Lehen estropadan, lehen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia TAK Tolosaldeko Arraun Kluba 2017ko urt. 17a, 20:41
Igandean hasi zen Gipuzkoako Batel Liga. Orion zen hastekoa, baina euriak eragindako kalteengatik, Orion egin beharrean Pasaian egin ziren estropadak. TAKek 13 ontzi aurkeztu zituen eta horietako bat garaile izan zen, jubenil neskena.

Igandean izan zen estropada, goizeko 11:00etan, Pasaian. Ohi bezala, haurrak izan ziren arraun egiten lehenak. Emakumezkoetan bi ontzi ditu TAKek kategoria honetan. Bata bigarren sailkatu zen eta bestea zazpigarren. Ur Joko taldea izan zen irabazlea, 5:40:51 denborarekin. TAKeko A taldeak 2 segundo gehiago behar izan zituen estropada bukatzeko eta B taldeak minututik gora.

Ondoren promesa neskak aritu ziren arraunean. TAKeko hiru batel aurkeztu ziren maila honetan. B taldea izan zen hiruretan azkarrena 5:18:69 denboran egin zituzten 1.000 metroak, irabazlearengandik 11 segundotara. Laugarren postuan sailkatu ziren. A taldea bosgarren postuan sailkatu zen, zentesima gutxira; eta, C taldea, hamaikagarren, irabazlearengandik 33 segundora. 

Infantil mutilen txanda izan zen ondoren. Tolosako bi ontzik hartu zuten parte estropada honetan. A taldeak bigarren egin zuen, 5:20:43 denborarekin. Talde irabazlea zumaiarra izan zen, 5:17:37ko denboran geldituta kronometroa. Tolosako B ontziak hamargarren egin zuen, irabazlea baino 44 segundo beranduago helmugaratuta. 

Kadete mutiletan hiru batel osatu ditu TAKek. A taldea izan zen hiruretan azkarrena. Estropadan hirugarren postuan sailkatu zen, Orioren eta San Pedroren atzetik. 7:15:46ko denbora egin zuten. B taldeak 7:37:31 denboran gelditu zuen kronometroa eta zortzigarren sailkatu ziren. C taldea hamazazpigarren postuan helmugaratu zen, 9:06:33 denborarekin.

Jubenil neskek lortu zuten denboraldiko lehen garaipena. Estatxa askatu zutenetik estropada buruan izan ziren tolosarrak. Ziabogara aurretik iritsi ziren, hamar segundoko aldearekin. Berak 5:27ko denbora markatu zuten ziabogan eta bigarren sailkatuek (San Juanek eta Hibaikak) 5:37koa. Helmugan kronometroa 10:28:10 denboran gelditu zuten eta irabazle izendatu ziren. Bigarrenak, sanjuandarrak, 17 segundora sailkatu ziren. 

Absolutuetan, Tolosako neskek laugarren egin zuten. 10:45:09 denboran egin zuten estropada eta irabazlearengandik 53 segundora helmugaratu ziren. 

Jubenil mutiletan bederatzigarren postuan sailkatu ziren etxekoak. 10:06:04 denboran amaitu zuten estropada, irabazlea baino 46 segundo gehiago behar izan zituzten ibilbidea egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!