DJ Bull: «Hainbeste hazi aurretik herri kutsu eta xarma handiagoa zuen Irurak»

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 6a, 08:02

Zalantza gutxi Irurako pertsonaia ezagun bat aukeratzen hasita. Ia Euskal Herri osoan, eta kanpoan ere bai, ezaguna da DJ Bull. Jon Gotzon Gurrutxaga Ugalde (Reus, 1974) du izena, eta festarik festa ibiltzen da musika jartzen.

Jende askok ezagutzen zaitu Euskal Herri osoan, baina horietako zenbatek daki irurarra zarela?

Nik leku guztietan esaten dut Irurakoa naizela. Esplikazio asko ez dut eman behar izaten, Tolosa ondoan dagoela esaten diet eta horrekin kokatzen dute herria.

Herrialde Katalanetan jaioa zara, ordea. 

Bai, hala da. Udarak, hala ere, hemen pasatzen nituen, eta 11 urterekin etorri ginen Irurara bizitzera. Nik gogoan daukat orduan, hainbeste hazi aurretik, herri kutsu eta xarma handiagoa zuela. Orain modernizatu egin da, eta etxebizitza asko egin dira; eremu berde gutxiago dago. Nik txikitatik gordetzen dudan oroitzapenetako bat da nola jokatzen genuen herriko plazan futbolean.

Bertatik pasatu bai, baina zenbat jende geratzen da bertan?

Gutxi, esango nuke. N-1 errepidea bertan daukagu, eta ondo komunikatuta dagoen herria da Irura. Horrek eragin du jende asko etorri izana bertara bizitzera. Handitzeak gauza onak eta txarrak dakartza. Tamalez, horrelako kasuetan zailagoa da herri giroa mantentzea.

Irurako zein txoko erakutsiko zenioke bertan sekula egon ez denari?

Zerbait berezia, Gipuzkoan gutxi dagoena, Trinketea da. Frontoiarekin dauzkan ezberdintasunak ikus ditzan, jendea bertara eramango nuke.

Zein da garai egokiena Irura bisitatzeko?

Sanmigelak, adibidez. Festa giroa eta alaitasuna egoten da betiere garai horretan. Oso data aproposak izaten dira, eta jende gehien egoten den momentua izaten da. Hala ere, kanpoko jende asko bizitzera etorri denez, sanmigelen kutsu hori galdu egin dela esango nuke, tamalez.

Iruran biziko ez bazina, non biziko zinateke?

Errepidea bukatzen den herriren batean; adibidez, Orexan edo Arantzan. Bertara joan nahi duenak propio joan beharra dauka, eta horrek izaera berezia ematen die gisa horretako herriei. Xarma berezia mantentzen dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!