Bukaera arte sinetsi zuen Lauburu baten garaipen bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko mar. 5a, 18:21

Azkenean iritsi zen; Belabietatik urrun, Lauburu menderakaitz batek lortutako lehenbiziko garaipena, ez agian, bere partidarik onenean, baina bai, bere buruan fede eta konfiantza izugarria duen talde batek behar handiena zuenean.

Misteriozko pelikula bat bailitzan, sufritzea tokatu zen, lesioengatik lermatua dagoen talde baten aurrean eta bertan zenbat zale biltzen diren ikusita, ligako kantxa zailenetako batean. Futsala lehenesten den tokietan jokatzea plazer bat izaten da beti, eta Lauburuk Belabietan lortutako merituzko berdinketarekin idazten hasi zen filmeko gidoiari jarraipena Quinto de Ebron eman izana eskertzen dugu. Hau hasi besterik ez da egin eta gehiago nahi dugu.

Partidari buruz, esan behar, biek ala biek ez zutela izugarrizko partida egin. Etxeko taldeak, lesioekin lermatua egonda, Aragoiko kuadroak etxean jolasten duenean planteatzen duen aurrez aurreko borroka hori ez saihesten asmatu zuen Lauburuk. Honek, kontaktu fisiko handiko partida bizitzea eragin zuen, non zatitutako baloi bakoitza azkena balitz bezala borrokatzen zen.

Ibarrak aragoiarren erasoari aurre egiteko era oso ongi prestatuta zuela, hasierako minutuetan egiaztatu zen; hasieratik defentsa pista erdian kokatuz, Lauburu hazten eta konfiantza irabazten joan zen. Sala Quinto, berriz, moratuen jokoa ekidin nahian oso goian presionatzen zuten, baina ez ziren baloiak ostera iristen, batez ere, Mikelen mutilek konbinazioan asmatzen zutelako.

Lehenbiziko aukerak piparreoentzat izan ziren. Bere zelaitik ukituaz eta Alejandroren atera erraz iritsiz, moratuen jokoak bisitarien gola gertu zegoela iragarri zuen. Hiru minutura iritsi zen, korner baten ostean; Zumetak egin zuen, Andonik egindako pase bat jaso eta aurrez defentsa bat jo zuen jaurtiketa bortitz batekin Alejandro menperatu zuenean.

Golak moratuei animoak igotzeko balio izan zuen; defentsan ordenatuak eta erasoan min egiteko gaitasunarekin jarraitu zuten. Honela iritsi zen 0-2koa, gehienbat, askotan pozten gaituzten bi nafarren artean egindako lana izan zelarik: Andoni Carlosenak bi zelaiak zatitzen dituen marratik hurbil, bandako sakea atera zuen, Saldise Alejandroren aurrean abantaila dezentearekin utziz. Pase bikain honek erremate gorena besterik ez zuen merezi eta horretarako moratuen 14a da, onena; Alejandro goitik menderatuz, jardunaldiko tantoetako bat sinatu zuen. Zazpigarren minutua zen eta kontatzen dugun bezain ongi zihoan guztia.

Alabaina, Quinto de Ebron jokatzen diren partidetan gertatzen den moduan, bertako taldearen hiztegian ez dira ihes egiten utzi edota borrokatzetik utzi hitzak agertzen. Guk askotan egin dugun moduan, aragoiarrak laneko arropa jantzi eta gauzak okerrenean zeudela, jokoaren dinamika iraultzen hasi ziren, defentsan bortizkeria eta erasoan abiadura ezarriz. Momentu hauetan Laubururi baloiak ez zion denbora asko irauten. Mikelenak bere atean inguraturik ikusi zuten beren burua eta arrisku egoerak pilatzen hasi ziren. Beste era batera izatea ezinezkoa zen eta atzokoa bezalako partida baten gidoiak atezain salbatzaile bat eskatzen zuen eta han agertu zen Joseba Balerdi handia paperak eskatutako guztia egiteko prest. Hala ere, egoera ez zen ona Laubururentzat eta Mikelek hutsartea eskatu behar izan zuen.

Alabaina, eten honek ez zuen esperotako eragina sortu, jokoaren dinamika ez baitzen asko aldatu. Zorionez, eta bere defentsak eragiten zuen presio bortitzaren ondorioz, Quintok bosgarren falta egin zuen eta honek jokoaren intentsitatea jaistera behartu zituen. Gauzak honela, lehenengo zatia 0-2koarekin amaituko zela ematen zuenean, aragoiarrek tartea txikitzea lortu zuten. Ignaciok egindako bakarkako joko baten ostean, Josebak jokalari honen lehenbiziko jaurtiketa geratu zuen, baina alderatzea Pedrorena iritsi zen eta honek, eskuadratik sartu zuen, harmailetara zoramena eramanaz. 1-2koarekin atsedenaldia eta moratuen aldageletan mamuak, ate-joka.

