Egunero jaten dituzun pozoiak (II)

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2015ko aza. 29a, 18:50

Substantzia oro toxikoa da: dosiak egiten du pozoia. Elikagai gehienek kontzentrazio handian oso toxikoak diren osagaiak dituzte. Ur gehiegi edatea hilgarria da eta sagarrak zianuroa askatzen du digeritzen denean. Patataren osagai bat (solanina) ezagutzen diren 20 substantzia hilgarrienen zerrendan dago. Ezin ote dugu ezer jan?

Artikulu honen lehen zatian substantzia naturalen eta sintetikoen arteko aldea azaltzen saiatu nintzen, eta horrek bere toxikotasunarekin loturarik ez duela adierazi nuen: elikagai gehienek osagai toxikoak dituzte (naturalek zein sintetikoek). Zergatik esan nuen, orduan, konposatu ez-toxikoak ere badaudela? Ohiko kontzentrazioan ez dutelako arazorik eragiten osasunean. Ez-toxikoen taldean sailkatu nituen gorputz kilogramoko 1 g behar bazen, gutxienez, osasun arazoren bat sorrarazteko. (Nire) hautazko muga horren arabera, ura ez da toxikoa; izan ere, uraren dosi hilgarria 90 g/kg da. 60 kg-ko irakurle batentzat botila bat ur edatea ez da toxikoa, baina, 6 L-ko bidoi bat edanda hil egin daiteke. Irizpide kontua, beraz.

Mundu toxiko batean bizi garela esan daiteke; izan ere, substantzia oro kaltegarria da bere kontzentrazioa nahiko altua bada. Berriro diot: dosiak egiten du pozoia. Berez, ez da nahikoa esatea elikagai batek osagai toxiko edo minbizi-sortzaile bat duela. Zenbat duen eta zer-nolako ondorioak eragin ditzakeen jakin behar da. Haragi prozesatua eta tabakoa talde berean sailkatu ditu OMEk, baina, horrek ez du esan nahi ondorio berdinak eragiten dituztenik. Nolabait, elikagai jakin bat ebaluatzeko bere osotasunean aztertu behar da: osagai onuragarrien eta kaltegarrien balantza. Jarraian bi adibide argigarri.

Aurrekoan udareek formaldehidoa dutela esan nuen. Formaldehidoa toxikoa da? Bai, eta asko gainera (minbizi-sortzailea ere bada). Udareak formaldehidoa du (60 mg/kg), hortaz, udareak toxikoak dira? Ez, jauna. Formaldehidoaren eguneko dosi segurua 0,2 mg/kg-koa da, hau da, 60 kg-ko irakurle batek 200 g udare jan ditzake egunero bere bizitza osoan zehar eta formaldehidoak ez dio osasun-kalterik eragingo. Aitzitik, egunero fruta jatea onuragarria da (fruta mota aldatzea komeni bada ere). Udarearen kasuan, osagai onuragarriak gehiago dira kaltegarriak baino.

Aurkako adibidea ardoarena da. Sarritan entzun dugu egunean basoerdi bat ona dela, eta kasu askotan ikerketen emaitzak erabiltzen dira hori baieztatzeko. Esate baterako, ardoak antioxidatzaileak (polifenolak) dituela argudiatzen da ustezko osasun-gomendioetan. Egia da, noski, ardoak antioxidatzaileak dituela, baina, ardoak duen alkohol edukia dela-eta, ikuspegi orokorrean edari alkoholdunen kontsumoa ez da gomendagarria (kontsumoa neurrizkoa izanik ere). Amerikako Minbizi Elkarteak (ACS) eta Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC) sarritan ohartarazi dute: ez dago gomendagarria edo onuragarria den alkohol-kontsumorik. Ardoaren kasuan, osagai kaltegarriak gehiago dira onuragarriak baino.

Egunero jaten ditugu substantzia kaltegarriak dituzten elikagai onuragarriak, eta substantzia onuragarriak dituzten elikagai kaltegarriak. Balantza osoa aztertzea da kontua. Udareak ez badituzu jaten formaldehidoa dutelako, edo ardoa edaten baduzu antioxidatzaileak dituelako, balantzaren alde bakarra ikusten ari zara. Libre izan nahi duzuna egiteko, baina, datu zientifikoetan oinarritutako erabakiak hartzen saiatu. Mesedez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!