Espainiako bi marka jarri ditu Irati Lakunzak

Erabiltzailearen aurpegia Igarondo Urpekoak 2017ko mar. 20a, 16:22

Igaro den asteburuan jokatu da Majorin Ordizia Urpekoak Saria, estatu mailako 200 hegats-igerilari elkartuz. Txapelketa ofizialez gain, igerilari onenak biltzen dituen nazio mailako proba da.

Momentu honetan bertan, Irati Lakunza tolosarra da hegats-igerilaririk onena. Izan ere, ur-gaineko 50 eta 200 metrotako probak irabazi zituen; gainera, Espainiako errekorra gainditu zuen azken froga honetan, 1.35,45eko denbora lortuta. Errelebo mistoetan ere, errekorra jarri zuen ur-gaineko 100 metrotan, 44,10eko denborarekin. Indartsu dator Lakunza, eta emaitza onak espero dira beragandik udaberri-uda honetarako.
Igarondo Urpekoak taldetik, beste 20 igerilari ere izan ziren lehian. Azpimarratzeko moduan, bere egunik onena izan ez zuen Aras Karakusen hirugarren postua 100 metro eskafandra modalitatean, eta bere bidea jarraituz datorren Markel Arrizibitaren 5. postua kadeteen kategorian. Entrenatzeko gogoz dator gaztea, hobetzeko tartea duelarik.

Gizonezkoen taldea, beti borrokatzen dabilen Unai Eraso senior kategorian eta Gari Artola kadeteetan osatzen dute.

Iratik zuzendutako emakumeen taldeak ere, egun oparoa izan zuen. Argi dago hobetuz doazela, eta ziur gaude poz handiak emango dizkigutela denboraldi honetan. Taldeko Olatz Eizmendi finalera iritsi zen ur-gaineko 50 metrotan, eta pausotxo bat besterik ez zaio gelditzen onenen artean egoteko. Maria Magro ere, maila onera iristen ari.

Kadeteek ere denbora ederrak lortu zituzten: 26,07koa Nora Sarasolak ur-gaineko 50 metrotan eta 2,15ekoa 200 metrotan, Yera Laka eta Garazi Goenagaren konpainian.

Etorkizuna ziurtatuta daukagula argi utzi digute gure infantilek (Alba Carrasco, Maite Gibelalde, Irati Urresti eta Ane Joubert) eta alebinek (Naroa Artola, Haizea Izagirre, Nerea Telleria eta Saio Artola) beraien ilusioa talde guztiari transmitituz.

Hurrengo erronka, autonomia erkidego arteko Espainiako Txapelketa izango da, Iruñean jokatuko dena. Txapelketa honetarako Euskadiko selekzioan sartzeko minimoak egin dituzten igerilariak Irati Lakunza, Maria Magro, Olatz Eizmendi, Maddi Goenaga eta Aras Karakus izan dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!