Erantzuna, alabaina, bigarren zatia hasi orduko iritsi zen. Lauburuk bi denboren arteko tarte hau aprobetxatu zuen ideiak argitzeko eta atzokoa ez zela beste egun baten parekoa izango baieztatzeko; bloke honek dituen bertute guztietatik gutxi batzuk erakusteko eguna baizik. Honela indartu ziren moratuak baloiaren inguruan eta talde gazte, baina saiatu baten izaerarekin jokatu zuten.

Ibarrari partida kitatzen asmatzea falta izan zitzaion bigarren zatiko lehenengo 10 minutuetan. Partidaren bukaera lasai bizitzeko haina aukera izan zituzten Zumetak, Andonik eta Nourdinek, baina atzo ez zen lasaitasunaren eguna izan. Garaipenari balore handiagoa eman nahian edo, gureak suspensearen bidea aukeratu izan balute bezala, emaitza zalantzazkoa izaten jarraitu zuen partidaren azken faseraino.

Bigarren zati honetan Lauburu sendo agertu bazen ere, eta aragoiarrei aukera gutxi eskaini, Quintok bere burua markagailuan gertu ikustea akuilu bilakatu zen. Honela, nahiz eta neurketan bertan lesioagatik jokalari bat galdu zuen, aragoiar kuadroak bosteko jokoaren apustua egin zuen azken minutuetan.

Alta, atzokoan ibartarren fedean zerbait berezia zegoen, puntuak etxera ekarriko zituztenaren ziurtasun osoa. Eta horrela izan zen, sufrituz, baina moratuek aurkariaren azken erasoak ekiditeko prestatu ziren, ordenarekin eta asmatuz. Ibartarren defentsa-lan bikainak eraso hauek urruneko jaurtiketetan amaitzea eragin zuen. Jaurtiketa hauetan Josebak, partida bikainean, ongi asmatuz. Amaierara iritsi ziren honela, behar baino gehiago eta partidak eskatu baino gehiago sufritu izanaren sentsazioarekin; gutxienekoa, hala ere, moratuen aurpegiek islatzen zuten poza eta lasaituarekin konparatuta.

Gehitzeko ezer gutxi. Atzoko partida bat bezalakoaren ondoren, hurrengoa ahalik eta azkarren etortzea besterik ez da nahi izaten. Gureak, garaipenak emandako pozaz gain, kontzienteak dira helburura iristeko bidearen hasieran daudela. Atzoko partidan analizatu eta hobetu beharko ditugun gauza asko daude, baina mutil hauen konpromisoa eta sakrifizioa bizkar hezur gisa hartuta, metara iristea errazagoa ematen du. Datorren astean Zaragozako beste kluba izango dugu etxean, Nuestra Señora del Portal edo Las Fuentes, atzokoan Zierbenaren aurrean 3-2ko emaitzarekin gailendu zena. Datu honek partida oso zaila izango dela erakusten digu eta honi aurre egiteko, Mikelen mutilak bihar bertan hasiko dira neurketa prestatzen, ibartar parrokiari poztasun handi bat eman nahian. Hemendik, Ibarrako afizioa Belabietara etortzea gonbidatzen dugu; guk betiko bermea eskainiko dugu: ibartar izaera eta esfortzu izugarria eta ikuskizuna, nahi adina. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK 

 

SALA QUINTO F.S.: Alejandro, Aitor, Pedro (1), Ignacio eta Jorge. Sergio, Antonio eta Hektorrek ere, jolastu zuten.

 

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Nourdine, Andoni Carlosena, Javi Saldise (1) eta Beñat. Andoni Agirrezabala, Aitzol, Xabi, Andoni Zumeta (1) eta Xabi Arranzek ere, jolastu zuten. 

 

TXARTEL HORIAK:  Pedro eta Antonio (SALA QUINTO F.S.).

 

GOLAK

0-1 MIN 3 Andoni Zumeta 

0-2 MIN 7 Javi Saldise

1-2 MIN 19 Pedro 

 

EPAILEAK 

Iñaki, Castillejo Álvarez (Nafarroako Komitea) 

Andoni, Lancha Urtasun (Nafarroako Komitea) 

 

KRONOMETRATZAILE 

Cinta, Marín Pastor (Aragoiko Komitea)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!