2 Etapa: Non hago? Zer larretan?

Erabiltzailearen aurpegia Aizalde Raid Team 2016ko mar. 29a, 13:52

"Ahal duzuen neurrian sahiestu Marokon gauez gidatzea..."

Ohitura biurtzen ariko balitz bezala, ondo hasi dugu gaurko eguna ere. Egia da material ortopedikoa eta arropa eman beharreko eskola aurkitzeko zailtasun batzuk ibili ditugula baina hortik aurrera hasiera ona eman diogu etaparen lehen zatiari. Orokorrean harrizko pistak ziren gaurkoan.

2200m-tara igo gara eta bidean denetik ikusi dugu: tximuak, elurra eta txakurrak; txakur asko, bide bazterretan eguzkitan pasatzen diren autoei begira. Hain gindoazen ondo, bazkaltzeko geldialdia egitea ere ahaztu egin zaigula.

Aurrikusitakoa baino beranduago genbiltzanez, bigarren zatia osorik egin ordez, bide erdian buelta erdia eman eta hoteleruntz abiatuko ginela esan digute antolakuntzakoek.

Bigarren zatian ordea, konfidantza gehitxo geneukalako edo, lehen bidegurutzean nahastu eta ordutik akatsak pilatzen aritu gara. Nahastuta Atlasen magalean galdutako herri batean barrera ibili gara, bertako biztanleek ihes eginda zebilen zekor bat nola harrapatzen zutenaren lekuko izanez.

Geroago konturatu gara Roadbookeko azalpenak gu ikusten ari ginenarekin ez zetoztela bat.

Zorionez beste parte hartzaile batzuk ikusi ditugu urrutira eta bide onera bueltatu gara, nahiz eta dagoeneko erreferentzia guztiak galduta geneuzkan. Horrela hiru bideko bidegurutze batean hiruzpalau auto elkartzera heldu gara, baina guk erreferentziarik ez geneukanez, besteek jarraitutako bideaz fiatu gara.

Gerora ordea duda sartu zaigu eta bidea desegin dugu aipatu berri dugun hiruko bidegurutze batean beste auto batekin elkartu garen arte; bikote valentziarra zen. Haiek gu etorritako bideari ekin die eta guk inor joan ez den hura hartu dugu, baina atzera zalantzak:
"Eta ondo bagindoazen? Zergatik doaz hauek guk utzi dugun bidetik?"

Eta orduan beste behin buelta erdia eman eta bigarren aukera bat eman nahian abiatu gara lehenago okerra iruditutako bidetik. Baina metro batzuk aurrera egiterako, lehenago abiatu direnak bueltan zetozen bide hura zuzena ez zela konturatuta.
Hortaz parte hartzaile erdiak galduta geunden eta beste erdiak iritsi beharreko puntuan zeuden gure zain.

Eta hemen etorri da eguna aldrebestu digun momentua. Zuzen iritsi direnak atzera etorri ordez (hotelerako bidea eguneko azken eguzpi printzak aprobetxatuz egiteko) gu bidali gaituzte haiengana, ondoren berriz bidea ilunetan desegiteko.

Horrela besteekin elkartzerako ilundu digu eta atzera harrizko pistatik itzultzen ari ginela galiziarrei kotxea geratu zaie. Mekanikariak eurekin geratu dira baina gainerakook aurrera jarraitu dugu, oraindik beste ordu pare bateko bidea baikenuen aurretik.

Ilunetan, eta roadbookeko oharrek balio ez zigutela abiatu gara iladan hotelaren bila.
Bigarren mailako errepideetan 150km inguru egin eta gaueko 23:30etan iritsi gara hotelera, leher eginda eta sekulako gosearekin. Onik iritsi gara behintzat eta ez da gutxi gauez hainbeste kilometro egin ondoren!

Afaldu dugunerako 1:00ak baziren eta ordua aldatzen dela kontuan hartuta ez dugu lotarako denbora gehiegi soberan izan.

Ea biharkoak zer dakarren!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!