Lauburuk fedea jarri zuen, berdinketa bat baino zerbait gehiago gehitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko ots. 26a, 10:41
Atzoko arratsaldean puntu bat baino gehiago lortu zuen Lauburuk. Berdinketa honek irakurketa baikorra du: Mikelen mutilak ez bazuten arratsalde ona izan ere, beren fede apurtezin hori erabili zuten erabakita zegoela ematen zuen emaitza baten aurrean altxatzeko. Aurrera egiteko eguna atzo izan bazen, esan behar, Lauburuk egin zuela, berandu izan bazen ere; BigMat Fontecha Juventud del Círculo talde on batek markagailuan gainditu eta gero. Talde honek landutako bloke egonkor bat dela erakutsi zuen Belabietako kantxan.

Neurketaren hasieran bisitariek atzean zain egon ziren eta Lauburuk berriz, defentsa aurkariaren kantxan jarri zuen. Presioan asmatzeak nagusitasuna etxekoei eman zien eta eroso ibili ziren pistan. Alabaina, lehenbiziko eraso hauek irmotasunez amaitzeko arazoak izan zituzten, beren konbinazioak aurkariaren azken lerroan hiltzen ziren, arrisku egoerak sortu gabe edota jaurtiketak izan gabe.

Minutuak aurrera zihoazen eta Lauburuk gidoia jarraitzen zuen; moratuek jokoaren zama zeramaten eta aurkariaren atera oldarkorrago iristen ziren. Honela, Marioren atera lehenbiziko aukera garbiak iritsi ziren: Andoni Carlosena eta Andoni Agirrezabala izan ziren Burgosko atezaina larri jartzea lortu zuten lehenengoak, baina atezainak asmatu eta biak golaren saririk gabe geratu behar izan zuten.

Lehenengo zatiaren 15. minutura iritsi ginen horrela, bisitarien entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen unea. Eten honek moratuengan eragina izan zuen, partidako minuturik okerrenak tarte honen ostean jolastu zituzten-eta. Pistara itzuli orduko, Jesus, partida guztian Lauburukoei lan asko eman zien Burgosko jokalariak, kide batekin konbinatu ostean abiadura handiarekin atera zen eta Zuhaitz gainditu zuen hanken tartetik sartutako jaurtiketa batekin. 0-1ekoa zen eta panorama oraindik eta gehiago okertu zen bi minutura: berriro Jesusek, bakarkako jokaldi eder batekin Zuhaitzen aurrean, toke fin batekin 0-2koa ezarri zuen. Jokoaren 17. minutua zen.

Moratuek kolpe bikoitz honen ordaina eman nahi izan zuten, lehenbiziko zatia Marioren atea estutuz amaitu baitzuten. Alta, hurbilketa hauek ez zuten saririk izan eta atsedenaldira bisitarien abantailarekin iritsi ziren.

Ideiak ordenatzeko, atsedenaldia ongi etorri zitzaien eta Lauburuko kuadroa Belabietara inguratu zen afizioak hauspotua atera zen pistara. Intentsitate honek nagusitasuna eman zien Lauburukoei une batzuetan aurkariaren aurrean eta erremontatzea posible zela sinetsi zuten. Hurbilketa batzuen ostean, hiru minutura iritsi zen saria. Tantoa Andoni Carlosenak egin zuen (erreferentea hainbat areatan, goleatzaile arean ere bai, nahiz eta azken aste hauetan ez duen aukerarik izan). Korner baten ostean etorri zen gola, Andoni Agirrezabalak Carlosenari baloia pasa eta honek jaurtiketa bortitz batekin ateetan sartu zuenean.

1-2koa zen eta oraindik 17 minutu aurretik zeudela jakinda, Belabietako harmailak poztu zituen. Baina berdinketa erraz etorriko zela ematen zuenean, Juventud del Círculo taldeak Oliverrek amaitu zuen jokaldi bikain bat egin zuen eta 1-3koa ezarri. Kolpe gogorra izan zen eta etsitzeko nahikoa arrazoi izango zen, taldeak daraman dinamika ikusita.

Baina taldeak ez zuen hori gertatzea nahi izan eta ez zen gertatu. Aurkariaren argudioak eta taldeak ez asmatzeak kondenatuko zituela ematen bazuen ere, indartu eta idatzita zegoen patuari aurre egin zion taldeak, handikeriarik gabe eta bakarkako erakustaldirik gabe, talde honengan amaiera arte sinesteko arrazoi ugari daudela erakutsi zutelarik.

