Defentsako akatsek aurkari bikain baten aurrean galtzera eraman zuten Lauburu (2-3)

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2017ko urt. 9a, 08:30
Atzoko partidak sentsazio arraroak utzi zituen Lauburuko kuadroan; alde batetik, posizio-erasoan, beste batzuetan ez bezala, atzokoan asmatzea lortu zutelako, baina beste aldetik, moratuek indartsu agertzen diren esparruan, hau da, estrategia-jokaldietan hiru gol jaso izanak, kategorian sasoikoen dagoen Colo Colo Confort talde aragoiar bezalako baten aurrean puntuak gehitzea ezinezkoa bihurtu zuelako.

Etxekoek norgehiagoka honi baja batzuekin egin behar izan zioten aurre, errotazio gaitasuna dezente murriztuz. Alabaina, moratuek esfortzu handia jarriaz eta Xabier Arranz jubenilaren laguntzarekin lortu zuten aurre egitea. Gaztea, denboraldi honetan estreinakoz aritu zen taldean eta minutu bikainak eskaini zizkigun.

Partida azkar okertu zen. Bisitarien kuadroak aurreratzea lortu zuen Juanen bidez (Colo Coloren hiru golak berak sartu zituen), korner batean kanpotik egindako jaurtiketa bat Aitzolen hanketatik sartu eta Joseba menderatu zuenean. Etxeko taldeak kolpea gainditu eta bere erasoaldiak trebetasunez lantzen hasi zen, aragoiar kuadroak aurkezten zuen aurreratutako defentsa zonala abileziaz ikusiz eta hainbat eratara erasotuz.

Hala ere, Colo Coloren kalitatea duten taldekin aurrez aurre jokatzen denean gertatzen den moduan, Lauburuk, sortutako aukerak amaitu ez eta bisitariek markagailua astindu zuten berriro, oraingoan ere Juanen bidez; bandako sake batean eta estrategia jokaldi baten ostean egindako aldaratze bat aprobetxatu zuenean sartu zuen. Hamargarren minutua zen eta partida asko zaildu zen. Alta, Ibarrakoen minuturik onenak iritsi ziren handik gutxira; bloke honen izaerak zailtasun guztiei aurre egiteko duen gaitasuna erakutsi zuen beste behin ere, eta plan okerrenean ere, duen onena emateko gai dela. Horrela iritsi zen Aitzolen gola: bandako blokeo bati jarraipena emanez eta abileziaz, jaurtiketa bortitz batekin, Javier menderatu zuenean. Partida bikaina egin zuen jokalari honek atzo arratsaldean. Arbela berriro bere fruitua ematen hasi zen, atsedenaldira desabantaila txikiarekin joatea eraginez.

Bigarren zatia berdintsu joan zen, bisitariek beren defentsa zonala beren atetik urrun ezartzen jarraitzen zuen eta Lauburuk bertan eragiten saiatzen zen diagonalen bidez eta lerroen arteko jokaldien bidez. Intentsitate handiko minutuak izan ziren, bietako edozeinek markatu zezakeen, baina Colo Colo izan zen berriro kolpatu zuena, eta berriro bandako sake baten ostean, Juanek blokeo itsu bat aprobetxatuz Endika menperatu eta 1-3koa ezarri zuen markagailuan. Gol honek min handia eragin zien Mikel Diestroren mutilei eta honek, desordena konpontzeko asmoz, hutsartea eskatu behar izan zuen. Etenaldi honek izan zuen eragina eta moratuek berriro partidan murgildu ziren, kasta eta grina erakutsiz.

Partidaren fase honetan bi aldeentzat izan ziren aukerak eta hauetan, Endika oso trebe ibili zen taldeari eutsiz eta amaierara irabazteko aukerekin iristea lagunduz. Lauburuk bosten jokaldia jarri zuen martxan eta emozio handiko minutu batzuetan moratuek jokoa aragoiarren kantxa erdira iraultzea lortu zuten, honela 2-3koa egin zutelarik. Javi Saldisek markatu zuen Aitzolen jaurtiketa baten ostean egindako aldaratze bat errematatzean. Alabaina, berdinketaren aukera ikusten hasi zirenean, Colo Colok hutsartea eskatu zuen, honekin, moratuen jazarpena eten eta baloiaren jabetzaren inguruan indartuz. Azken bi minutuak horrela igaro ziren, aragoiarrak baloiaren jabetza abileziaz mantenduz Lauburuk atezain jokalaria pistara ateratzea ekidinez.

Laburbilduz, erasoaren esparruan aurrerapauso txiki bat ikusi zen, zeinak, gureak kategoriako hiru talde onenetako baten kontra aurrez aurre neurtzeko aukera eman zuen; atzoko garaipenaren ondoren multzoko liderrak dira orain Colo Colo taldea. Alabaina, estrategia jokaldien defentsan hainbeste erraztasun eskain izanak, moratuek gustura ez etxeratzea eragiten du. Etorkizun hurbilean kategoriako beste “handi” bat agertzen da: Aragoiko Pinseque taldea; datorren astean jasoko du Lauburuk, atzo arratsaldean Zierbenari Bizkaian irabazi zion taldea. Umiltasun osoz, Lauburuk Zaragozako taldea menderatuko duela pentsatzea ez da astakeria bat, izan ere, ligako lehenbiziko jardunaldian jokatutako partidan erakutsi zuen gai dela; partida hura oso berdinduta joan zen eta xehetasun minimo batzuek erabaki zuten emaitza. Hor dago beraz, Lauburuk aurrean duen erronka: dituen bertute ugari horiek martxan jarri, orain arte egindako lan bikaina berretsiko duen ospe handiko garaipena eskuratzeko ilusioarekin. Ibarrako parrokia osoari, futsaleko afizio osoari orokorrean: benetan liluragarria izango den partida bat ikustera Belabietara bertaratzea gonbidatzen zaituztegu. GOAZEN LAUBURU IBARRA!!!   

PARTIDAREN XEHETASUNAK

LAUBURU K.E. IBARRA: Joseba, Aitzol (1) Andoni Carlosena, Andoni Aguirrezabala eta Beñat. Javi Saldise (1), Xabier Arranz, Xabi, Nourdine, Agus, eta Endikak ere, jolastu zuten.

 

C.F.S COLO COLO CONFORT: Javier, David, Juan, Daniel eta Marcos. Juan Pablo, Adán, Diego, Raul, Carlos eta Abelek ere, jolastu zuten.

 

TXARTEL HORIAK:Andoni Carlosena eta Andoni Aguirrezabala (LAUBURU K.E. IBARRA).

 

GOLAK

0-1 MIN  1 Juan

0-2 MIN 10 Juan

1-2 MIN 16 Aitzol 

1-3 MIN 27 Juan

2-3 MIN 37 Javi Saldise

 

EPAILEAK

Iker, De La Hoz Escudero (Euskal Komitea, Bizkaiko Territoriala)

Ibon, García Llanos (Euskal Komitea, Arabako Territoriala)

 

KRONOMETRATZAILE

Txema, Montero Celaya (Euskal Komitea, Gipuzkoako Territoriala)

 

Oharra: Danon Txokoa jatetxeak eskainitako afariaren zozketan sariduna Anuxka Arruti Zabala izan zen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!