gogoan dut oso-oso mantso ibili nintzela jaitsieratan eta oso gustura igoeratan. Handik Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronkara beste lasterketarik egin gabe joan nintzen. Mendian beste hiru entrenamendu besterik ez nituen egin, eguraldi txarra zela eta. Udaberri hura oso euritsua izan zen.

Eta Euskal Herria Mendi Erronka irabazi zenuen. Nola bizi izan zenuen garaipen hura?

Bi hitzetan esanda, gertakari surrealista bat balitz bezala. Nire helburu bakarra bukatzea zen, edo, gutxienez, Lekunberrira iristen saiatzea. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin irabaz nezakeenik, ez lasterketaren aurretik, ez irteeran jarri nintzenean, ez Irumugarrietan emakumeetan lehenbiziko postuan pasatu nintzenean, ez San Migelen. Oso argi neukan Lekunberrirako bidean zegoen jaitsieran ez nintzela ondo moldatuko, eta pasatu egingo nindutela. Ez zen hala izan, ordea, eta gertakari hark nolabait sekula imajinatuko ez nituen esperientzia berriak ekarri zituen nire bizitzara.

Handik bi astera euskal selekzioarekin debuta egin zenuen.

Bai, Euskal Herriko Mendi Erronka irabazteak gertakari ugari ekarri zituen besapean, eta, gainera, denak oso azkar eta asko hausnartzeko denborarik gabe. Hasiera batean, Espainiako Txapelketan parte hartzeko deitu zidaten, eta pare bat egunera baiezkoa eman nuen. Ordea, tartean hutsune bat egon zen Espainiako Kopako lasterketa baterako, eta, azkenean, debuta Kanaria uharteetan egin nuen, Euskal Herria Mendi Erronkatik bi astera .

Hilabete gutxitan, Espainiako Kopako txapeldun izan zinen. Zer ekarri zizun?

Egia esan, zaila egiten zait azaltzea zer ekarri zidan garaipen hark. Alde batetik, eta agian jendeak ulertuko ez badu ere, niretzat ez zuen pertsonalki balio berezirik izan garaipen hark. Ez dakit, ezustean etorri zelako izan zen, edo azkarregi gertatu zelako, edo egun hartara arte ez nuelako inola ere helburu moduan ikusi. Beste alde batetik, ordea, nolabaiteko proiekzio bat eman zidan mendi lasterketen munduan, eta mezu ugari hasi zitzaizkidan iristen. Hala ere, egia esan behar badut, ezustean etorri zen beste garaipen garrantzitsu bat izan zen, inoiz burutik pasatu ez zitzaidana. Benetako booma Munduko Kopan debutatu eta gero iritsi zen.

Munduko Kopako debuteko eguna ez duzu nolanahikoan ahaztuko, ezta?

Limone Sul Gardan izan zen [Italia], 2013ko urrian. Euskal selekzioak, Eneko Aliendek bereziki, denboraldia biribiltzeko egin zidan oparia izan zen. Oso oroitzapen politak ditut, bai bidaiaz eta bai lasterketaz. Kilometro bertikalean eta lasterketan hartu nuen parte, eta debutean, bi diziplinetan bosgarren postua lortu nuen. Emaitza haiek Espainiako Kopa irabazteak baino ilusio handiagoa egin zidaten .

Jarraitu irakurtzen Berrian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!