Laster da Ibarrako Urte Zahar Krosa

Erabiltzailearen aurpegia Ibarrako Urte Zahar Krosa 2016ko abe. 21a, 11:18

Aurten bost urte egingo ditu Ibarrako Urte Zahar Krosak. 2011. urtean sortu zen eta bi lagunen artean buruan bueltaka egunetan ibili ostean, azkenean, ideia hori errealitatea bilakatu zen urte hartan bertan. Ordura arte, Ibartarrak Tolosako krosean parte hartzen zuten ohituraz eta ikastolatik ere, hara bideratzen zen, izen-emateaz eta dortsal banaketaz ikastola bera, arduratzen zelarik.

Ibarran bertan krosa egiteko ideia herritar batzuekin partekatu zen, jendearen jarrera ezagutu nahian. Gutxi batzuek arrakastarik izango ez zuen asmotzat jo bazuten ere, orokorrean jarrera ona izan zuen eta laguntzeko edota parte hartzeko borondate handia sumatu zen hasiera-hasieratik.

Lehenbiziko Urte Zahar Krosa hartatik asko ikasi dugu, eta aurten, bosgarren kros honetan, esan daiteke Ibarran burutzen diren beste hainbat ekitaldien moduan, Urte Zahar Krosa ere, ezinbestekoa ez, baina ohikoa eta tradizionala bihurtu dela.

Ibarrako krosaren ezaugarriak ere ezagunak dira, lehenengo krosetik baitatozte: inskripzioa ez da diruz ordaintzen. Krosaren leloa "korrikalari bat janari bat" izaki, parte hartzaile bakoitzak elikagai produktu bat ekarri behar du dortsala eskuratzeko; Ez da korrikalarien denbora neurtzen, beraz, irabazleak ez du saririk jasotzen. Banatzen den sari bakarra, korrikalari beteranoena da, emakumezko beteranoen eta gizonezko beteranoen sariak; eta azken ezaugarri bezala, krosa amaitu ostean, Ibarrako merkatari, ostalari zein komertzioek eskainitako produktu-loteen zozketa aipatu behar, korrikalari heldu guztien artean egiten dena. Txikienek kamiseta edo goxokiak izaten dituzte opari, zozketarik gabe.

Aurtengo krosean, iaz egin zen modu paretsuan, produktu askotariko saski berezi bat ere, zozketatuko da: krosaren Facebookeko orrialdeak 300 atsegite edo gehiago lortzen baditu, atsegin duten lagun guzti horien artean zozketatuko da saskia. Baldintza bakarra 300 lagunera iristea da, ez bada iristen ez da zozketarik burutuko. Hona helbidea: https://www.facebook.com/UrteZaharKrosa/ 

Azkenik, dortsal berriak eta propioak egin dira. Korrikalari helduentzako soilik izango dira, txikienak, urtero moduan, Tolosako Shanti Kirolak dendak utzitako dortsalak erabiliko baitituzte.

Gogoratu, dortsala eskuratzeko elikagai pakete bat ekarri behar dela. Jasotako elikagai guztia Oiartzungo elikagai bankura bideratzen da; iaz 165 kilo janari bildu genituen.

Dortsalen banaketa eta izen-ematea abenduak 30ean 17:00-20:00 bitartean eta abenduak 31 goizean (12:00-14:00) egingo da, Goxobi gozo-dendan, Ibai-gain 2, Ibarra. Eta krosa hasi aurretik plazan bertan ere, 15:00etatik 16:00etara bitartean, izango da dortsala eskuratzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!