Kale Kantoitik

Pasa-pasa eginda dago!

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko urt. 19a, 13:19

Tabernaz aldatu dugu, eta hurrengoan sartzerako balantzaka dabil Harkaitz. Ene... nola bukatuko duen gaur honek! Bat batean neska koadrila batengana gerturatu da eta bizkarra ematen ari zaion baten izterra heldu du.

Badira hiru bat aste Gabonak pasa direla, eta urteroko legez afari zein bazkari ugari ospatu ditugu. Agendan ekitaldi sozialen kontzentrazioa igotzen da. Nirean behintzat gabonak burbuila batean isolatzen dira, ezin omeostasia mantendu. Premiazkoa da, antza, egun hauetan denok elkar ikustea. Familiarekin, lagunekin... baita lankideekin ere bazkaltzeko biltzen gara. Ai, enpresen urte amaiaerako bazkariak! Abenduan horrelako mordoa izan zen Tolosan. Eta bazkarien ostean poteoa, parranda...

Parranda hasterako gozo doa Jose. Edo Mikel, edo Jon, Urki, Aitor, Francisco... Txertatu nahi duzuen izena. Gutxienekoa izena da eta. Nik 'Harkaitz' esango diot, baliabide poetiko gisa. Aix, gure Harkaitz. Zer nolako tipoa. Txiste berdeak konta eta konta ibili da bazkalorduan. Lantegian ere horrela aritzen da, baina gaur sagardoak eman dion ausardiaz inoiz baino berdeagoak botatzen ditu. Lankideren bati lizunkeriren bat ere esan diola ta, ia haserreren bat izan da arratsaldean. Egia esan apur bat pasata doa... baina badakigu nolakoa den. Nagusiak bere konturen bat entzuten duen bakoitzean muturra okertzen du. Baina ez entzunarena egiten du pakea egon dadin. Lantegian bezela. Eskerrak! Ez da une egokiena eta Harkaitzekin errietan hasteko.

Tabernaz aldatu dugu, eta hurrengoan sartzerako balantzaka dabil Harkaitz. Ene... nola bukatuko duen gaur honek! Bat batean neska koadrila batengana gerturatu da eta bizkarra ematen ari zaion baten izterra heldu du. Goraka bidea egiteko saiakeran petral eta mozkorrean. Erotu da! Neskak buelta eman du ziztu bizian, haserrearen haserrez. Buila egiten dio baina berak ez dio ulertu ere egin. Zelako kazkarra daramakien... Martinek barrezka “muturra txikitu” diezaiola esaten dio neskari. Harkaitzek gerrikoa askatzeko saiakera egiten du bitartean, pasa-pasa eginda dago hau! Atera dezagun tabernatik, taxi bat eskatu beharko zaio...

Hauek, tamalez, ez dira asmatutako kontuak. Gure herrian benetan gertatutakoak baizik. Nire lagun bati hain zuzen. Berea aipatuko ez dudan arren, izen asko txerta genitzake hemen ere. Tamalez. Amaia, Iurre, Maria, Aiora, Rosa... Nik Itsaso esango diot, baliabide poetiko gisa. Eta gaurkoan artisautzaz edo inspirazioaz, Aralargo errepide proiektuez, edota aldarrikatzeko eskubideaz, biolentziaz piramide sozialean, indibidualismoaz... mintzatu nahi nuen arren eta gertakari hau orain dela hilabete bat eman zen arren, hontaz hitz egiteko beharra sentitu dut. Tamalez, honen inguruan behin da berriz hitz egiten badugu ere, egoera berberak errepikatzen direlako. Gabonetan, Donostiako Danborradan, Tolosako Iñauterietan, sagardotegi-garaian... Gure lantokietan, ikasguneetan edo familian ditugun Harkaitz guztien jarreren aurrean ez ikusiarena egiteari utzi behar diogulako. Parranda bakoitzeko 'Harkaitz' hauen itsaso nahasi batean nabigatu behar duen Itsasoren bat dagoelako. Tamalez. Tamalez, barruan kabitu ezin eta artikulu honek poroetatik ihes egin didalako. Ondotxo ezagutzen baititugu Itsaso guztiok egoera hauek. Eskerrak, ordea, badakigun ur masa handiek material sendoenez osatutako egiturak desegin ditzaketela. Tantaka harkaitzak hausten direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!