Lauburuk asmatu ez eta aurkari handi baten aurrean erori zen

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko api. 3a, 08:46

Porrota mingarria atzokoa; lehiakor agertu eta azkenera arte borrokatu bazuen ere, une zehatz batzuetan inspiratuago agertu zen aurkari bat nagusitu zitzaion Laubururi. San Juanek egindako lehenbiziko tantoa erremontatu ostean, moratuek ez zuten 2-1eko errenta mantentzen asmatu eta 3-4ko emaitzarekin galtzera iritsi ziren.

Norgehiagoka bi taldeak beren ideien araberako defentsa eginez hasi zen; Lauburu aurkariaren zelaira arrimatzen zen nafarren baloi irteera ekidin asmoz, eta San Juan aldiz, pista erdian zain geratzen zen ondoren trantsizio azkarren bidez ateratzeko. Lauburu oso ongi sartu zen partidan, aurkariak baino trebetasun handiagoa erakutsiz elaborazioan, honela, lehenbiziko aukerak moratuentzako izan zirelarik.

Alta, lehenbiziko zatiaren erdialdean, nafarrek biziago jolasten eta beren eraso jokoa hobeto konektatzen hasi ziren, honela, norgehiagoka menderatzea pasaz. Momentu honetatik aurrera hasi ziren bisitarien aukerak iristen. Horietako batean, eta Zuhaitzek trebetasunez nafarren hurbilketa batzuk ekidin ostean, Chemak bandan baloi bat harrapatu eta Agusen markatik aldeginez, Zuhaitz azpitik gainditu eta 0-1ekoa ezarri zuen.

Golak min handia eragin zien ibartarrei, zeinak, nafarren menpe pasa zituzten hainbat minutu. Kezka une hauetan agertu zen moratuen izaera lehiakorra, emaitzari esfortzu handiarekin eutsiz, baina tantoa egiten ezin asmatuz. Lehenbiziko zatia 0-1ekoarekin amaituko zela uste zutenean Atsedenaldiaren inguruan iritsi zen eta Zumeta izan zen tantoaren egilea; pibot posiziotik jaurtiketa bortitz batekin Alvaroren atea zulatuz gol bikaina lortu zuen. Berdinketaren golak moratuek biziki animatu zituen eta lehenbiziko zatia aurkariaren atetik hurbilago amaitu zuten, garaipena posible zela garbi utziz.  

Bigarren zatian Lauburuk jokoaren eskema aldatu zuen eta bere erasoak hiruko jokoaren bidez elaboratzeari ekin zion. Aldaketa honek ibartarrak partidan hobeto sartzea eragin zuen eta San Juanen aurrean nagusitasuna erakutsiz, hainbat arrisku egoera sortu zituzten. Hauetako batean, Javi Saldisek Andoni Carlosenaren pase bat aprobetxatu zuen markagailuan 2-1ekoa ezarri eta Belabietara sekulako poza zabaltzeko. Zailena egina zegoela zirudien, izan ere, San Juan bezalako talde bati emaitza iraultzea ez baita batere erraza.

Alabaina, nafarrek ez ziren norgehiagokatik aldendu eta aurrera pauso bat eman zuten bere burua markagailuan azpitik ikusi zutenean. Zalantzazko emaitza zenez, bietako edozeinek egin zezakeela tantoa jakiteak  tentsio handiko uneak sortu zituen. Momentu hauetan lortu zuten asmatzea Sanjuandarrek: konturatzerako, Guille eta Santiagoren eskutik eta bi estrategia-jokaldien bidez, bisitariek bi tanto egin zituzten, moratuen errenta irauli eta markagailuan berriro aurretik jarriz.

Berriro azpitik ikustean, Mikelen mutilak, arrisku handiagoarekin, gora joatea erabaki zuten eta San Juanek abantaila handitzeko aprobetxatu zuen, Guillek, Aitzolengandik urrun egindako bandako sake bat Zuhaitzen irteerara aurreratuz amaitu zuenean.

Mikelek aukera guztiez baliatzea erabaki zuen orduan. Bosteko jokoarekin, ibartarrak oso ongi asmatu ez zuten saiakera batzuen ostean eta ideiak ordenatzeko balio izan zuen hutsarte baten ostean, Lauburu benetako arrisku egoerak sortzen hasi zen nafarren atean. Honela iritsi zen Javi Saldisen tantoa, atzoko arratsaldean bi gol sartu zituen jokalaria: bisitarien area hertzean jasotako baloi bat aprobetxatuz moratuen parrokian berriro itxaropena piztu zuen.

Zoritxarrez, geratzen zen minutu eta erdian egindako saiakera guztiak ez zuten emaitzarik eman, eta, nahiz eta, momentu batzuetan baloia Alvaroren atearen inguruan ibili zen, ez zen arrisku egoera garbirik sortu. Beraz, 3-4ko emaitzarekin eta xehetasun batzuk zein momentuko asmatzeak eragindako emaitza izan zenaren sentsazioarekin iritsi ziren partidaren amaierara.

Laburbilduz, partida borrokatua, kalitatezko aurkari baten aurrean egindakoa; Lauburuk lehiatzeko gai dela erakutsi zuen berriro eta honela egiten du gainera multzoko edozein aurkariaren aurrean. Alabaina, emaitza honek ez du sailkapenean dituzten larritasunez libratzen, nahiz eta aurkari zuzen guztiak galdu egin zuten atzokoan. Gauzak honela, datorren astean Santurtzin jokatu beharko dute, partida honek dimentsio handiagoa hartzen duelarik eta garrantzi handiko partida bilakatuz. Bizkaitarrak ibartarrak baino urgentzia handiagorekin agertuko dira, izan ere, bi taldeen artean dagoen lau puntuko aldeak baten eta besteen kontuak desberdinak izatea eragiten baitu. Hala ere, Lauburuk norgehiagoka hau jaitsieraren mamua atzean uzteko aukera paregabetzat hartuko du eta ondorioz, ardura eta dedikazio handiagoarekin prestatuko du. Klubari, orain arte egindako esfortzua eskertu eta ligako final liluragarri honetan indarrak metatu dezaten, gureak animatzea besterik ez zaio geratzen. Borrokatzera eraman gaituen egoera honetan helburua lortuko dugula konbentzimendu osoa dugu. GOAZEN LAUBURU!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Andoni Carlosena, Arros, Javi Saldise (2) eta Agus. Aitzol, Andoni Agirrezabala, Txipi, Andoni Zumeta (1), Xabi eta Ioritzek ere, jolastu zuten.

SAN JUAN A.D.: Alvaro, Mikel, Saul, Javier eta Santiago (1). Javier Oroz, Guillermo (2), Aitor, Chema (1) eta Julenek ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK:Saul eta Santiago (SAN JUAN A.D.)

 

GOLAK

0-1 MIN 12 Chema

1-1 MIN 18 Andoni Zumeta

2-1 MIN 25 Javi Saldise  

2-2 MIN 31 Guillermo

2-3 MIN 35 Santiago

2-4 MIN 37 Guillermo

3-4 MIN 38 Javi Saldise

EPAILEAK

Raul, Gomez Saiz (Kantabriako Komitea)

Abel, Pereda Varela (Kantabriako Komitea)

KRONOMETRATZAILEA

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoa Territoriala)

Oharra: Leaburuko Ostatuak eskaini eta bazkideen artean egiten den bi lagunentzako afariaren zozketan irabazle Sagrario Etxeberria Larrarte suertatu zen. Zorionak!!!

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!