Martxoan abiatu zituzten Irurako ikastolan haur hezkuntzako eraikin berria egiteko lanak, «eta gauzak ondo bidean», urte hasierarako amaitzea espero dute. Larraitz Agirrezabala ikastolako zuzendariaren esanetan, «plazan okupatzen genituen eraikinak husteko eskatu zigun udalak eta ordainetan, hitzarmena sinatu zuen gurekin. Lanen %75 finantzatuko du». Gainerako %25a ikastolako komunitatearen gain geratuko da.
Garagardo azoka antolatu izan dute, festetan taberna jarri, rallysprinta prestatu, materiala saldu eta orain, kontzertu baterako deia luzatu dute. «Ikastolako guraso batek harremana zuen Motxila 21 taldeko kide batekin eta bide horretatik gonbidatu ditugu gurera». Herriko azpiegiturak txiki geratuko direlakoan Tolosako Leidor aukeratu dute hitzordurako, «horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu bertako udalari». Irurako ikastolako arduradunen esanetan, «sekulako giroa jartzen dute Motxila 21ekoek. Hauen ilusioa biziko du gaurko emanaldira gerturatzen denak. Gomendagarria guztiz».
Eraikin erosoagoa
Gaur egun 237 ikasle dabiltza Irurako ikastolan eta horietatik 88 haur hezkuntzan. Ikasle horiek bilduko dira eraikin berrian. Agirrezabalak azpimarratu duenez, «solairu batekoa izango da eta leihoek bi eraikinen artean geratuko den patiora emango dute». Haur hezkuntzan ematen ari diren berrikuntzetara ere egokitu nahi izan dute ikastola: «Ate lerragarriak izango ditu eta gelak elkarrekin komunikatuta egongo dira, umeen arteko harremana bultzatuz».
Urte berriarekin batera, Irurako 150 familia biltzen dituen euskarazko hezkuntza proiektuak bilgune bakarra izango du. Gaur gaueko kontzertuak egitasmoa laguntzeko balioko du.