EH Bilduk herri giroa berpizteko beharra ikusten du

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 7a, 12:45

Koalizio abertzaleak salatu du aurtengo aurrekontu proiekturako egindako proposamen «bakar bat ere» ez duela onartu EAJk.

Urte gutxian asko hazi da Irura. 2001. urtetik ia hirukoiztu egin du biztanle kopurua. Gauza batzuetan «hobera» egin du herriak, baina herri kutsuak «nabarmen behera» egin duela uste du Irurako EH Bilduko koordinazio taldeko kide Gorka Muruak. Horrekin kezkatuta daude taldean. «Ume eta gazte asko dago, osagaiak badaude, baina etorkizunean herri giroa egon dadin orain hasi beharra dago lanean». Diagnosi bat egin, etorkizuneko Iruraren oinarriak jarri eta bide hori herritarrekin batera egitea proposatzen du koalizio abertzaleak.

EH Bilduko zinegotzia eta alkate ohia da Ainhoa Ugalde eta egungo udal gobernua ez du sintonia berean ikusten: «Kudeaketa hotza egiten du EAJk, inongo loturarik ez du herritarrekin eta inertziaz jokatzen du. Inongo proiektu berririk ez du mahai gainean jarri». Are gehiago, Ugaldek kritikatu du behin hartu eta gero jakinarazten dituela gobernuak erabakiak, «eta askotan gure presioagatik izaten da». Erabaki horietako askok aurrekontuan hitz emandako proiektuak baldintzatzen dituenean, «herri batzar bat deitu eta herritarren aurrean esplikazioak ematea gutxienekoa da. Baina hori ere ez dute egin nahi izan».

Herritarrek emandako iritziari «errespetua» zor zaiola uste dute Muruak eta Ugaldek eta adibidetzat jarri dute Zarretxearen proiektua. Herri giroa berreskuratzeko asmo horretan San Migel plazako ingurunea biziberritzea du lehentasun gisa Irurako EH Bilduk eta horregatik giltzarritzat ikusten du Zarretxea zabalik edukitzea. «Aurreko legealdian Zarretxea berritu eta zabaltzea erabaki zuten herritarrek. Proiektua egin eta diru kopuru bat ere gorde genuen aurrekontuan. Udal gobernu berriak, ordea, ez du argi ikusten beharrezkoa denik». Aurtengo aurrekontuan, Zarretxe proiektua martxan jartzea eskatu du berriz ere EH Bilduk, baina EAJren udal gobernuak ez du kontuan hartu, Muruaren esanetan, «herritarrek erabakitakoari muzin eginez».

PLAZAKO BESTE PROIEKTUAK

2016ko aurrekontuetan Etxezarreta auzoko parkea estaltzeko 90.000 euro erabiliko zituela aurreikusi zuen Irurako Udalak. Ugaldek adierazi duenez, «Kale Nagusiko 14. zenbakiko lurzorua (Portal Enea) erostea erabaki da berriki eta horrek, besteak beste aurrekontuan aurreikusitako parkearen estaltzea egitea galarazi du. Horren inguruko azalpenik ere ez du eman EAJk, are gehiago bere garaian herrian gaiak eragin zuen polemika ikusita». Herriko guraso talde batek 300 sinadura bildu zituen Kaskailu plazakoa beharrean, San Migel plazako parkea estaltzea eskatzeko.

Haurtzaindegia ondoan zuela eta herriko umeentzat «erreferentziala» eta «erabiliena» zen gunea zela argudiatu zuten gurasoek eskaera egiteko eta udalak, orduan, aurrerago plazako parkea estaltzeko aukera ere aztertuko zuela erantzun zuen.

