EH Bilduk mozioa aurkeztu du udalean "Guernica" margolana Gernikara eramateko eskaera eginez

Erabiltzailearen aurpegia EH BILDU Amasa Villabona 2017ko ots. 13a, 15:11
Gernikako bonbardaketatik 80 urte beteko diren honetan, EH Bilduk Euskal Herri osora zabalduko den ekimen instituzionala abiatu du Pablo Piccasoren margolan ezaguna Gernikara ekarri behar dela aldarrikatzeko. Ekimen honetan, EH Bildu koalizioak mozioak aurkeztuko ditu Euskal Herriko udaletan, eta Batzar Nagusietara, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetara eta Madrilgo Kongresura ere eramango du aldarrikapen historiko hau.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkide bizkaitarrak adierazi duenez, “margolan honek ez du zentzurik Gernika eta bere historiari lotua ez baldin badago, hura izan baitzen Picasso gertatuaren izugarrikeria salatzera eraman zuena. 'Guernica'-k Gernikan egon behar luke”.

Gaineratu duenez, 'Guernica' margolanak esanahi berezia du euskal herritarrentzat. “Zama sinboliko handikoa, euskaldunontzat esanahi berezia duen margolana da”.

“Sufrimendu guzti-guztien aitortza egingo duen memoria historiko bat eraikitzea ezinbestekoa den honetan”, jarraitu du Agirrek, “margolan honek, bonbardaketa jasan zuen Gernika herrian kokatua, bere indarra eta salaketaren sakontasuna biderkatu egiten duela aldarrikatu nahi dugu”.

Zentzu horretan, Madrilgo gobernu ezberdinek izandako jarrera salatu du, egon diren eskaera ezberdinak ukatu dituztelako arrazoi teknikoak “aitzakia” erabilita. Garraio eta mantenurako beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzeko arazorik euskal instituzioek ez dutela gogoratu du Agirrek. “Espainiako gobernuak dituen interes ekonomiko zein politikoak daude 'Guernica' Euskal Herrira ez ekartzeko arrazoi nagusien artean”.


Amasa Villabonako EH Bilduk ekimen honekin bat egin, eta "Guernica Gernikara" mozioa ofizialki aurkeztu du udalean. Honako hau aspaldiko aldarrikapen historikoa da eta bonbardaketaren 80. urteurrena beteko den urte honetan, Picasso-ren artelan ezagunak bere lekua Gernikan izan behar duela eskatuko dugu berriz ere.

Mozioa datorren astelehenean, otsailak 20, 19:00ean Villabonako udaleko areto nagusian izango den Osoko Bilkuran aurkeztuko du EH Bilduko udal taldeak eta ondoren eztabaida eta bozketa izango dira. EH Bildutik aldarrikapen honek udalbatza osoaren babesa izatea espero dugu eta modu horretara, Euskal Herriko beste hainbat instituzio publiko ugarirekin batera, gure udalak ere Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapena egitea Madrilgo Gobernuari.


 Honako hau da MOZIOAREN TESTU OSOA:

“GUERNICA” GERNIKARA

MOZIOA

1937ko maiatzetik ekainera bitartean, Pablo Picasso margolari eta artistak “Guernica” margolana sortu zuen. Lan honek, egun batzuk lehenago, Euskal Herritarren gune kuttun eta esanguratsuenetakoa zen Gernikak Condor Legio naziak Francoren agindupean jasandako bonbardaketa eta sarraskia salatzen du. Beraz, aurten 80 urte betetzen dira, bai bonbardaketatik, baita honen aurkako karraxi artistikoa sortu zenetik ere. Urteurren hau, Gernika zein Euskal Herritarren beste eskaera eta garrasi bat zabaltzeko ere une egokia ikusten dugu: “Guernica” margolana Gernikan kokatu dadila behin betikoz.

Margolana 1937an sortu zen eta Parisko Erakusketa Unibertsalean kokatu zuten. Harrez geroztik mundu guztian ezaguna bilakatu da, giza eskubideen zanpalkuntza, gerraren eta herritarren aurkako jazarpena ozenki salatzen duelako.

Aipatutako artelanak ez du zentzurik Gernika eta bere historiari lotua ez baldin ba dago, hura izan baitzen margolari ezaguna gertatuaren izugarrikeria salatzera eraman zuena. Horren jakitun, Gernika eta Euskal Herriak behin baino gehiagotan aldarrikatu izan du, aipatutako margolana  Madrilgo Reina Sofia Museoan egon ordez, Gernikan bertan egotea dela egokia.

Behin baina gehiagotan eskari hau luzatu arren, Madrilgo Gobernu ezberdinek, bereziki garraio eta mantentze arrazoi teknikoak aipatuz, “Guernica” bere etxera ekartzera ukatu egin izan dira. Gaur egun, garraio eta mantenurako beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzeko arazorik ez dute Euskal instituzioek eta ez da sinesgarria egiten argudiategi hori mahai gaineratzea. Beste behin ere, Madrileko Gobernuak dituen interes ekonomiko zein politikoak daude “Guernica” Euskal Herrira ez ekartzeko arrazoi nagusien nagusien artean.

Sufrimendu guztien aitortza egingo duen memoria historiko bat eraikitzea ezinbestekoa den honetan, beste behin ere, margolan honek, bonbardaketa jasan behar izan zuen Gernika herrian kokatuta, bere indarra eta salaketaren sakontasuna biderkatu egiten duela aldarrikatu nahi dugu. Eta ezinbestean “Guernica”-k Gernikan egon behar duela. Ondorioz, honako mozio hau aurkezten dugu Amasa Villabonako Osoko Udal Batzarrean, bertan eztabaidatu eta onartu dadin:

1.- Udal honek, Gernikako herriaren aurka 1937an egindako sarraskian oinarritutako Picasso-ren “Guernica” margolanaren kokapenik egokiena, Gernika dela adierazten du. Gertaera historikoa, artelana eta herria bera uztartzea funtsezkoa dela adierazten du Udal honek. Ondorioz, “Guernica” Gernikara ekartzeko eskaera formala luzatzen dio Espainiko Gobernuari eta Kultura Ministeritzari.

2.- Udal honek, Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio, Picassoren Guernica margolana Gernikan kokatu ahal izateko beharrezkoak diren urrats instituzionalak eman ditzan. Baita ere, margolan hori Gernikan kokatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta egokitzapen lanetan laguntzeko ere.

3,- Udal honek bere egiten du Picassok margolanarekin mundu guztira zabaldu nahi izan zuen salaketa, alegia, herrien zein giza eskubideen aurkako zapalketa, gerra eta genozidioaren salaketarik ozenenarekin.

4.- Udal honek, erabaki honen berri emango die, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernua eta Kultura Ministeritzari.

 

  

Euskal Herrian, 2017ko otsailean

EUSKAL HERRIA BILDU

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!