Larrunarriko fruituak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Magro Eizmendi 2016ko aza. 24a, 13:38

Jokin Altuna ere Zazpi Iturri Amezketako pilota elkartean trebatu zen, besteak beste, Iker Irribarria, Erik Jaka eta Xabi Tolosa bezala. Puntako pilotari gazte multzoa elkartu zuten, arrakastak lortu eta entrenamendu gogorrak egiteko.

Jendea entrenamenduak ikustera biltzen zen. Irribarria, Altuna, Tolosa eta Olano Leitzakoa Elgetako finalerdietan sartu genituenean. Ikusgarria zen», gogoratu du Jose Antonio Zabala Xalton-ek (Amezketa Gipuzkoa, 1951). Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) Aspeko pilotaria ere oroitzen da: «Ez zen arraroa harmailetan hogei bat pertsona egotea. Ohikoa zen». Amezketako Larrunarri pilotalekuaz mintzo dira biak, bertan entrenatzen baita Zazpi Iturri herriko pilota elkartea. Zabala elkarteko entrenatzailea da, 1975az geroztik, eta Jaka elkarteko pilotari ohia da. Lizartzan jaiotakoa da, baina 9 urterekin hasi zen han entrenatzen.

Zazpi Iturrin zaildu zen Jokin Altuna ere; baita Xabi Tolosa —Andoaindik joana—, Iker Irribarria —15 urterekin—, Unai Garmendia —Frontiseko profesional ohia—, Joseba Gallurralde, Iraitz Olaetxea, Beñat Arzelus ere. Denak zeresana emanikoak afizionatu mailan. «Maila oso handiko pilotariak bildu genituen. Entrenamendu oso onak genituen binaka. Abiadura oso handian entrenatzen ginen. Elkarte batzuetan pilotari on bat dute, baina bakarrak ez du balio, talde ona behar duzu. Baina, tira, beste elkarte batzuek ere talde onak zituzten; guk ez genituen txapelketa guztiak irabazten», azaldu du Zabalak.

Elkarrizketatuen esanik garrantzitsuenak:

Jose Antonio Zabala Xalton: «Ume hura pilotalekutik bota egin behar zen, bestela ez zen joaten. Entrenamendua egin, amak elastikoa aldatu, eta ogitartekoa hartuta arratsaldeko entrenamendu guztiak ikusten zituen harmailetako barrote artean hankak sartuta. Horrela egunero, eta, gero, asteburu guztietan, Galarretara, osaben partidak ikustera. Honek adina pilota ikusi duen umerik ez dago Euskal Herrian».

Erik Jaka: «Entrenamendu oso onak ziren: seriotasuna, intentsitatea... Nagusiagoen aurka jokatzean astinduak hartzen genituen. Beti da ona zu baino hobeak direnekin entrenatzea».

Iker Iribarria: «Elkarrekin jokatu genuen Burlatan, eta irabazi. Nire lehen txapela izan zen. Pilota bigunarekin ez nion inoiz irabazi; indartsuarekin, berriz, ni gailentzen hasi nintzen, kolpe handiagoa nuelako. Jokinen aurka jokatzea beti izan da zaila». 

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!