Lauburuk Graccurris F.S. jasoko du Belabietan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2016ko abe. 10a, 10:00
Aurreko asteburuan Elgoibarren lortutako berdinketaren ostean, Lauburu K.E. Ibarrak, larunbatean 16:30ean, jasoko du Graccurris F.S., errioxar taldea. Derbi hartan ikusitakoaren arabera, ibartarrak agian, zerbait gehiago ere merezi izan zuten, lehenbiziko zatian bereziki. Taldeak Santurtziren aurrean Belabietan egindako azken berdinketari ere buelta eman nahiko die; partida txarra egin zuten etxekoek egun hartan, kategoriako hondarrekoaren aurka.

Alfarokoek, 9 punturekin, sailkapeneko taularen beheko aldean kokatuta daude. Etxean indartu egiten dira eta bertan puntuak irabazten zaleak dira. Bisitari moduan etortzen direnean beren jokoa egiten gehiago kostatzen zaie; horregatik lortu dute puntu bakarra kanpoan. Taktikaz, esan daiteke ez duela erasoa asko lantzen eta bere jokoa piboteari baloiak sartzean oinarritzen duela, funtsean.

Mikel Diestro misterra lan bikaina egiten ari da, ibartarrak talde bezala eta indibidualki hazten eta jokalariak (haietako asko oso gazteak dira kategoria honetarako) egunetik egunera hobetu arazten.

Norgehiagoka honetan Andoni eta Ioritz ez dira egongo, bajan baitaude, eta azken momentura arte zalantza izango direnak, Aitzol, minagatik, eta Zumeta, zaintiratuagatik.

Aulkian Alfredo Hualde egongo da, Mikel Espainiako selekzioarekin egon den bestetan egin duen bezala.

Beti bezala, Lauburu K.E. taldearen jarraitzaileek animatu nahi ditugu, Belabietara hurbildu daitezen etxeko taldeak hiru puntuak lortzen laguntzera; oso garrantzitsuak dira puntu hauek sailkapen taulan lasaitasunez egoten jarraitu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!