Beharrezkoa da Tolosan inpropio kopurua jaisteko lanketa egitea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Tolosa 2017ko mar. 30a, 19:38

Tolosaldeko Mankomunitateak 2016. urtean hondakin bilketak emaniko datuak aurkeztu berri ditu. Honen aurrean, Tolosako EH Bilduk Tolosari dagozkion datuen gaineko irakurketa egitea garrantzitsua dela uste du.

Aurreko legealdian hondakin guztiak frakzio eta modu berezituan biltzeko emandako pausoek, birziklatze tasak iraultzea ekarri zuten. Sarri aipatzen genuen moduan, helburua birziklatze tasa altuak eta gaika sailkatzen denaren kalitate ona lortzea da; bilketa sistemek bi helburu horiek lortzen lagundu behar dute. Esan moduan, erabat teknikoa den gaia erabat politizatua izan zen pasa den legealdian eta ondorioz, gatazka eta nahasmena izan ziren guztiaren ondorio. Bitartean, eta urtez urte birziklatze tasak gora joan arren, urte luzez hipotekatuko gaituen errauskailua egiten hastekoa da Gipuzkoako Foru Aldundia. Zer erreko du errauskailuak, urtez urte birziklatze tasek gora egiten duten neurrian?

Hala ere, tentuz eta larritasun puntu batez ikusi ditugu Tolosaldeko Mankomunitateak Tolosaren inguruan eskaini dituen datuak. Birziklatze tasak oso onak izan arren, frakzio organikoan agertzen ari diren inpropio kopurua, hau da, organikoa ez den hondakin kopurua, gorantz doa. Kezkagarria da egoera oso, gutxi batzuek gaizki egitearen ondorioz, organikoaren edukiontzi osoa etorkizuneko konpost izatetik errefus izatera pasatzea eragiten baitu. Gainera, kudeaketa kostuak biderkatzea eragiten du egoera horrek. Aipatu, hondakinen kudeaketaz arduratzen den GHKk jada ohartarazi duela Tolosa biltzen den organikoarengatik, inpropio kopurua GHKk jartzen duen %5eko mugatik gora agertzen dela adieraziz. Ez genuke nahi errauskailuari jaten emateko arrazoia Tolosako organikoa izatea.

Hori dela eta, Tolosaldeko Mankomunitateari eta Tolosako Udalari inpropio kopurua jaisteko lanketa berezia egitea eskatzen diegu. Helburu horri erantzuna emateko asmoarekin, ondorengo ideiak proposatzen ditugu:

- Gaika sailkatzeko tailerrak antolatzea, nagusiki, zailtasun bereziak dituzten kolektibo eta sortzaile handiei zuzenduta.

- Hondakin inpropioek sortzen dituzten kalteen inguruko komunikazio

kanpaina burutzea.

  • -  Udal gobernuak utzietsia duen auzo eta auto konposta sustatzeko kanpaina eta ildoa berreskuratzea.

  • -  Frakzio organikoko inpropio kopurua %5era jaisten ez bada 2017ko lehen sei hilekoan, herriko eragile desberdinen artean irtenbideak bilatzeko Hondakinen Mahaia osatu eta gaia bertan jorratzea.

    Tolosako EH Bilduk erantzukizunez eta arduraz jorratu nahi du gaia, etorkizun orekatuagoa eta jasangarriagoa helburu, birziklatzea guztion eginbeharra baita. Argi dugu, birziklatzen dugunaren arabera, gure esku dagoela errauskailu kutsakorra ez egitea. Horregatik, ahalik eta gehien, eta ahalik eta ondoen birziklatzeko lanean jarraitzeko dei egiten diegu, udal, mankomunitate, alderdi politiko zein herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!