Urretabizkaiak irabaziz ekin dio profesional ibilbideari

Jexux Murua 2017ko ots. 27a, 21:46

Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak irabaziz ekin dio bere pilotari profesional ibilbideari. Victor Esteban errioxar aurrelariak eta berak 22 eta 18 hartu dituzte mendean Tainta eta Beroiz. Berak, bere sendikoek, eta Beotibar frontoira Urreta aupatzera bildu diren zientoka lagunek gogoan izango duten eguna izango da 2017ko otsailaren 27 hau, Inauterietako astelenita.

Arratsaldeko zazpiak eta bost ziren frontoira atera denean pilota jaialdiko azken partida jokatzera. Sartu orduko piztu da frontoia eta oihu bizian hartu dute Beñat Urreta: eakutsiyek nun daun Ikaztegieta eta Denak uste aurrelari hintzela... ta orain atzelari itzela! pankarten atzean eta Aupa Urretabizkaia! Torinotik zioenaren aurrean zeudenek. Eta beste askok.

Debuta, frontoia betea, sendiko eta lagun mordoa bertan ... nahikoa osagai baziren bertan edozein urduri jartzeko. Baina ez, ez zirudien debut egunak izaten omen duen urduritasunak hartua zegoenik mutila; afizionatu mailan zaildua dago eta tenple onean ikusi dugu beroketak egiten eta baita zartako ederrak jotzen ere: Orain bai, ikusiko diagu gero! esango zuen norbaitek.

Bada gero ere tenple berean ikusi dugu eta jo ditu halako pilotakada bat baino gehiago, Beroiz bi zangoak zazpi eta erdian dituela boleaz jotzera behartu duena esaterako, aurreko hormara heldu ez den bolea eta beren aldeko zortzigarren tantoa izan dena. Egia esan haizea aldeko jokatu du ia partida osoa; Victorrek ekarri dio aldeko haize hori partida gehienean, eta nahikoa eroso aritzeko modua izan du ikaztegietarrak.

Aurretik izan dira markagailuan partida osoan. Taintak ezin zion eutsi Victorren erritmoari, Beroizek ere lanak zituen honi pilota kentzeko eta Beñat oso lan txukuna egiten aritu da. Bi tanto egin ditu, bata aipatu duguna lehenago eta hamabigarren tantoa, frontis erdian jo eta ziztu bizian zazpigarren koadro parean Beroizi inolaz jiratzeko moduan baztertu zaiona.

Urretabizkaiak berak esana da sakeak jiratzen, atzeko koadroetatik ezkerrez aritzeko jokoan eta botera jartzen daukala asko ikasteko. Bi tanto egin ditu, baina utzi ditu errestatu gabe bi sake eta beste sei pilota, hiru zailtasun gehiegirik gabeak. Hor antzeman zaizkio berak kontuan dituen ahulguneak, baina bistaratu ditu indarguneak ere. Beroizekin parez pare aritzea bera kontuan hartzekoa da.

Hay material entzun diot esaten Asegarceko prestatzaileetako bati, Pablo Berasaluzeri, partida erdi aldera. Asko hitz egin da aurrelaria izanik, Asegarcek, atzelari gisara debutatzeko aukera eman izanaz. Zer edo zer ikusiko zien, izan da erabakiaren logika azaldu nahian gehien entzun den esaldia. Bada horratx zer ikusi dioten! Berasaluzeren eman nahiko zion zentzuarekin hartu ditugu bere hitzak: gaia dauka, gaitasunak ditu, landu ditzakeenak.

Partida gozoa izan du gaurkoa, 21 eta 9 joan dira irabazten, baina tokatuko zaizkio mikatz askoak. Hala ere, badu denbora eta beta erakusteko inguru guztiari eta urrutiagokoei non dagoen Ikaztegieta. Halaxe opa diogu.

Peña II.a garaile lehen partidan

Jon Ander Peñak jokatu du jaialdiko lehen partida. Promozio txapelketako partida jokatu du Zabala lagun zuela Laso eta Iturriagaren aurka. Azken hauen ziren faborito, ez dira alferrik ligaxkako buruak, baina 17 eta 22 galdu dute Peña eta Zabalaren aurka. Partida hau irabazita bihar, Beotibarren, Bakaikoa-Galartza eta Gorka-Erostarberen artean gertatzen denaren zain egon beharko dute: bihar Bakaikoa-Galartzak irabazten badute, Peña II-Salaverri sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko, bestela, Elordi-Erostarbe sailkatuko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!