Pistan bosteko jokaldia jarri zutenean erremontatu zuten, ordurarte ezin izan zen aukerarik sortu. Atezain jokalariarekin aldiz, Marioren atean era guztietako arriskuak sortzen asmatu zuten. 2-3koa amaierako 3 minutu geratzen zirela iritsi zen. Itxaropena zabaldu zuen gola Javi Saldisek egin zuen, Irurtzungoak alderatze bat baliatu eta Mario gainditu zuenean. Bere espezialitatea gola egitea da eta oraingoan ere egin zuen.

Jazarpenak azken minuetan jarraitu zuen. Aukerak ibartarren aldean sortzen ziren eta Burgosko kuadroak berriz ez zuen asmatzen arriskua bere atetik aldentzen. Minutu eta erdira iritsi zen berdinketa, kanterako Andoni Agirrezabalaren eskutik, horrela, kanpotik ikusten ez den konpromisoari merezitako saria jasoaz. Tanto polita izan zen: ibartarrak bigarren zutoinean haserre errematatu zuen baloia, Marioren ateko eskuadra beretik sartu zelarik.

90 segundo geratzen ziren eta Lauburuk arriskatzea erabaki zuen ahal zen guztietan bosteko jokoa bertan mantenduz. Alabaina, bisitariek baloiaren jabetzan asmatu zuten, honela, ibartarren hurbilketa berriak ekidinez. Partida horrela amaitu zen, irensteko emozio askorekin.

Atzoko partidaren laburpena egitea oso zaila egiten zaigu. Asmatze aldetik ez zen izan, gureak egin duten partidarik onena. Hala ere, bolada txar honi irtenbidea bilatzea urgentzia handiena zegoenean agertu ziren, atsedenik ematen ez duen kategoria batean pixkanaka indartzen doan talde baten izaera eta kemena. Emaitzak laguntzen diguten garaietan gure taldearen jokoa goratzen dugun bezala, atzokoan taldeak funtzionatu ez zuen hainbat puntuetan begirada jarri behar dugu. Alabaina, esan dezakegu lortutako berdinketak sailkapenean islatzen duen puntua baino gehiago esan nahi duela; taldeak ez etsitzeko erronka eta konpromisoa hartzen duela esan nahi du, jokatzeko geratzen diren 9 finaletan gertatzen dela gertatuta ere. Hurrengoa datorren astean izango da eta Lauburuk Sala Quinto indartsua bisitatu beharko du, kategorian finkatutako taldea eta etxean garaipen asko pilatu dituena. Aukera polita izango da, bisitari gisa Lauburuk daraman bolada txarra iraultzeko. Zintzoki, zalantza gutxi daukagu: gureak lehiatuko dira eta garaipenaren alde borrokatuko dute argudio guztiekin. GOAZEN LAUBURU!!!!

 

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Zuhaitz, Xabi Arranz, Andoni Zumeta, Javi Saldise (1) eta Andoni Carlosena (1). Beñat, Andoni Agirrezabala (1), Nourdine, eta Asier Aierbek ere, jolastu zuten.

BIGMAT FONTECHA JUVENTUD DEL CIRCULO C.D.: Mario, Israel, Javier, Jesús (2) eta Rodrigo. Samuel, Oliver (1), Alejandro, Fernando eta Danielek ere, jolastu zuten.

TXARTEL HORIAK:Andoni Carlosena (LAUBURU K.E. IBARRA).

GOLAK

0-1 MIN 15 Jesús

0-2 MIN 17 Jesús

1-2 MIN 23 Andoni Carlosena  

1-3 MIN 26 Oliver

2-3 MIN 37 Javi Saldise

3-3 MIN 39 Andoni Agirrezabala

 

EPAILEAK

Ivan, Arce Ruiz (Kantabriako Komitea)

Víctor, Toca Campo (Kantabriako Komitea)

 

KRONOMETRATZAILE

Daniel, Dos Anjos De Celis (Euskal Komitea, Gipuzkoa Territoriala)

 

Oharra: Leaburuko Ostatua jatetxeak zozketatzen duen bazkideentzako afariaren irabazle Manke Dávila izan zen.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!