Erakutsiz ikasi

Nadia Murad eta Lamiya Ali Baxar ezagutzen?

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2016ko aza. 7a, 08:56

Urriaren 27an, Europako Legebiltzarrak Sakharov Sariak eman zizkieten Estatu Islamikoaren sexu-esklaboak izandako Nadia Murad (23) eta Lamiya Aji Baxar (18) gazteei. Gatibu egondako denbora luzean, indarkeria jasan behar izan zuten eta, gutxienez, bost aldiz saldu eta erosi zituzten. Lehen aldia al da bi neska horien berri duzuna? Ez al zaizu bertsioaren bat iritsi? Eta hori? Nolatan?

Izan ere, seguru baduzula Apple Pen bideoaren, Rubius youtuberraren azken bideoaren eta Operación Triunfo-ko El reencuentro saioaren berri. Hori guztia dakar txotxongilo gisan garabiltzan gizarteak. Berak maneiatzen du guk jakitea nahi duen eta nahi ez duen informazioa.

Horrelakoak izatera mugatu gaituzte: kontsumistak eta indibidualistak, eta horrek gure nortasuna eta garapena erabat baldintzatzen du. Horrelakoak dira ere goraipatzen ditugun pertsonak eta bizitza estiloak. Asko miretsi izan ohi ditugu kirolarien artean hoberenak, baita Youtuben sarritan bideoak igotzen dituztenak ere. Asko zentratu izan gara horietan, jakin arte zein momentutan bilakatu diren garrantzitsu, bideoak igotzeagatik, baloi baten atzetik korrika joateagatik… Horrelakoak dira bai, idolo dirudunak eta guztiz estereotipatuak, eta guk miretsi egiten ditugu. Denek pozik bizi diren itxura dute eta haien hainbat ezaugarrik jarraitzera erakartzen gaituzte; gainera, eredu horietatik aldenduz gero, baztertuak izango garen beldur gara.

Ez gara konturatzen bizitza honetan beste gauza garrantzitsuagoengatik ezagunak diren beste hainbat pertsona ere badaudela; gauza larriak gainditu dituztelako, esaterako, eta ez milioika euro dituztelako sakelan edo bizitza perfektua daramatelako. Zergatik ez ditugu horiek idolotzat hartzen? Eta hori gutxi balitz, zergatik ez ditugu ezta ezagutu ere egiten? Ez al zaizue lotsagarria iruditzen?

Hasieran aipatutako bi neska horien inguruan informazioa bilatzen ibili ostean, Twitterren 26 mila jarraitzaile dituztela konturatu ginen; ondoren, Cristiano Ronaldok, 47,8 (milioi); argi dago, 26 mila ez dela «gutxi», baina badakigu ere gu ez garela horietako bat, eta, aldiz, seguru nago gutako asko Ronaldoren jarraitzaile izan bagarela, edo noizbehinka bere profilean kuxkuxean ibili garela. Gaur egun jarraitzaile kopuruak nor garen zehazten gaituela uste dugu, eta eurek 26.000 jarraitzaile edukita, ezagunak edo, era batean, garrantzitsuak direla igar dezakegu. Beraz, zergatik ez guretzat?

Nahiz eta gizartearen zati handi bat manipulazio horretaz kontziente izan eta aldatzen saiatu, sistemak behin eta berriz segada ugari jartzen dizkigu, gure pentsamenduak lausotzeko eta berriro ere kontsumoaren eta indibidualismoaren bideari heltzeko. Gazteak arestian aipatutakoen atzetik ibiltzen gara, benetan jarraitu beharko genituzkeenak nortzuk diren jakin gabe eta benetan jarraitzeko arrazoiak dituztenak ahaztuz. Hori aldatzeko garaia da; ireki ditzagun begiak, bizitzan gertatzen diren gauzei garrantzia emateko momentua baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!