Aire zaharrak, aire berriak

Erabiltzailearen aurpegia Jakes Goikoetxea 2016ko ira. 12a, 18:12

Mandioetatik kontzertuetara, erromerietatik biretara, ezkutuan egindako grabaketetatik eskoletara, tradiziotik bide berrietara, modatik bazterrera, inozentziatik merkatura... Trikitiaren bilakaeraren protagonista eta lekuko dira Xabier Berasaluze 'Leturia' eta Maixa Lizarribar.

Lagun zaharren moduan agurtu dute elkar, goxotasunez eta konfiantzaz. Haien arteko elkarrizketa berez sortu da, bataren Altzon, bestearen Adunan (Gipuzkoa) edota beste edozein herri edo txokotan topatuz gero egingo luketen bezala. Kazetari arrotza eta bulego hotza ez dira oztopo biluztenhasteko. Musikariak dira, eta musika dute arnasa. Trikitia.

«Josebak [Tapia] hiru urterako oporrak eman dizkit», esan dio Xabier Berasaluze Leturia-k (Villabona, Gipuzkoa, 1954) Lizarribarri. Izatezko bikotearen behin-behineko etena da, bakoitzak bere apetei, proiektuei eta erronkei heltzeko. Ez dira geldirik egotekoak, buruari etengabe eragiten dioten horietakoak baizik. Leturiak liburuxkaren bat argitaratzea du buruan, eta orain Korrontzirekin ari da jotzen.

Hiru urteko etenaldiaren barruan, baina, Tapiak eta Leturiak izango dituzte jendaurreko juntadizoak. «Denbora gutxi barru» elkarrekin joango dira Txekiara. Eta badute huts egin ezin duten ekitaldi bat, «Euskal Herrian egiten dugun erromeria bakarra»: Iturriotzen (Aia, Gipuzkoa), San Joan egunean. «Tapiatar guztiak bertatik pasatu dira; ni ere bertatik pasatu nintzen Eleuteriorekin [Eleuterio Tapia, Josebaren osaba], eta hara joan beharra dago, bai edo bai». Eleuterio Tapia. Harekin trikitia ikasten ari zela ezagutu zuen Leturiak Joseba Tapia.

Maixa Lizarribarrek (Altzo, Gipuzkoa, 1971) aspaldi utzi zituen plazak. Gaztea zela hasi zen plazetan, eta, garai bertsuan, baita gaztetxoagoei trikiti eskolak ematen ere. Gaur egun, trikiti irakaslea da Altzon eta Arrasaten (Gipuzkoa).

Berria egunkarian jarrai dezakezue artikulua irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!