Belarmendi: baserritarrentzako makinaria zerbitzuak ematen beste urte batez

Erabiltzailearen aurpegia Iker Karrera 2016ko mai. 7a, 10:00

Udaberri bete-betean gaude. Belarrak etorri dira eta bildu beharra daude. Garai batean baserrietan esku lan ugariagoa zegoen eta ia lan gehienak eskuz egiten baziren ere, gaur egun makinek, traktoreek, sega-makinek… hartu dute lekua.

Baina gure lurrak ez dira makinak ibiltzeko hoberenak, aldapa handia eta sail txikiak direlako. Eta horri gehitu behar diogu hemengo baserri gehienek lur sail gutxi dituztela. Sail gutxi eta hauek txarrak, makinei errendimendu ona ateratzeko martxa kaxkarra gurean! Baina beharra baino hoberik ez omen dago jendea elkartzeko eta arazoei aurre egiteko modu egokiagoak topatzeko. Gure baserrietan ordea, ez dakigu zergatik, baina baserritarren arteko makinaria elkarte gehienek liskarretan eta ezin-emanetan amaitu izan dute historikoki.

Ondorioz, zenbait Landa Garapen Elkartek, belardietako lanak egin eta makinaria beharrak modu egokiagoan antolatu ahal izateko sortu genuen: Belarmendi.

Ematen diren zerbitzuak, belarra moztea, belar bolak egitea, arto berdea erein eta biltzea, sasiak jotzea… eta beste hainbat dira. Belarmendik ematen dituen zerbitzu hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako diru laguntza batez lagunduak daude. Diru laguntzen irizpideetan aldaketa batzuk jaso dira, esaterako, diru laguntza hauek jaso ahal izateko gutxieneko jardun bat dutenak lehenetsiko dira. Jardun osoa dutenei lehentasun handiena emango zaie, bai belar eta arto lanak laguntzerakoan.

Jakina den bezala, zerbitzu hauek, helburu ekonomiko garbi bat izateaz gain, ingurune eta paisaiaren zainketan laguntzea ere badute helburu, gutxienez urtean behin mozten den belardia txukun izaten baita.

Azken urteetako baserriaren eta abeltzaintzaren bilakaerari begiratuz eta gizarteak baserriarekiko duen ikuspegia kontuan hartuz, baserritarra ingurune zainketa eta paisaia egile funtzioagatik gehiago errekonozitua izaten hasi dela esatera ausartuko nintzateke. Hori, bere horretan oso positiboa da. Baina bere funtzio ekonomikoa bigarren maila batean geratzen joan dela ere esango nuke. Eta ezin da ulertu baserri aktibitate iraunkor bat funtzio ekonomikorik betetzen ez duena.

Horregatik, makinaria zerbitzuak antolatzerakoan ere, Belarmenditik, bazterrak txukun izan nahi dituenari zerbitzuak ematen jarraituko bada ere, baserria ogibide edo lan jardun bezala dutenei bereziki laguntzeko moldaketak indarrean sartuko dira hemendik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!