Hain zuzen, plaza inguruan ikastolak orain arte erabili dituen hainbat eraikin hutsik geratuko dira hemendik gutxira. Ugaldek kritikatu du oposizioarekin kontatu gabe hartu duela udalak zerbitzuak birkokatzeko erabakia: «Haurtzaindegia nora aldatuko zuten diru laguntza eskaera baten bitartez jakin genuen eta gela biribileko eraikinean ludoteka jarriko zutenaren berria prentsan irakurri genuen». Irurako EH Bilduk ez du gaizki ikusten zerbitzuen birkokatzea, baina uste du «azterketa sakon bat egin eta soluzio globala» eman behar zaiola egoerari. Muruak esan du, «planifikazio falta eta inprobisazioa» nabari direla udal gobernuaren kudeaketan.

KONTRAKO BOZKA

Otsailaren 22an onartu zuen Irurako Udalak 2017ko aurrekontua, EAJren aldeko bost botoekin eta EH Bilduren aurkako lauekin. «Udal gobernuak ez du bere proiektutik koma bat ere mugitu» esan du koalizio abertzaleak eta salatu duenez, «negoziatzeko borondatearekin gure proposamena aurkeztu eta berandu genbiltzala esan zitzaigun, Ogasun batzordea zela horretarako momentua». Parte hartzea eta gardentasuna «saldu» arren, Iruran «horren zantzurik» ez dagoela uste du koalizioak.

Kritikatu du gainera, euskararen alorrean eman den murrizketa. Ohar batean koalizioak esan duenez, euskara sustatzeko ekimenak 2016ko 5.875 eurotik, 3.050 eurora jaitsi dira eta euskara arloko diru laguntzak 19.900 eurotik 17.500 eurora jaitsi. «Zer dela eta egin dituzte murrizketa hauek? Zein irizpide erabili dute eta nola konpentsatuko da murrizketa hori? Zergatik euskara arloan?». Galdera horiek erantzunik gabe geratu direla salatu du Irurako EH Bilduk.

Zerga eta tasen alorrean ere, etxe hutsen errekargua kentzea eta aldiz, hondakinen zerga %12,5 igotzea ez du begi onez ikusten koalizio abertzaleak, eta hortaz, «erabaki horiek berrikustea» eskatu dio EAJri, «hondakinen tasaren igoeraren arrazoietako bat erraustegiaren ordainketa dela kontuan izanda».

Oro har, aurrekontu proiektua oposizioarekin negoziatzea eta herritarren parte hartzerako bideak irekitzea da Irurako EH Bilduren eskaera. «2011-2015 legealdian auzoz auzo batzarrak antolatzeaz gainera, aurrekontuko 30.000 euroko partida jarri genuen herritarren eskura, zein proiektu finantzatu nahi zuten erabakitzeko». Aurreko legealdian egindako bidea «desegin» nahi dela uste du Muruak.

HERRIGINTZARAKO GOGOA

Herritarren iritzia jakitea ezinbesteko baldintza da Murua eta Ugalderentzat etorkizuneko Irura marrazteko. «Harreman lana da beste ezer baino gehiago, kezkak entzun eta elkarren ezagutza handitu behar genuke», esan du EH Bilduko koordinazio taldeko kideak. Eta datu bat ere eman du: «Iruran etorkinen tasa %10era gerturatzen ari da eta Irura eraberritzerako orduan talde hori aktibo garrantzitsua dela iruditzen zaigu, beraien ekarpena ezinbestekoa da. Haiengana hurbildu eta zer pentsatzen duten galdetu beharko diegu».

Herritarrekin biltzeko lana udalak egiten ez badu, EH Bilduren taldeak egingo duela berretsi dute bi kideek. «udal gobernukoei esan genien batzarrak antolatzen guk hasi beharko dugula eta antolatzen diren bileretan parte hatuko dugula, gero behar eta kezka horiek udaletxera eramateko». Izan ere, «harago» doan lana da beraiena Muruaren ustetan: «Udaletxea guretzako tresna bat da eta ez helburua; udaletxea bide bat irekitzeko dago, akuilu lana egiteko baina herrian beste hainbat kanal zabalik izango ditu EH Bilduk herritarren iritziak jasotzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!