Golaren aurrean trakets egon zen Lauburu baten porrota gogorra

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko mar. 13a, 11:53

Atzo arratsaldean Lauburuk jasandako porrota pisuzkoa eta ustekabekoa izan zen. Pisuzkoa, neurketa guztiak izan zuen gidoiagatik, eta ustekabekoa, gureak, aurreko bi jardunaldietan hasitako bolada baikorrari jarraipena emateko ilusioarekin atera zirelako kantxara.

Ezin izan zuten; neurri handi batean, aurkariak, talde gaztea eta ideia garbiekin, Ibarrakoek begitan hartu zuten joko eredu bat ezartzen jakin izan zuelako neurketaren zati handi batean. Aldi berean, piparreroen ate aurrean sortutako aukeretan, Lauburuk baino gehiago asmatu zuelako ere bai.

Partidaren laburpenak jokoaren 40 minutuetan errepikatu zen tonika bera islatzen du: Nuestra Señora del Portal taldeak metroak ematen zituen, beren defentsa 10 metroetan kokatuz; Lauburu, goian presionatzen saiatzen zen, Zaragozakoen atearen aurrean arrisku egoerak sortu nahian. Dinamika honekin, partidaren pisua etxeko taldeari egokitu zitzaion, bere erasoak 3 eta 4ko jokoarekin txandakatuz, Zaragozakoen defentsa ona ezegonkortzeko asmoarekin. Alta, Mikel Diestroren mutilak harrapatuta geratzen ziren, behin eta berriz, aragoiarrek marraztutako sastraka defentsiboan.

Baloia Lauburuk izan bazuen ere, ez zituen arrisku egoerak sortzen Albertoren atean; batzuetan konbinazioan argitasuna falta zelako eta beste batzuetan aragoiar atzealdeak baloiak osten asmatzen zuelako. Baloia ostu eta kontra azkar batzuk sortzen zituzten, Endikaren aurrean arrisku handiak sortuz; bi hilabete baino gehiagoko etenaldia egin ondoren, ibartarren atearen defentsan lan bikaina egin zuen Endika atezainak. Alabaina, ezin izan zuen 0-1ekoan ezer askorik egin, epaileak penalti adierazi baitzuen, Zumetak Ibarrakoen arean eskuarekin ukitzeagatik. Jaurtiketa Davidek egin zuen. Endikak, jaurtiketaren norabidea asmatu bazuen ere, Zaragozako jokalariak emandako kolpe bortitzaren aurrean ezin izan zuen ezer askorik egin.

Kontrako golak mina egin zion Laubururi, esfortzu handia eginda ere, ezer gutxi aurreratzeak ematen duen amorrazio bera sentitu zuen. Moratuek pazientziaz saiatu ziren aragoiarren atea bilatzen. Alabaina, Nuestra Señora del Portal taldea izan zen, zorigaiztoko jokaldi batean, elektronikoa astindu zuena, berriro. Bisitarien jaurtiketa baten ostean, Endika bere atetik urrunarazi zuten alderatze batzuk izan ziren, zoritxarrez, Fernandorengana iritsi eta honek, piparreroen atea zulatu zuen. Markagailuan 0-2 eta jokatzeko denbora gutxi jada, lehenbiziko zatian. Geratzen ziren hiru minutuetan Lauburu saiatzen jarraitu zuen, baina asmatu gabe. Beraz, atsedenaldira bisitarien abantailarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian etxeko taldea indartuago hasi zen. Atsedenaldiak ideiak freskatu eta erremontatzeko ilusioa berpizteko balio izan zuen. Lehenbiziko hiru minutuetan Lauburuk aukerak sortzen asmatu zuen, hirurekin jolastuz eta Albertoren atetik hurbil egongo zen erreferentzia finko baten bila. Alabaina, eraso hauetan saririk ez lortu izanak, ibartarren animoan eragin zuen; minutuak oso azkar pasatzen ziren eta bisitariak oso eroso ziruditen partidaren gidoi horretan.

Gauzak honela, amaiera gertu zegoela, Mikelek ez zuen bosteko jokoa jartzea baino beste aukerarik izan. Ohikoa duen moduan, Lauburuk baloia ongi mugitu eta hainbat eraso sortzen asmatu zuen, baina bukaera arte garaipenaren alde borrokatu eta distantzia gutxitzeko hainbat aukera sortu bazituen ere, fase honetan ere, ez zuen golaren bidea aurkitu.

Laburbilduz, atzoko porrotaren arrazoiak erasoan ez asmatzean aurkitu behar dira. Nahiz eta Lauburuk atzoko neurketa eta aurkariaren defentsako ezaugarriak ondo asko prestatu zituen, Zaragozako taldeak Lauburu ustekabean harrapatzen jakin izan zuen, era lotsagabean, gurei baloia emanaz. Hobetzeko gauzak daudela onartuz eta zazpi final geratzen direla ikusita, altxatzea eta hauek leuntzen indar guztiak jartzea besterik ez zaigu geratzen. Ibartar blokeak, murgilduta dagoen borrokan adinako jarrera eta konpromisoa erakutsi zuen atzokoan ere, eta ziur, Mikelen mutilak hurrengo enbidoa prestatzeko, lan-astea hasteko gogoz egongo direla.

Datorren astean ligak atseden hartzen du. Lehiaketak 14 egun barru jarraituko du, Donostian jokatuko den neurketa zirraragarri batekin. Lauburuk C.D. Internacional de Intxaurrondo D4 taldea bisitatuko du emozioz betetako eta bi taldeentzat final baten antza izango duen talka batean. Hitzordu bikaina, baita zorrotza eta zirraragarria ere; honi aurre egiteko, gureak beren gaitasun guztia erakutsi beharko dute, eta horrela izango dela ziur gaude. GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Endika, Xabi Arranz, Andoni Zumeta, Aitzol eta Andoni Agirrezabala. Andoni Carlosena, Ioritz, Javi Saldise, Beñat eta Agusek ere, jolastu zuten.  

 

NUESTRA SEÑORA DEL PORTAL CLUB: Alberto, Francisco José, Ivan, Francisco Javier eta Fernando (1). Guillermo, David (1), Pedro Jesús, Raul, Adrián eta Ángelek ere, jolastu zuten.

 

TXARTEL HORIAK:Andoni Carlosena, Andoni Aguirrezabala, eta Javi Saldise (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

GOLAK

0-1 MIN 15 David

0-2 MIN 17 Fernando

EPAILEAK

Eduardo, Otamendi Lascarro (Nafarroako Komitea)

Jose Antonio, Pinar Viñas (Nafarroako Komitea)

 

KRONOMETRATZAILEA

Txema, Montero Celeya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Nota: Bazkideentzako Danon Txokoa jatetxeak eskaintzen zuen afariaren zozketan irabazle Juanan Rodriguez izan da.

Gainontzeko taldeen emaitzak

Ohorezko Jubenila

Lauburu K.E. Mahala

11

C.D. Valle del Ebro

1

1go Territoriala

Lauburu Aldaz Klinika

7

Bilkoin

2

Emakumeak

Eskoriatza K.E.

2

Lauburu K.E.

1

Kadeteak

Arantzazuko Ama

1

Lauburu K.E.

10

Infantilak

Eskoriatza

4

Uzturpe Lauburu 2004

2

Infantilak

Uzturpe Lauburu 2003

5

Zarautz K.E.

2

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!