Espainiako txapelketan, lau urrezko domina

Erabiltzailearen aurpegia Igarondo Urpekoak 2017ko mar. 28a, 10:22

Espainiako Autonomia Erkidegoen Arteko Hegats Igeriketa Txapelketa larunbatean eta igandean jokatu zen Iruñean. Igarondo Urpekoak taldeko igerilariek lau urrezko domina lortu zituzten bertan.

Igarondoko bost igerilari izan ziren hautatuak, eta Euskadiko selekzioarekin pasatako asteburua, ederra izan da.

Garaile nagusia Irati Lakunza izan zen, urrezko hiru domina lortuta: 100 eta 400 metro ur azpikoan, eta 200 ur azaleko frogan. Ikaragarrizko egoera fisikoan dagoela erakutsi zuen Lakunzak. Aurten Polonian jokatuko den Europako Txapelketan ezusteko eder bat eman dezake tolosarrak.

Aras Karakusek, bere egoera onenean egon ez arren, ez zuen akatsik egin bere froga izarrean, eta lehia handia zegoen 100 metro ur azpikoan urrezko domina lortu zuen tolosarrak.

Emakumezkoek brontzezko domina irabazi zuten 4x200 erreleboan, Irati Lakunzaz gain Maria Magro eta Olatz Eizmendi tolosarrak igeri egin zutelarik. Azken honek txapelketa bikaina jokatu zuen, lehen aldiz 100 ur azalean 50 segundotik jaitsiaz.

Maddi Goenaga juniorrarentzat lehen txapelketa autonomikoa izan da, eta bere urduritasunei aurre eginez, bere markak hobetzea lortu zuen.

Jon Espina hautatzailea ere zoriontzekoa da, egindako talde lan bikainagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!