Ishi

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2017ko mar. 26a, 19:55

Duela mende pasatxo biharko egunez hil zen Ishi, Ameriketako Estatu Batuetako Yahi herriko azken gizakia.

«Basatitzat» jotzen zutenek urte batzuk lehenago bere komunitatean eragindako sarraskiari ihes eginda, Ishirekin batera joan zen Yana hizkuntza; edo lehenago ere joan zela esan daiteke, solaskiderik ezean zaila baita hizkuntzari eustea.

Hilabete hasieran erori zen ekaitz bortitzak botata Maltako Gozo irlan zegoen Dwejra itsasertzeko harrizko arkua. Turisten begietara naturak eskainitako mirari ikusgarria zena, bertakoentzat bazen bere-berea zen ondare eta ikur.

Naturak emana eta kendua, ezer gutxi egin zezaketen mediterraneoko irlako herritarrek higadura eta eroriko horren aurrean; Ishik berak ere ezer gutxi egin ahal izan zuen bere taldeari egindako sarraskiaren aurrean.

Bada, ordea, gure nortasunari eusteko gure esku dagoenik. AEBko Pew Research Centerrek hainbat herrialdetan egin berri duen ikerketaren emaitzek diotenez, nazio nortasuna hizkuntzak ematen digu; hau da, herrialde bateko «egiazko» herritarra izateko osagai garrantzitsuena hizkuntza dela irizten dute ikerketako parte-hartzaileek. Eutsi diezaiogun bada geureari eta zabal dezagun, etorkizunean solaskiderik gabeko Ishirik egon ez dadin: badator Korrika, ttipi-ttapa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!